Talaia izena jarri diote Hondarribia eta Saturraran artean oinezkoentzako egokitu nahi duten ibilbide luzeari. Gipuzkoako kostaldea natura eta paisaia aldetik sekulako indarra eta garrantzia duen ingurune bat dela gauza jakina da. Erliebe ikusgarria duen paisaia horretan, babestutako espazio naturalak aurkituko ditugu, baita geologiaren ikuspuntutik bereziki interesgarriak diren guneak ere. Dagoeneko proiektu horren lehen zatia atondu dute, Hondarribia eta Pasai Donibane lotzen dituena, hain zuzen.
San Telmo gaztelutik Bioznar lurmuturreraino doan zatia egin dugu, itsasertzaren ondotik doan xendan barrena. Ondoren, Pasaiara doana utzi eta Guadaluperantz jo dugu, Artzuko portuaren ingurutik abiapuntura itzultzeko.
San Telmotik Artzuko portura
Hondarribiko kai berritik abiatu gara bide seinaleek erakusten diguten norabidean. Maldan gora hasi bezain laster, errepidea utzi eta bidezidor landua hartu dugu. Labarren gainean dagoen San Telmo gazteluaren -piraten gaztelua ere deitzen diote bertakoek- ondotik pasatzean gogora ekarri dugu Txingudiko badian gertatu ohi ziren kortsarioen istorioak. 1598. urtean eraiki zen gaztelu hori, batik bat Kantauri itsasoan ugariak ziren kortsario britainiarren erasoen beldur, itsasontzien ainguratze guneak babesteko.
Aurrera jarraituz, istorio horiek eta beste asko jasotzen dituzten argibide taulak aurkitu ditugu. Lehena irakurri ostean, Asturiaga badiaren gainetik zabaltzen den bideari jarraituz, Higer lurmuturraren ondora heldu gara. Itsasargiaren ondotik igaro, kanpina eskuinera utzi eta pistan barrena abiatu gara. Ur araztegia gertu dugula, landutako bidezidorrera itzuli gara, eta ez dugu utzi Bioznar lurmuturreraino iritsi arte.
Bide erosoak Kapelaundiko kaletaraino eraman gaitu. Bidea gorabeheratsua da eta erritmoa aldatu gabe paisaiaz gozatuz aurrera egin dugu. Artzuko erreka itsasoratzen den lekua zeharkatu, eta izen bera duen toki ezagunera heldu gara, Artzuko portura, hain zuzen. Hondartzatik gertu Artzuko errota zaharraren hondakinak ikus zitezkeen, baina 2005. urtean Hondarribiko Udalak horiek eraistea erabaki zuen.
Artzutik Bioznar lurmuturrera
Uda sasoian arrantzale eta bainuzale asko elkartzen den leku eder hori atzean utzi, eta maldan gora abiatu gara. Marlako belardi zabal eta leunetara iristean ikuspegia erabat aldatu da. Batzuek Euskal Irlanda deitzen dioten inguru honetan abereak han-hemen bazkatzen ikusi ditugu. Gustura zeharkatu ditugu labarretaraino hedatzen diren zelai berdeak, ezker-eskuin zabaltzen zaigun ikuspegi ederrarekin gozatuz.
Kapelu, Urrillo, Zanbullo eta Limaputzuko haitz eta kala txikien gainetik ibiliz, gertu ikusi dugu Bioznar lurmuturra, baina lehenago Laondoko portura jaitsi gara. Azken malda txikia gainditu, eta Kantauri itsasoan gehien barneratzen den lurmuturraren gainaldera ailegatu gara. Mokadu bat jan eta zintzurra freskatzen dugun bitartean atseden txiki bat hartu dugu, paraje eder horiei so.
Lurmuturretik Guadalupera
Martxan jarri eta berehala ohartu gara hondar eta hartxintxar horiz atondutako bidezidorra bukatu dela, baina bide seinaleek erakutsi digute jarraitu beharreko bidea. Labarreratik urrundu eta belardian zehar maldan gora igotzen hasi gara. Pista zabala jarraitu dugu, eta pinudi txiki baten ondora heltzean, Pasaira doan bide balizatua utzi dugu, aurrean dugun malda pikoari heltzeko. Berehala iritsi gara goialdean dagoen pistara, eta ezkerretik jarraituz errepidera atera gara. Gero, errepidea gurutzatu eta beste aldean dagoen ataka gainditu ondoren, maldan gora abiatu gara Erramuzko dorrera iristeko. Malda motz baina pikoa igoko dugu Erramuzko dorrera bidean.
Dorrea atzean laga eta gandorrean zehar Guadalupeko baselizara jaitsi gara. 1526ko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz; izan ere, Juan Sebastian Elkano itsasgizonak urrezko sei dukateko dohaintza egin zion baseliza horri. Ermita, tradizioak dioenez, bi umek Ama Birjinaren irudia aurkitu zuten tokian bertan eraikita dago. Lehenengo eliza XVI. mendekoa da, baina historian hainbat alditan suntsitua izan da. Handik gertu, 1900. urtean eraiki zen San Henrike gotorlekua, Txoritokieta eta San Markosekoarekin batera muga zaintzeko eta karlisten altxamenduak saihesteko.
Guadalupetik Higerrera
Gotorlekuaren paraleloan doan errepidetik Artzu baserri aldera jaitsi gara. Ezkerreko zein eskuineko bideak hartuta Artzuko portutik datorren pistara iritsiko gara. Pista hori zenbait tartetan urrundu egiten da itsasertzeko bidezidorretik; baina maiz oso gertu daude, eta horrek aukera eman digu nahi dugun bidetik abiapuntura itzultzeko. Pistatik itzultzea aukeratuz gero, luzeagoa da baina nahiko laua. Kanpinera iritsi aurretik biak elkartu egiten dira, eta Higer lurmuturraren gainetik kaira jaitsiko gara.
Mendi ibilaldia
MENDIA. IBILBIDEA. Bioznar lurmuturrera, itsasertzetik

Fitxa teknikoa

- Herrialdea: Gipuzkoa
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Hondarribia, Bioznar, Artzuko portua, Marlako zelaiak, Laondoko portua, Erramuzko dorrea, Higer, Guadalupe
- Distantzia: 18 km.
- Iraupena: 5 ordu eta 40 mn.
- Ingurunea: Talaia proiektuan oinezkoentzat egokitutako Gipuzkoako kostaldeko ibilbidearen lehen zatia egingo dugu, Jaizkibelgo itsasertzetik doan xenda erosoari jarraituz.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu