MENDIA. IBILBIDEA. Garaziko talaia miresgarria

Garazi eta Baigorri artean lotura egiten duen gailurretatik bat da Munhoa; mendi eder bezain gustagarria. Anhauze herritik abiatuta, bazter eta ikusmen paregabeak ditu.

2008ko urriaren 31
00:00
Entzun
Anhauze herritik abiatuta egingo dugun buelta hau da Munhoak oparitzen dizkigun bazter eta ikusmen paregabekoak gozatzeko aukerarik egokiena. Oinez has gaitezke Anhauzeko errebote plazatik, baina beribilak dabiltzan bide txiki batetik ia kilometro bat ibiltzea saihestu nahi badugu, Hiriartea etxearen ingurutik abia gaitezke. Bertaratzeko, frontoiaren aitzinaldearen parean abiatzen den bidea hartuko dugu, lehen bidegurutzean eskuinalderat joko eta, txapaz egindako eraikin batean, ezkerrerat hartuko bide harriztatu batean. Etxe baten inguruan (250 m) utziko dugu beribila, trabarik ez duela egiten arreta hartuta.

Hortxe bertan hegoalderantz eta gora zuhaitzen artean abiatzen den bide harriztatuan hasiko gara ibiltzen. Zenbait ehun metro egin ondoren, baso txiki honen irteeran eta bideak ezkerrerantz egiten duen bihurgune zabal batean, iralekuan zuzen eta gora joaten ikusten den xenda har dezakegu. Abiagune horri huts eginda ere, lasai... bide harriztatua bukatzen eta lurbide bilakatzen den tokira garamatza bidezidor honek. Leku honetara iritsirik, ota maldaren gora joango gara goxo-goxo, hasiera honetatik bertatik inguru miresgarriak bidelagun dauzkagula. Hala, iparraldean, hurrenez hurren ezagutuko ditugu Jara eta Baigura; ekialdera Arradoi;mendebaldera Aintziaga, Buztanzelai, Astate, Iparla; ipar-mendebaldera Larla eta Artzamendi, besteak beste.

Laster asko, burdin hesi batez inguraturiko larre baten goiko partean eta zuhaitzen artean ezkutatzen den Bidaburuko bordara helduko gara. Gorantz eta apur bat eskuin alderantz, ira sailaren artean erdi ezkutatuta, jarraitzen duen xenda hartuko dugu. Munhoaren hego-ekialdeko maldatik ibilita, lautadatxo batera eramango gaitu. Hortxe, ageri-agerian den ibilbideak hego-mendebaldera jotzen du, artegi xahar oso polit baten albotik pasarazten gaitu, eta Artzainharriko gailur harritsua (971m) mendebaldetik igoarazten digu.

Itsasorainoko ikusmena

Artzainharritik, hegia hego-ekialdera jarraituz, azkar-azkar zapaltzen dugu Munhoa gaina (1021 m). Gailur horrek eskaintzen digun bista ezin eder eta zabalagoa neurtzeko, nahikoa da jakitea Bigorrako mendi gorenetatik Lapurdiko eta Nafarroako gailur, haran, herri eta hirietara luzatzen dela, baita Landetako itsasertzera ere. Munhoa da ere Garazi aldeko talaia miresgarria. Munhoatik ikusita, hurbil iduri baina sakana handi bat tartean dutela mendebaldean daukagu Baigorriko Oilarandoi. Ardazako lepoaren hego hurbilean, berriz, Munhogain izena duen gailur borobila eta haren hegoaldean, bizkarrez bizkar joanda, Adartza eta Mendimotxa.

Gailurrera igo ondoren, noizbait etortzen baita jaitsi egin beharra, erabat ekialdera eta hegiaren behera joango gara, GR10 ibilbideko seinale zuri eta gorriak bidelagun ditugularik. Beharria izeneko hegi ertzean, Donibane Garazi: 2 ordu -frantsesez- pankartatik harat, ote eta iratze maldatik beherantz garamatzan lurbide bat jarraituko dugu, Hazpelaneko bordalde gainetik pasatuko garelarik. Lurbide hau beribilentzako bide txiki batean amaitzen da, eta honetan hiruzpalau ehun metro egingo dugu, Madaria ibilbidea seinalatzen duen pankarta bateraino. Hementxe, borda baten alboan ezkerralderat eta mendebalderat abiatzen den bide harriztatua hartuko dugu.

Bidexka hau Minhondoko borda ingurutik eta Apeztegikoborda etxaldetik igarotzen da. Apeztegikoborda etxetik hiruzpalau bat metroren buruan, bideak eskuin alderat eta beherantz egiten duen gune batean, pare-parean ikusiko dugun lurbidea hartuko dugu, eta hortxe jarraian topatuko dugu gure beribila utzita daukagun lekua. Ibilaldi ederraren helmuga.



Borda eta artegi zaharrak, iraganeko bizimoduaren lekuko

Ibilbide honetan eta beste askotan, borda eta artegi ugarirekin egingo dugu topo. Eraikin horien inguruetan, kabalarik -ardi, behi edo zaldi- topatuko badugu, artzantzarik jada ez dugu antzemango. Izan ere, herrietatik hurbilenik diren bazkaleku horietan gaztarik ez da egiten azken urte edo hamarkada hauetan. Etxaldeak eremuz hazi dira, baina horietan lan egiten dutenen kopurua gutxituz joan da. Horrez gain, gasnategiak ugaldu egin dira, eta nekazariek haiei saltzen diete esnea. Horiek guztiak horrela, borda eta artegi xaharrak iraganeko bizimodu galdu baten lekuko isilak bihurtu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.