Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Jentilen bideetatik

MENDIA. IBILBIDEA. Jentilen bideetatik.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Bargondiako Atxa, Indusi, Dima, Baltzola, Garaio
  • Distantzia: 10 km.
  • Iraupena: 3 ordu eta 10 mn.
  • Ingurunea: Joxe Migel Barandiaranek aztarnategi arkeologiko itzela aurkitu zuen 1932an Baltzolako kobatik gertu; gizakiak Bizkaian izandako presentziarik antzinakoena.
  • Estekak: Ibilbidea
2009ko martxoaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gaurko abiapuntura heltzeko praktikoena autoa izanda ere, autobusez joatea daukagu (Bilbotik, A3925). Dima-Otxandio errepidean 3,5 kilometro emandakoan, ezkerretik sartuko gara, bus geltokiarekin bat, eta Indusiko San Fraisku baselizaren ondoan utziko dugu ibilgailua. Egurrezko zubi ondoko bide-seinaleak Baltzolarantz abiaraziko gaitu (HE). 400 metro aurrerago Indusi ibaia berriro zeharkatu ostean,goiko baserriraino jarraituko diogu zementuari. Berau pista bihurtzen da baserrian (IE), ezkerreko Kobagane eta eskuineko Urrustei lekuko. Metro batzuk beheratu, Bisutzagaerrekastoa iragan, eta berehala Jentilzubi arkuaren azpitik igaroko gara. Aurreneko bihurgunea pasatu berri, eskumara irteten den bidezidorrak eraman gaitzake minutu batean hasieran aipatutako aztarnategira, Axlor haitzaren babesean. Ondo gogoratu, itzulian burutuko badugu.

Bost minutuz jarraituko dugu bide nagusian, eta Garaio aurrez aurre azaltzeaz bat, ezkerreko sakonuneari ekingo diogu, Baltzolako leizerantz (E). Eskalatzaileen paradisua ikuskatutakoan, 40 metroz egingo dugu atzera, eta ezkerrera joko dugu (E), Behikoba edo Abaro tunelaren bila. Behin zeharkatuta, errekastoaren beste aldera iragan, eta eskuinera egingo dugu (HM), bidexkan gora. Pista laua igarota, aurreko aldaiak pinudian sarraraziko gaitu (H). Bide zabalenari goiko elkarguneraino egingo diogu men, eta han ezkerrekoa hartuko dugu (IE). 15 minutu nahiko izango da gailurrera iristeko. Berehala basotik irteteaz batera, aldatsari albait txukunen emango diogu, zidortxoak tartekatu eta nahasten baitira.

Garaio tontorretik (573 m, burdina, buzoi berria eta jaiotza),Hurko Bargondiaz gain, San Lontzo ermita eta Baltzola auzoa begizta daitezke, mendiaren oinean. Jaitsierari, otea dela, elorria dela, kareharri solteak direla, arreta eskainiko diogu. PR marka zuri-horiak lagungarri gerta dakizkiguke. Behin lehengo pista lauan, eskuinera egin (IE), errekatxoa eta langa igaro, eta 5 minutuan Baltzola auzoan gara.

Bargondiara bidean

San Lontzo baseliza bisitatu ondoren, atzera joko dugu, eta ezkerreko pinudian sartuko gara (M). Gozo ibiliko gara 15 minutuz, hasieran gora, behera ondoren, baina leun une oro. Bide nagusia ez dugu alboratuko argiuneraino, eta eskumara joko dugu gero (IE), burdin sarea bidelagun. Behekoan, jarraitu 5 minutuz burdin hariraino; pasabidea zeharkatzeke gorantz lagunduko digu. Iparralderantz egin behar dugu gailurreraino, ahalik erosoena, ez baitago bide nabarmenik. Bargondiak (541 metro, buzoi berria eta zaharra) ikuspegi zabala eskainiko digu: Legarmendi eta Eskuagatx mendilerroak alde batean, eta Gorbeialdea bestean. Jaisteko bide zuzenagoari ekingo diogu, bidezidor eta harripiloekin bat. Horretarako, hegoalderantz 40 metro beterik, hego-ekialderantz zuzenduko ditugu urratsak; lepora heltzeko 10 minutu ez ditugu beharko. Behin lepoan, noranzkoari eutsi (HE) Astxiki muinoaren magalean, eta 7 minuturen buruan lehenagoko pista irekian izango gara. Ezkerrera (IE) joango gara, eta abiapuntura iritsiko gara.



Baltzola eta inguruak, pertsonaia mitologikoen bizitoki

Sugar, suge itxura daukan euskal mitologiako izakia, Mari jainkosaren bikotekidea da, eta maitaleok, elkartzean, ekaitz itzelak sortzen dituzte. Lur azpian -Baltzolako kobazuloan, hain zuzen- bizi da, eta zerua suzko igitaia balitz bezala zeharkatzen du. Bizkaiko Arratia haranean Sugoi izena hartzen du. Mundakako kondaira baten arabera, Bizkaiko lehen jauna, Jaun Zuria deritzona, Sugar eta Mariren arteko elkartze batetik jaio zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.