Amurrioko Bañueta kiroldegian hasiko dugu ibilbidea, herria inguratzen duen naturbide sarean nabigatzeko ohiko abiapuntuan. Kiroldegiaren atzetik doan errepide estuari jarraitu eta, lehen bidebanatzera iristean, eskuinera okertuko dugu. Hamahiru zenbakia erakusten duen baserri aurretik igaroko gara. Amurrioko saihesbide azpitik pasatu ostean, ezkerrera hartu eta Orue auzora doan kaleari jarraituko diogu. Auzoa zeharkatu eta, stop seinalean, eskuinera egingo dugu. Gora doan errepidea bazter eginda, lasai-lasai jarraituta, San Roke atseden lekura helduko gara.
San Roketik Kortinara
San Roke baselizaren ondotik igarota, pinudian murgilduko gara. Gero, aldatsari eutsita, eukalipto sail baten eretzetik jarraituko dugu 1983. urtera arte basetxe batek okupatzen zuen eremura iritsi arte. Amurrioko Udalak eraikinaren eraberritze lanak bultzatu ondoren, ingurumen gaietarako harrera zentro bat egokitu nahi du 5 hektarea dituen lur sail ederrean. Basoaren oparotasuna ostera ere deskubritzen laguntzeko natura-eskola bat, bestela esanda. Oraingoz ibilbide batzuk diseinatu dituzte basetxe inguruan. Oinez egiteko Goikomendi-Kuxkumendi basa-parkearekin eginiko lotura polita, besteak beste.
Basora jo eta hariztian barrena segituko dugu. Laranja koloreko balizak gogaide, errekasto baten ondotik egingo ditugu urratsak. Behin errekastoa gurutzatuta, goratasuna hartuko dugu lepo xume batera iristeko asmoz. Ezkerrera egingo dugu han goian, eta eskuinera goraxeago ikusiko dugun bidebanatzean. Hala, igoera xumearen ostean, Elexazar tontortxoa igotzeko aukera ematen duen lepora iritsiko gara. Desbideratze hura begiratu gabe, ordea, garaiera hartzeari utzi eta magalak zeharkatzeari ekingo diogu, oliobidearekin bat egin arte. Ibili-ibilian, Elexazarreko zelaira iritsi gara, kirikiñausia eta Aspaltza-Eskerrola mendigunea ikustatzeko leku aproposera.
Eskuinera egingo dugu zelaian, eta, hamar bat minutu oliobide gainetik ibilita, naturbidearen 4. puntura helduko garela dioen trenbide-trabes baten ondora iritsiko gara. Bertan amaitu zaigu soseguz egindako paseotxoa; gailurreriara igotzeko bidexka bertan hasten denez, aldapa majoa dator eta.
Kirikiñausi, kortina edo gaztainak mendian gordetzeko aspaldiko eraikuntza bat ikusiko dugu hor, txondor apal baten ondoan. Garai batean kortinak ohikoak baziren ere, Amurrioko udalerri eremuan geratzen den bakarrenetako bat da.
Salamancako zelaia
Hesiaren ondo-ondoan dagoen landaretzak hartutako igarobide bati ekingo diogu. Aldatsa leuntzean, ameztian sartu eta gailurreraino segituko dugu bidexkari men eginez. Gurutze txiki bat eta postontzi bat ikusiko dugu gainaldean. Carbonilla, Gorobel eta Gorbeia mendilerroak harrapatuko ditugu bete-betean tontorretik, panorama zabala da eta. Aspaltzatik nahiko gertu, Amurrioko udalerriko altuena dago:Eskorrela. Bide batez, ederra litzateke mendi horretara ere igotzea. Ipar-mendebaldera egingo dugu, beraz, mendilerroa ezker aldera segituz. Gainez gain, berehala izango gara tontorrean, Orozko eta Amurrio udalerriak bereizten dituen mugan. Tontorrera igotzeko metro gutxi falta direla, ordea, Elexazarreko zelaira bueltatzen den bidea ezkerrean agertzen denez, handik segitu beharko dugu, maldan behera, oliobideari berriz ere oratu arte. Zuzen segituko dugu gero, eta, asfaltoa lagun, Elexazarreko atakara iritsiko gara berehalakoan. Bertako bide sardan, oliobidea bazter egin eta, baliza urdinek adierazten duten legez, maldan behera egiten hasiko gara. Pista nagusiak ezker aldera egiten duen unean, berriz, pista lagako dugu, nahiz eta Amurriora jaisteko aukera ona ere baden. Trenbide-trabes batek 6. puntura iritsi garela dio, hots, behiala Salamancatik Bilbora eramaten zituzten zezenek atsedena hartzen zuten zelaira.
Belarrez jantzitako bidetik segituko dugu, haritz amerikarren (Quercus rubra) babesean. Sigi-sagaka basoan, errekasto baten gainetik igaroko gara beheraxeago. Ondoren, garaierarik galdu gabe, Lekuzabal iturritik igaro eta, basoan zehar ibilbide liluragarria egin ostean, maldan behera abiatuko gara Lekuzabal erreka igarotzeko xedez. Goi-tentsioko hari elektrikoa gainean dugunean, ezkerrera hartu eta San Roke auzora iritsiko gara. Orue auzora joko dugu berriz ere, eta handik Amurrioko kiroldegira, ibilbide honi amaiera emateko.
Mendi ibilaldia
MENDIA. IBILBIDEA. Izarza naturbidean barrena
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Araba
- Zailtasuna: Erraza
- Tontor eta leku izenak: Amurrio, San Roke, Izarza, Kortina, Aspaltza, Elexarreko ataka
- Distantzia: 10 km.
- Iraupena: 3 ordu et 5 mn.
- Ingurunea: Amurrioko bazterrak ezagutarazteko ibilbide ekologikoen sarea egokitu du Ingurumen Sailak. Izarza deritzan bidea prestatu du azkena. Baso galantak, xenda eta tontor apartak eta kirikiñausi sendo bat bisitatuko ditugu.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu