Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Antzinako gazteriaren bilgune

MENDIA. IBILBIDEA. Antzinako gazteriaren bilgune.
  • Herrialdea: Zuberoa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Lau bidexkak, Larraskako plaza, Azkonamendi,
  • Distantzia: 8 km.
  • Iraupena: 3 ordu.
  • Ingurunea: Alor, soro, zuhaizti eta bazkaleku artean, leheneko denboretako jendearen ohiturez jakile den gune batera bideratuko ditugu urratsak, Pettarreko herri batzuen lurretara.
  • Estekak: Ibilbidea
2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Ezpeize-Ündüreine udalerriko Ündüreine herrixkan den leku batetik hasiko gara ibiltzen. Mapan, behintzat, erdarazko Les Quatres Chemins (Lau Bidexkak, alegia) izena baino ez darama (135 m). Hona heltzeko, Ündüreine herrian bertan eskatzea hobe izango da, eta erdaraz gainerat, Pettarreko herri gehienen hizkuntza arloko egoera horrelakoa baita, tamalez.

Lau Bidexkak topaturik, eta ibilgailua hortxe gelditu ondoren, argi ikusten da, lau norabidetarako gurutzegunea dela. Norabide horietatik batera jota, ipar-mendebaldean ageri den etxalde bati buruz hasiko gara ibiltzen. Ehun bat metro baino gutxiago egin ondoren, haatik, bidea utziko dugu, ezker alderat bidexka harriztatu bat hartzeko. Hori lurbide bilakatuko da, eta apur bat gora egin beharko dugu; urruneko hegoaldean ageri diren goi mendietara emanen digu bistak.

Lurbide horretan jarraikiz, sarda batera helduko gara, eta eskuin alderat joko dugu, artalorren artean. Laster gara jabetza pribatua seinalatzen duen pankartan. Ezker alderat joko dugu hor. Jabetza pribatutzat seinalatua den zelai hori da, hain zuzen, Larraskako plaza deritzotena (185 m). Karteletik 50 metrora, bide txiki batekin egingo dugu topo, eta hortxe, bihurgune batean, abiadura orduko 30 kilometrora mugatzen duen seinalea ikusiko dugu. Bidearen estutasuna ikusita, nekez abiadura handiagorik har daiteke hor...

Bide txiki horretan zuzen jarraiturik eta apur bat behera eginda, hirurehun bat metro egingo dugu, ezker alderat bidezidor bat hartu arte. Bidexkaren abiapuntuan, urki bati iltzatua den pankarta herdoildu bat bada. Berehalaxe topatuko dugun sardan, ezkerralderat eta gorantz joko dugu, soro eta alorren artean. Horrela, bazkaleku batean sartuko gara, eta, goiko partera ia helduak izango garela, eskuinaldean ikusiko dugun lurbide bati ekingo diogu. Langa bat pasatu eta ezkerraldetik zuhaizti ertzari jarraituz, gora egingo dugu. Halako batean,konturatuko gara alboan izango ditugun zuhaitz horiek ez direla eskualde honetakoak, eukaliptoak baitira. Soro horren gainerat heldurik, behera joko dugu, alanbre edo burdin hesiari hurbil-hurbiletik jarraituz. Horrela eginda, burdin hesi horretan den pasalekuari ezin diogu huts egin.

Hondakin lekuari bira

Pasaleku horretatik sartu garen soroan zuzen ibilita, lurbide batera helduko gara. Ez dugu jarraituko, eta sasi hesiari hurbilean ibilita bazkaleku baten gora igoko gara. Goiko aldera iritsirik, pasaleku bat igarota, lurbide batekin egingo dugu topo (206 m). Hor, eskuin alderat bideratuko ditugu urratsak. Gomendagarria da lurbide horretatik apur bat saihestea eta ezker aldean dagoen bazkalekuaren gailurrera igotzea. Garaiera txikikoa izanagatik, Azkonamendi izeneko bizkar horretatik ikusmena ederra dugu: Bigorrako mendi urrunetatik Lapurdiko eta Nafarroko gailurretara, eta Biarnokoak eta Zuberoakoak ere tartean ezagutuko ditugu. Gain horretatik ere, ikusten da non egongo den Sarrikotapeko lurretan eraikitzekoa den hondakinak tratatzeko eta lurperatzeko planta. Hego-ekialdeko behean den zolan egitea pentsatua da hondakin gunea; egun, sasiz eta zuhaitzez tapatuta dago. Proiektu horrek hautsak harrotu ditu Sarrikotapean; aurka egite giro horren adierazgarri da errepide saihetsean ageri den literatura oparoa.

Oraingo ibilbide honekin hondakin gune izango denari bira egiten ari gara. Gauden bizkarretik lehen hartu dugun lurbidera jaitsirik, honetan aurrera joango gara, haritz eder eta zahar errenkada baten babesean. Apur bat behera egin eta gero, bide sarda batera helduko gara, eta hementxe eskuin alderat joko dugu (161 m). Bidexka zati hori oso polita da, legar edo harritxintxarrez tapatuta baita. Berehalaxe topatuko dugu beste bide txiki bat, eta hementxe ezkerrerantz jarraituko dugu. Autoentzako egokitutako bide batekin egingo dugu topo, eta hemen ere ezker alderat joko dugu (141m). Bide txiki hori da, zehazki, Sarrikotapea herritik Larraskako plazara daramana. Kilometro eta erdi inguru egingo dugu bide txikian, eskuin aldean abeltzaintzarako eraikin oso itsusi batera helduko garen arte.

Bastimendu horren alboan, eskuinera abiatzen den bide harriztatua hartuko dugu. Berrehun bat metroren buruan, bide sarda batean, eskuin alderat jarraituko dugu (124 m), betiere soro eta alor artean ibilita. Aski fite beste bidexka batera helduko gara, eta hortxe ikusiko dugu Ezpeize-Ündüreineko ehiza eremu seinalea. Ezkerrerantz hartu eta 200 metro eskas eginik, beste bide txiki batera iritsiko gara. Hemen, eskuin alderat hartuko dugu. Hau dugu azken norabide aldaketa. Sarrikotapetik datorren bideak Lau Bidexketara eramanen gaitu.



Apaizen begiradari ihes

Alboan pasatu garen Larraskako plazak historia berezia dauka. Leku galdu horretan biltzeko ohitura zuten antzinako denboretako gazte askok -XX. mendearen hasiera arte, segurrik-. Inguru horietan diren Ainharbe, Arüe, Ezpeize-Ündüreine, Oihergi eta Sarrikotapeko leheneko gazteak Larraskako plazara zihoazen; hortxe, apaizen eta euren gurasoen begiradatik urrun, olgetan ibiltzeko. Bilgune horretan, solas egiteko, jolasteko edo ligatzeko aukerak zituzten, zainketa estu eta agiriketatik urrun. Gazteriarentzako askatasun eremu horietatik besterik ere bazen Zuberoan, eta, ziur asko, beste baserri eskualde gehienetan ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.