Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Bermeo eta Bakio artean, Gaztelugatxeko Doniene

MENDIA. IBILBIDEA. Bermeo eta Bakio artean, Gaztelugatxeko Doniene.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Bakio, Gaztelugatxeko Doniene, Garbola, Burgoa, Aznabarra, San Pelaio
  • Distantzia: 15 km.
  • Iraupena: 3 ordu eta 25 mn.
  • Ingurunea: Euskal Herriko kostaldeko inguru ederrenetako batera bideratuko ditugu urratsak, eta Gaztelugatxe ezaguna ez ezik, Garbola eta Burgoa mendiak igoko ditugu.
  • Estekak: Ibilbidea
2008ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Harkaitza antzina uharte izan bazen ere, kostari lotzeko jendeak harrizko zubi bitxi samarra erantsi zion. Arrazoia: Donibaneren irudiaren aurrean errezatzera uharteraino joaten ziren ehunka erromesak arriskurik gabe pasa zitezela. Izan ere, Donibaneren tailua X. mendeko baselizan gordetzen da. Beronek hamaika gorabehera jasan ditu, ermita, gotorleku, babesetxe edo tenplarien monasterio gisa, hainbat aldiz suntsitu, eta berriz eraiki baitute. Ohiturari erreparatzen badiogu, bertara igotzen denak ezkila hiru aldiz jo behar du, desio bat eskatu edo izpiritu txarrak uxatu ahal izateko.

Bakio (Bizkaia), txakolinak ospera eraman duen herri hori uda pasatzeko ohitura handiko lekua izanda ere, inguruan bisitatzeko zenbait leku interesgarri dagoenez, paseatzeko abiapuntu egokitzat jo dugu. Autobusez lasai-lasai gerturatzeko ezin hobea, maiztasun urria kontuan harturik, jakina. Udan izan ezik, Bermeorako errrepideko aparkaleku bietan ezin hobeto lagako dugu autoa. Hondartzaren ondoko kalean jarriko gara abian, Bermeorantz, eta biribilgunera heltzeaz batera, eskumara egingo dugu (H). Zementuzko errepidetxoan berrehun metro bete, Aznabarra zein Burgoa ezkerrean, Jata eskuinean direla, eta eskuinera joko dugu (HHM). 150 metro aurreragoko bidegurutzean gora segituko dugu (E), berehalakoan goiko auzora (Luzurraga) heltzearren. Hogeita seigarren zenbakia atzean eta etxeetara iritsita, eskuinera egin (HE), belarra lehenbizikoz zapalduz. Hogeita bost metro eta ezkerrera, gora (IE). Urari edo urak eragindako arrastoari jarraituko diogu une oro, betiere zuzen, zidor nabarmenari men eginez. Gaztainondoak eta eukaliptoak ditugu nagusi, pinuak, haritzak eta gurbitzak tartekatuko zaizkielarik. Porlana baztertu eta ordu erdira harri-txirri bide zabalera helduko gara. Aurrera egingo dugu pista lauan (HE), landatutako eukalipto eta pinuen artean. Zortzi minuturen buruan, ezkerreko bidea alboratuta, zuzen eta beherantz (HE) joko dugu, Mañuko Landa lepoa jomuga. Hurbildu ahala pagoak eta haritzak ugalduko zaizkigu. Noranzkoari eutsi, eta 15 minutu igarotzeke ezkerreko lur bideari emango diogu (I), pista bazterturik, eta segituan gas bidea lagun. Hamar minutu iraganda, ezkerrera berriro (kairn), Garbola gatzgabeko buzoia zein jaiotza bertan baitauzkagu (473 m). Atzera egin, eta burdinazko poste horiei segituko diegu (E), Bermeo, Ogoño eta Izaro uhartea eskuman, eta Burgoa beste aldean. Pistaz zein gas bidez Burgoara (445 m) hurreratuko gara. Gailurrera (ikurrina, erpina eta buzoi bi) eramango gaituen aldats harritsua ez da batere samurra. Buzoiko koadernoan agurra idatzitakoan, bide zabalean jarraituko dugu (I); 5 minutu geroago, argindar dorreari eta gas bideari muzin egingo diegu eta eskuinean utzi. Ezkerrera jo (IM), antenarantz, Aznabarra (433 m) tontortxora igoko ez garen arren, ote eta sasiek guztiz janda daukate eta. Bide nagusiarekin bat, gorabeherarik gabeko jaitsiera gozoaz disfrutatuko dugu 20 minutuz.

232 eskaileratan gora

San Pelaio baseliza erromanikoa dugu, XII. mendekoa eta Bizkaiko interesgarrienetakoa. Ekainaren 26an erromeria burutu ohi da. Iturrian ura hartu, eskailerak igo, eta zuzen joango gara (I), hilerria ezkerrean dagoela. Errepidea zeharkatu, eta Eneperi jatetxe ospetsuan kasu egingo diogu San Juan-erantz garamatzan bide seinaleari (IE; 2,5 km joan-etorrian). Beherainoko bide apainak ez digu galtzeko aukerarik eskainiko. Zubia (iturria eta komun kimikoak daude) zeharkatu , eta txiri-txiri ekingo diogu sigi-sagan doan aldapari. 232 harmailek eskaturiko ahalegina ez da alferrikakoa izango, goiko ikuspegiak erabat liluratuko baikaitu, Bakion hasi eta Matxitxako lurmuturreraino babesturiko biotopoaren erdi-erdian garela, itsasotik 80 metro eskasera. Jatetxera bihurtu, eta eskumara (IIM), Bakioraino zuzenduko gaituen zirkulaziorik gabeko errepidea bidaide. Buruhauste barik jaitsiko gara, tarteka geldialditxoak eginez, bai Gaztelugatxeri erreparatzeko bai Atxulo labar bitxiari. Azken metroak olatuek sorturiko burrunbarekin batera beteko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.