Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Jaun Zuriaren sorlekuan

MENDIA. IBILBIDEA. Jaun Zuriaren sorlekuan.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Katillotxu, Mundaka
  • Distantzia: 9,8 km.
  • Iraupena: 2 ordu eta 25 mn.
  • Ingurunea: Ezkerreko olatu ezagunari esker ezagutzen dute surflariek Mundaka. Bizkaiko kostaldeko herrian eta inguruetan, ordea, bada zer ikusi eta zerekin gozatu.
  • Estekak: Ibilbidea
2009ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Mundaka (Bizkaia) herriaren sorrera kondairetan oinarritu dute betidanik. Danimarkako jatorria omen dauka izenak, bikingoak herrian 1890. urte aldera izan zirela frogatutzat jo baitaiteke. Horrez gain, kondaira batek dio Jaun Zuria-Bizkaiko lehen jauna- Sugar eta Mundakako printzesa baten semea zela. Jendearen begirunea bereganatu zuen, trukuak -mairuak- lur horietatik bidali zituelako. Nolanahi ere, egiaztatu dezakegun datu bakarra zera da: Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusietan lehenengo jesarlekua zegokiola, elizaterik zaharrena izaki.

Ezkerreko olatuari esker ere herri ezaguna da Mundaka. Trenez joango gara hara, eta behin geltokira iristean, ezkerrera joko dugu (I); errepidea zeharkatu eta pasabide estuak Basamortu kalean utziko gaitu. Kiroldegiraino jaitsi ostean (E), ezkerraldean laga, eta Santa Katalina bidea adierazten duen seinaleari egingo diogu men (E).

Atzera egin, Basamortu kaleraino itzuli, eta eskuinetik jarraituko dugu (I). Kalea bukatzeaz bat, harresiek mugatutako bide estuan joko dugu aurrera (I). Bost minutuan trenbide azpitik iragan, eta 50 metrora ezkerrera sartuko gara, zuhaiztian gora (M). Minutu bian, jada porlanean, ezkerrean gora egingo dugu errepidea igarotzekotan, marka zuri-horiekin bat. Errepidea arreta handiz zeharkatuko dugu, eta segituan ezkerretara joko dugu (HE). Berastegi auzora ailegatutakoan, eskuinetik jarraituko dugu, eta bost minutura bidea beheratuko dugu. Orduantxe bizkarra emango diogu zementuari, ezkerreko PRko marka zuri-horietara hurbilduz (M). Harri txirri pistan 150 metro bete ostean, ezkerrera eta gora joko dugu (H). Aldats belartsuaren erdian lehenbiziko atea iragan eta bideari jarraituz. Etxola hondatua atzean utzi, eta, berehala, bigarren atea igaroko dugu.

Beheranzko bideak etxe handi baten ondoko errepidetxoraino eramango gaitu, non ezkerrera eta gora egingo dugun (HM). Hurrengo elkargunean eskuinera eta gora joango gara (M), hamar minuturen buruan hesitutako ur biltegira iritsiz (210 m, iturria). Orain, eskuinerantz egingo dugu (H), aldai nagusian gora une oro. Pista zabalak tontorreraino eramango gaitu hamabost minutuan inolako arazorik gabe.

Sollube, Jata, Ogoño...

Katillotxura iritsita (337 metro, buzoi bi eta erpina), alde batean Izaro uhartea eta Mundakako itsasadarra begiztatuko ditugu, Ogoño lurmuturra eta Atxarre mendia nabarmendurik; bestean, Sollube eta Jata. Lainoturik egon ezean, Gorbeialdea, Legarmendi eta Durangaldea ere begi-bistan izango ditugu.

Bide beretik ez bagara itzuliko, aurrera segi hamar metro, eta ezkerreko aldapa pikoan kontu handiz behera abiatuko gara (IE). 500 bat metro bete ondoren, ezkerrera egingo dugu legar pistan (IM). Hogei minutu betetzeke ur biltegira heldu, eskuinera eta behera jo (E), harik eta harriz beteriko aldaiarekin topatu arte. Ezkerretik (E) jarraituko dugu, tuliparbolak bidaide. Zuhaitz mota hori bitxi-bitxia da Euskal Herrian; udazkenean joanez gero, umeak zoratu egingo dira jausiriko orbel erraldoiarekin. Sei bat minutuan bihurgune itxira ailegatuko gara, eta eskuinari ekingo diogu (HE). Errekastoa ezkerrean herriraturik, trenera joan aurretik Andra Mari eliza, Talaia, Txorrokopunta, Kasinoa eta kaia bisitatzea biziki gomendatzen dizuegu.



Santa Katalinabaseliza, Mundakako itsasadarraren lekuko

Izen bereko penintsulan kokatua, ingurunearen edertasunagatik zein kokapen estrategikoagatik leku pribilegiatua da, eta Mundakako itsasadarreko mugimenduak ederto menderatzen ditu. Jatorrizko ermita egungoa baino txikiagoa zen, eta XVI. mendekoa zen. 1879an eraitsia, herriko biztanleen diruari esker berriro eraiki zuten 1885ean. Egungo baseliza 1980ko hamarkadan egindako zaharberritzearen emaitza da. Historian zehar eta hirigunetiko urruntasunagatik erabilera ugari izan du baselizak, besteak beste, arrantzaleen kofradiaren bilera lekua, izurrite gaixoen berrogeialdi gunea eta gertuko gotorlekuko bolborategia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.