Kale bakarrean behera abiatu, eta eliza pasatu bezain pronto (370 m), ezkerrera, Zuaztoi auzora daraman galtzada hartu. Arrasto hori-zuriak izango dituzue gidari ibilbidearen lehen zatian. Galtzadarriekin egindako garai bateko bidean behera, bihurgunea eman eta Arzubiko erreka parera iritsiko zarete (320 m). Herriko errota duzue hor, hondatuta, eta aurrera egiteko zubi ederra parean. Hortik jo eta berehala irtengo zarete porlan gainera. Zuek ezkerrera eta gora doan bidea jarraitu, aurrera egitea bertako biztanleak bakarrik baimentzen dituen zirkulazioko seinalea duen horretatik. Arrastoek ere bide bera hartuko dute, nahiz eta laster eskuinera egin. Jaramonik ez eta aurrera segi. Larregoingo bordara iritsi arte (420 m), zati polita duzue porlanezko bidean gora. Hortik aitzina, Arzubi errekaren sakanean ezker hegitik gora doan lurrezko pista, tarte batzuetan malda latzarekin, luze samarra aukeran.
Bidebanatzeetan ezkerrekotik segi eta arazorik gabe Mehatxeta mendi lepora iritsiko zarete lehenik (670 m). Bearreztegiko bailaran jada, hegian gora zehar-zehar aurrera egin, eta pistak Aizkozko lepora eramango zaituzte azkenik (735m). Urdazuriren ibaiadar Orabidea eta Baztan-Bidasoa ibaien arteko mendilerroan zaudete, Baztango lurretan, bai ipar eta bai hegoaldera, alperrik ez baita Euskal Herriko udalerririk handienetakoa. Bidegurutzean, aukeran duzue gain aldetik edo eskuinaldetik zehar-zehar doan pistatik aurrera egitea. Edozein moduz, mendebaldera jo, eta, Betarteko Harrietara igo ahal izateko, Zureta leporaino iritsi behar duzue (740m). Inguruotako gailurrik garaiena den Alkurruntzeko gaina igotzeko aukera duzue hor, garaiera erdiko piramide itxurako tontorrak ere primerako ikuspegia ematen baitu.
Betarteko Harriak aukeran
Zureta lepoan, mendiotako iruinarri eta tumuluen berri azaltzen duen panela ikusiko duzue, baita aurrera egitea debekatzen duten bina letrero xelebre ere. Uso-tiro eremua prestatu dute horko belazeetan, estalki zatar bat eta guzti. Ehiztari edo tiratzaileak urrun dauden bitartean, ordea, ez dago arazorik; aurrera pasatu eta egurrezko etxetxoan atseden hartu, edo, zuzenean, Betarteko Harrietara igo zaitezkete lepotik ordu-laurdenean (825 m). Tontorreko harrietan eserita, begiratu bat eman inguruari, Amaiurko eta Baztango mendiei, merezi du eta.
Atzera lepoan (740 m), langa gainditu eta goitik behera belardi baten erditik zeharka jaisten den pista batetik jo, harik eta alertze sail batera iristen zareten arte. Borda baten hondakinak aurkituko dituzue hor, eta, pixka bat aurrerago, iturria (650 m). Hortik behera doa arestian aipaturiko mandabide zaharra, eta horixe segitu behar duzue. Behar beste bihurgune emanez, pago itzelen gerizpean Bearreztegi behealdeko estugunera eramango zaituzte zidorrak. Bidean beste borda baten hondakinen ondotik igaroko zarete errekaraino jaitsi aurretik (500 m). Hor, garai bateko zubiaren erdia besterik geratu ez arren, nola hala erreka zeharkatu, eta behera jarraitu. Estugunea atzean utzita, otadia agertu eta bidea jarraitzea zailduko du. Adi ibiliz gero, baina, mendizale zailduak ez du arazorik izango bide zaharra nondik zihoan antzemateko. Betiere beherantz, baso bide bilakatuta Otsondo mendatera igotzen den errepidera gerturatuko zarete. Orduan, emeki-emeki bideak eskuinera egingo du (400 m), eta baserri baten atzealdetik igarota, hainbat borda eta belardi lotuz, Urrasun eta Zuaztoi auzoen arteko baserrietara iritsiko da. Abiapunturaino arrasto zuri-horiak jarraitzea besterik ez duzue.