Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Hernioren ekialdeko branka

MENDIA. IBILBIDEA. Hernioren ekialdeko branka.
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Hernio, Tolosa, Malaka, Zelai txiki, Herniozabal, Urbeltz, Besagainzulota, Mendikute, Urkizu
  • Distantzia: 19,5 km.
  • Iraupena: 4 ordu eta 45 mn.
  • Ingurunea: Hernioren besoa Aizpel, Urbeltz edo Ubeltz eta Herniozabaleraino hedatzen da. Azken hori da Hernioren itzalari ihes egiten dion bakarra.
  • Estekak: Ibilbidea
ramon olasagasti
2009ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Tolosako Triangulo plazatik ekingo diogu ibilaldiari. Soldadu kalea hartu, eta aldapa pikoan gora, trenbidearen gainetik igaroko gara. Lehen bidegurutzean ezkerrera hartuko dugu, eta errepidetxoa amaitzen den lekuan zidor harriztatu bat abiatzen dela ikusiko dugu. Harrobi zaharra gainditzen du bidexka horrek. Antenatxo batera iritsita, ezkerrera hartuko dugu, eta Berrano baserriaren parean errepidera aterako gara.

Errepide hori Malaka baserriraino doa sigi-saga, baina pinudian sartzean, erne ibiliz gero, lasterbide bat ateratzen da eskuinera, Martin Txiki baserriraino. Errepideari puska ederra kenduko diogu hala. Malaka baserria baino 100 metro lehenago, eskuineko pistari helduko diogu. Bide seinale bat agertuko zaigu laster, Urkizurako bidea erakusten. Seinaleari kasurik egin gabe, zuzen jarraituko dugu pagadirantz, aldapan gora. Pago moztaka eta sendoen erreinuan sartzera goaz. Bi bide doaz ia paralelo: bat, lauso antzean, ubide zabal batean zehar-mehar; bestea, hesiaren beste aldean. Bat edo bestea hartu ordu laurden baten buruan, pista batera aterako gara. Alanbre hesia gainditzeko pasabide bitxi eta landua bistaratuko dugu puntu horretan. Ataka hori gainditu, eta zidor estu batean gora, berriro ere aurreko pista berarekin egingo dugu topo.

Ezkerrerantz jarraituko diogu pistari. Adi, ordea; 200 bat metro eginda, bide zabala zikintzen hasten den lekuan, xenda bat abiatzen da pinudian gora, eskuin aldera. Pinuditik ateratzean, bi sarda txikitan bereizten da bidexka; eskuinekoa hartu, eta, pinudi gazteen sail bat gainditu orduko, beste bide zabalago batera aterako gara. Eskuinerantz jarraituko diogu bide horri. Pagadi eta konifera basoen babesean, Hernialde errekak irekitako zintzur eta amildegi ospelaren gainetik eramango gaitu bide zoragarri horrek. Hernioko mendilerroaren hegoaldeko horma bistaratzen hasten da tarteka.

Bideak, bihurri-bihurri, aldapa gogorra gainditzen du amaiera aldera, Zelai Txiki parean atseden hartu arte. Eskuinera, belardian pasillo bat marraztuz, bideak iparrera egiten du. Hauspoa eta giharrak hasi dira erregai eske. Lizarbakarrako lepoa eta Atame borda bakartia paraje ezin hobea dira mokadutxo bat egiteko. Uzturre alde batera, Mendikute bestera... ikusmira ederra da. Alanbre hesiaren ondoan, azken aldaparen pendizak gerria makurtzea eskatuko digu tarteka. Irugurutzetako mugarrira iritsi gabe, ezkerraldera helduko diogu zidorrari, eta gailurreriako zuhaitzen itzalean osatuko ditugu Herniozabalerako azken metroak. Hernioko gailurreriaren ekialdeko branka da gailur hau. Izenari ohore, zabala eskaintzen du ikuspegia, itsasotik Pirinioetara, Aralartik Aizkorrira...

