MENDIA. IBILBIDEA. Arcenako arroila handia

Obarenes-San Zadornil parke naturala ezagutarazteko asmoarekin, Tobalina ibarreko Arroila Handian gaindi txango polita dakarkizuegu oraingoan.

Josean Gil-Garcia.
2008ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Arroila Handia izeneko parajea San Martin de Don herritik hurbil dagoen ibar estua da. Arcena mendilerroko hegoaldean dago eta, askotan gertatzen den bezala, esplorazio txango ugari egin behar izaten dira hura bezain ederrik topatzeko. Bidean behiala eginiko txondorrak eta landaretza oparoa ikusiko ditugu. Eta Obarenes-San Zadornil parke naturalaren izendapenaz geroztik, baita ibiltariak ere. Tobalina ibarreko paisaia labirintikoan barrena sartuko gara oraingoan pintura arrastoak gogaide; izan ere, PR-BU 94 kodea eman zaio txundituta utziko gaituen ibilbide horri.

Arroila Handiaren bila

San Martin de Don herrira iristeko Sobrongo urtegiaren paretik doan errepideari jarraitu behar zaio Burgos aldera (M). Araba atzean utzi, eta berehala desbideratzea ikusiko dugu. Iturriko kalean aurrera egingo dugu, eta iturri monumentala igarota, akazia batzuen ondoan utziko dugu autoa. GR 99 Ebro Bidea eta PR 94 zidorren inguruko jakingarriak irakur ditzakegu abiapuntuan dagoen argibide taulan. Ekialderantz hasiko gara. Eskuinera hartuko dugu lehen desbideratzean, eta bide nagusitik segituko. Ebroz bestaldean Umion mendi erraldoiaren silueta ikusiko dugu. Ederra, benetan! Akaziak babestuta, aurrera egingo dugu joan den mendeko 50eko hamarkada hasieran eraikitako basa-errepidetik. Goi tentsioko hariteri azpitik igaro eta segituan, errepide nagusitik datorren GR 99 zidorrarekin bat egingo dugu. Arcenako antenetara jarraituko dugu (IE) seinaleari men eginez, eta El Pinar mendigunerantz abiatuko. Goratasuna hartuta, Arroila Handia deritzan sakanaren gaineko talaia ederrera iritsiko gara. GR 99 zidorrak pista nagusiari helduta jarraitzen badu ere, basabidetik irtengo gara PR 94 eta PR 94.1 zidorrei jarraitzeko.

Arroilara berehala iritsiko gara. Burdinazko ate bat igarota, sakanean gora hasiko gara. Inguru karstikoa dela eta, bertan ez dugu urik topatuko; den-dena lur azpitik doa. Sakanean gaindi hamar bat minutu eman ostean, pago sendo baten aurrean izango gara. Bideak hego-ekialdera egingo du orduan, eta ekialdera gero. Igoera latza da.

Mota eta Cueto inguratuz

Arroila Handitik irtendakoan, herritik datorren pista nagusira irtengo gara berriz ere. Eskuinera joko dugu han, eta lepo batera igoko. Pistak ezker aldera egiten duenean, Ebro ibaiaren gaineko haitzarteaz gozatzeko aukera izango dugu. Basabidera berriz itzulita, eskuinera egingo dugu bidebanatze batean, eta Los Llanos-eko antenara helduko gara. GR 99 zidorra pista nagusitik aldenduta Sobron (Araba) herrirantz abiatuko denez, Arcena mendilerroari helduta jarraituko dugu guk, eta ia 180 graduko bira egingo dugu aurrerago. Los Llanosen kokatuta izan beharko lukeen argibide taula batera iritsiko gara ziztu bizian. Haren aurretik igaro eta minutu gutxiren buruan, larre batzuetara helduko gara. Oso igoera polita egin daiteke Motako tontorreraino pistatik irten eta eskuinetik eginez gero.

Basabide nagusitik segituta Cueto tontorrera doazen mugarritxoak ikusiko ditugu. Guk hegoaldera egingo dugu eta San Martinera jaisten hasiko gara. Lepo polit batera helduko gara berehalakoan. Ezkutuan badago ere ur putzu bat ikusiko dugu hantxe bertan. Haren eskuinetik igarota maldan behera segituko dugu. Ibarrarekin bat egitean, hegoaldera egin eta bide harritsuari segika goratasunagalduko dugu pista nagusira atera arte. Pista horretan jada, eskuinera jo, Corral de Bueyes atsedenlekutik igaro eta San Martin de Don aldera egingo dugu. Estugune batean barrera bat ikusiko dugu. Handik igaro eta bost minutura, San Frantzisko aterpea eta talaia izango ditugu pistatik hurbil. Aterpearen itxiturari segika, pistara jaitsiko gara berriz ere. Paseo lasaiaren ostean San Martin de Donen amaituko dugu Arcena inguruko ostera.



Jakingarria

Obarenes mendiak eta San Zadornil udalerriaren ingurua parke naturala izendatu dira oraintsu. Bertoko altxor naturalak ezagutarazteko asmoarekin 23 ibilbide egokitu dira, guzti-guztiak zailtasun txikikoak. Tobalina ibarra (Burgos) abiapuntu egokia da Valderejorekin bat egiten dituzten zidorrak naiz Ebroz bestaldeko parajeok ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.