Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Erebi, Atxulegi eta Gorospil

MENDIA. IBILBIDEA. Erebi, Atxulegi eta Gorospil.
  • Herrialdea: Lapurdi
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Ainhoa, Erebi, Atxulegi,Gorospil,Arrotxenborda, Dantxarinea
  • Distantzia: 15 km.
  • Iraupena: 4 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Ainhoa herri miresgarria abiapuntu eta helmuga, Lapurdiko hiruzpalau mendixka ezagutu daitezke.
  • Estekak: Ibilbidea
2008ko ekainaren 6a
00:00
Entzun


Ainhoa herri miresgarria abiapuntua eta helmuga, Lapurdiko hiruzpalau mendixka ezagut daitezke
allande sokarros

Ainhoako elizatik bertatik (125 m) hasiko gara ibiltzen, horren inguruan den hilerriaren parean abiatzen den bidetik. Berehalaxe topatuko dugun bide gurutzunean zuzen jarraituko dugu, Arantzetako kaperarako bidea seinalatzen duten pankartei arreta emanda. Bi kilometro eskas eginda eta une batean ibilbidea nahiko aldapatsua izango delarik, Arantzetako ermitara helduko gara (390 m). Hemendik, dagoeneko, Ainhoa hiriari eta inguru zabalei begira, bista zoragarria gozatzeko aukera izango dugu.

Kaperatik aukera bat baino gehiago bada aurrera segitzeko. GR-10 bide seinalatuak ipar ekialderantz jotzen du, eta beste xenda batek hego ekialderat ematen du. Mendietan ibiltzea ohituta daudenek, ordea, bi aukera horien ordez... erdiko ibilbide bat aukeratuko dute Erebi mendixka politaren ekialdeko gandorraren gora eginda, nahiko zut, haatik. Ulergaitza da zergatik, bada, GR-10 xenda seinaledunak saihets egiten dion gailur gozagarri honi (583 m). Egia da behin gorantz egin ondoren apurtxo bat jaitsi behar dela Hiru Gurutzeen lepora iristeko (513 m). Hemen, gurutzerik ez bilatu, ez baitaude. Horien ordez, baina, ehizarako lekuak badaude, sobran ere...

Lepo honetan ere bi aukera daude aurrera egiteko. Hala, bide harriztatu batek eskuin alderat jarraitzen du -GR-10 hortik dabil- eta xenda batek ezkerrerantz. Hemen ere, bi aukera horiek bazter utzita, Atxulegiren ekialdeko bizkarraren gora joango gara, damugarri baita hegi polit honi eta bere gailurrari (618 m) muzin egitea. Bizkarraren haritik, lehen saihestutako bide harriztatura jaitsiko gara, eta Gaineko bordako aterpearen alboan igaro ondoren, Zuharreteako lepora heltzeko (566 m).



BIZKAILUZEKO HEGITIK. Urrezti mendiaren hegoaldeko maldaren azpian kokatua den garate honetatik aitzina, aurreko aldi batean aipagai izan genuen Ezkondrai, Mondarrain, Gorospil ibilbideko zati bat baliatuko dugu. Aldi hartan egin genuen bezala, hementxe ere GR-10 ibilbide seinalatuari saihets egingo diogu, Bizkailuze hegiaren haritik jarraitzeko. Zuharreteako lepotik malda belartsuaren gora goxo-goxo igo ondoren, ordoki lau dagoen hegi honetan ibiliko gara, egundoko ikusmen miresgarria gozatuz une oro. Luzeegia litzateke aipatzea bizkar honetatik begi-bazka ditugun gune eta gailurrak. Bakan batzuk izendatzearren, haatik, ekialdean oso hurbil, baina Laxiako sakanaren beste aldean Artzamendi potoloa ezagutuko dugu. Hego mendebaldera, berriz, lerro-lerro ezagutuko ditugu, besteak beste, Atxuria, Saiberri, Ibanteli, Larrun, Aiako Harria....

Bizkailuzeren hegoaldeko muturrean, zedarri txiki batek seinalatzen du Gorospil gailurrean gaudela (691 m). Horren mendebaldeko gandorraren haritik egingo dugu behera, zati nahiko zut baten ostean, Haizagerriko bizkarretik goxoagoa eraisten jarraituko dugularik. Arrotxenbordarako bidean, mapan izenik eman ez dioten muino baten gainetik (293 m) igarotzeko edo horren iparraldeko maldatik aurrera doan xendatik ibiltzeko aukera daukagu. Kasu batean zein bestean, Arroxenborda baserri albotik iraganen garaeta hortxe berehala egingo dugu topo Lapitxuri erreka politarekin.

Hemendik aurrera, horren saihetsetik ibiliko gara bide harriztatu batean eta Lapurdi eta Nafarroaren arteko mugaren haritik. Bide batekin topo egitean, haatik, zuzen segituko dugu Dantxarinea auzunera (70 m) heltzeko gisan. Muga egiten duen zubira eramaten duen errepidea zeiharkatuta, pare-parean daukagun karrika hartuko dugu, erabat iparralderat eta gorantz jota. Horrela, ordu erdi batean, Ainhoara helduko gara, eta herri miresgarri horren bisitatzeko nahikoa denbora ere izango dugu, zehaztu dizuegun ibilbide hau lau ordu eta erdiz egiteko moduan baita.



Ainhoa : edertasuna herri bilakatua

Frantziako Herri politenetan sailkatu dutelarik batzuek, Ainhoa da, lehenik eta behin, Ipar Euskal Herriko herri ederrenetatik bat, bere etxe dotoreen irudiak den-denetan ezagutuak direlarik. Premontarren anaidiak eraikiarazitako bikarrierria dauka sorburu, XIII. mendearen lehen erdialdean. Ainhoan, Lapurdi hiriguneko beste leku gehienetan ez bezala, basoguneei arreta egin diete, herri honen 1.619 hektareatik 501 oihanak baitira. Herriaren auzune nagusia bastida bat da, eta beste zazpi auzune badaude, horietatik bata delarik Nafarroako mugan bertan eratu zen Dantxarinean. Gaur egun, 650 lagunek Ainhoa dotorean bizitzeko suertea daukate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.