Gailurreriaren gandorrean osatuko ditugu ondorengo metroak. Ehizako parada franko eta zenbait lepoxka gaindituko ditugu gainez gaineko ibilian. Kulpitoko lepora jaitsiko gara aurrena, eta Urbeltz edo Ubeltzeko gailurrera igoko gara gero. Gaixoa Ubeltz, beti erdibidean; inor ez doa propio hari bisita egitera, denak igarotzen dira haren bizkar gainean, Hernio eta Herniozabal arteko bidea egiten ari direla. Ubeltzetik behera Basagainzulotako lepo zabalera jaitsiko gara. Bidaniatik pista bat iristen da horraino.

Adi ibili beharko dugu, bueltako bidea hartzeko. Basagainzulotako lepoan bertan, harri pila edo mugarri batek basoan barneratzen den zidorraren abiapuntua erakusten du. Hego-ekialderantz egiten du zidorrak. Basotik atera, otadi bat gainditu, eta larre zabaletan zaldiak ikusiko ditugu bazkan. Ataka batek agoniko aldaparen hasiera erakusten du. Pinudian behera, zutik eusten lanak izaten dira aldapa horretan lokatza denean. Agandegiko txabolan hartuko dugu berriz pista.

Gorabehera askorik gabe, Zelai Txiki inguruetaraino jarraituko diogu pistari. Etxola bat atzean utzi eta lasterrera, burdinazko hesi bat eta egurrezko pasabide bat ikusiko ditugu eskuinean. Hor abiatzen da Mendikute gailurrerako bidea. Kiku bat egingo diogu guk ere antzina hain garrantzitsua izan zen gain horri. Langatik gailurrerainoko joan-etorriak ez du galbiderik.

Zelai Txiki inguruetara bueltatuko gara, Herniozabalerako igoeran igarotako toki berera. Eta han, Olamuño edo Artzubiko errepikagailurantz doan bidea hartuko dugu. Urrunetik bistaratzen dira antenak. Errepikagailura doan hormigoizko pistara aterako gara aurki, eta, hari jarraituz, Urkizu auzora jaitsiko gara. Iturri bat gainditu, eta 500 bat metroren buruan, lasterbide batek zuzenean eramango gaitu Tolosako gain horretara.

Urkizun, Tolosara jaisten den errepidea baino metro batzuk lehenago, ezkerrera ateratzen da bide bat. PR-GI 114 zidorraren bide seinale batzuk agertuko zaizkigu laster. San Esteban jartzen duenari kasu eginez (eskuin), lehenbizi pagadian eta ondoren pinudi gaztean behera jaitsiko gara. Metalezko ate handi bat ikusiko dugu behera samarrean. Atea gurutzatu eta ezkerrera hartu beharko dugu. Laster iritsiko gara Dama iturrira. Inguru hori polita zen garai batean, zuhaizpe gozoa, baina azkenaldian basoa erabat soildu dute eta erabat desitxuratu dute Lizardik hain gogoko zuen parajea.

Askotan igotzen zen Jose Mari Agirre Xabier Lizardi Tolosatik Urkizura bide horretatik. Dama iturritik berehala zubitxo bat gurutzatu, eta zidor zoragarrian barna, haren olerkiak aurkituko ditugu hesoletan josita. Eta paseotxo gozoaren ondotik, haren omenezko monumentua. Monumentutik Tolosara zidorraren arrasto zuri-horiei jarraituko diegu, Mutitegiko hiru baserrietaraino. Handik Tolosako San Esteban auzora hainbat lasterbide egiten ditu xendak errepidea mozteko.



Mendikute gaztelu eta gotorlekua, kostaldeko bideen zaindari

Mendikute mendia gotorleku garrantzitsua izan zen garai batean. Albizturtik gora Erdi Aroko galtzada baten arrastoak gordetzen dira egundaino, eta gailurrean oraindik ere zutik diraute gazteluaren harresiek. Ikertzaileen irudiko, harresia eta gaztelua XII. mendean eraiki zituzten, kostaldearen eta barrualdearen arteko igarobideak eta inguruko bailarak zaintzeko. XIV. mende ingurura arte izan zen gaztelua zaintzarako talaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.