Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Lañuko Capadocia

MENDIA. IBILBIDEA. Lañuko Capadocia.
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Lañu, Santorkaria, Granado, Faidu, Gobak
  • Distantzia: 10 km.
  • Iraupena: 3 odu eta 15 mn.
  • Ingurunea: Ehunetik gora haitzulo artifizial daude Araban; Trebiñu aldera joko dugu Lañuko eta Faiduko ondare aberatsa ezagutarazteko.
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2009ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Ikaragarri aberatsa dira Arabako Mendialdeko eta Trebiñuko erliebe leunak haitzulo artifizialei dagokienez. Ehunetik gora daudela diote ondare arkeologikoa aztertzenibilitako ikerlariek. Aranzadik, Egurenek eta Barandiaranek osatutako hirukotearen eskutik iritsi zitzaizkigun barrunbeoi buruzko lehen teoriak. Gero, datu horietan oinarrituta, Armando Llanosek eta ikerlari talde batek Arabako haitzulo artifizialak katalogatzeari ekin zioten 60ko hamarkadan. Agustin Azkarate doktoreak tesi trinko bat aurkeztuta, haitzuloen misterioaren berri eman zuen 1988an.

Orain urte batzuk diseinatutako ibilbide txiki bati jarraituz, ikaragarri erraza egingo zaigu Faidu eta Lañu herrien arteko ondareari erreparatzea.

Granadoko baselizara

Lañuko eliza aurreko plazatxoan emango diogu hasiera ibilbideari. Iturriari begira, eskuinetik hartuko dugu beherantz doan porlanezko kalea. Santorkariako haitzuloetara bidean gaude, egurrezko seinale batek adierazten duenez. Hilerrira iristean, ezkerrera jo eta zuzen egingo dugu harik eta landa bideak eskuinaldera egin arte. Izan ere, eskuinetik irteten den basabide aldapatsu bat jarraitu behar dugu bihurgune horretara iritsi baino lehen. Gero, jaitsiera xumea egin ostean, basoan barrena doan xendari ekinda, zehar-zehar segituko dugu. Ibar xumetik gora egingo dugu ondoren. Ur emaririk ez dakarren arren, sakonunearen paraleloan jarraituko dugu, gorantz. Basoa zabaltzean, beheko ibar nagusiari jarraituko diogu, hots, ezkerraldetik doan bidexkari. Basabide batekin topo egingo dugu ibarra bukatu bezain pronto. Ezkerrera egingo du orduan, eta bide zabaletik segituko. Bide sarda batean, ezker-eskuin egin barik, zuzen joko dugu Albaita herritik datorren errepidearekin bat egin arte.

Asfaltoa zapaldu gabe, 180 graduko bira egingo dugu ezkerrerantz, eta, minutu batzuen buruan, Santorkaria gaina zapalduko dugu. Tontor xumea bada ere (762 m), Gasteizko mendietako hegoaldeko paisaiaz gozatzen utziko digun gailur panoramikoa da. Trebiñuko eskualdean gailentzen diren Cerro eta Moraza tontorrak ere begi bistan izango ditugu. Gandor zabaletik segituko dugu, gero, bigarren tontorrerantz. Hura igo aurretik, haatik, ezker aldera (behera) hartuko du bideak, gailurreriatik aldenduz. Jaitsiera txiki baten ondotik, beraz, zehar-zehar bideratuko gaitu bideak Santorkariako haitzuloetaraino.

Haitzuloen ondoko bidexka bidaide, errepidera jaitsiko gara. Eskuinera egingo dugu asfaltoan, nahiz eta PR zidorrak bide okerra adierazten duen. Pabiloi baten aurrean, errepidetik atera, eta, Granado baselizara jotze aldera, ezkerrera egingo dugu. Lau bideren elkargunean, Albaitara doana eskuinean utzi eta zuzen jarraituko dugu, gorantz. Granado baseliza berehalakoan agertuko da; bideaz bestaldeko zelai batean. Ermitaren atzealdetik doan bidea segituko dugu mendebalderantz. Granado erreka zeharkatuta, ezkerreko bidea hartuko dugu, eta Bigarramendiko lepora igoko gara. Faiduko errepidera jaitsiko gara gero. Asfaltoan ezkerrera eginez, Iturriko plazara iritsiko gara. Ezkerreko kaletik segituko dugu, eta, seinaleei jarraituta, Haitzaren Andre Mariako baselizara igoko gara.

Lañuko Gobak

Diagonal bat trazatuz, ermitaren eskuinaldetik igoko gara basabide batekin elkartu arte. Pista horretan eskuinera eginez, Kruzia tontorrera iritsiko gara. Behera doan bide nabarmenetik segitu ordez, ipar-ekialdera (eskuinera) egingo dugu; gandorrari eutsita, bestela esanda. Granado ermitaren inguruko aspaldiko silizezko harrobiak begi bistan izango ditugu talaia polit batetik. Bidexkak hegoaldera egiten badu ere, 180 graduko bira egingo du segituan, eta, basoan zeharreko jaitsiera polita egin ondoren, areazko harrobietara iritsiko gara.

Basotik segitzeko gonbita egingo digu bideak, eta, bi aintziraren artetik igarota, harrobietako eraikinetara iritsiko gara. Bulegoa izandako etxe aurrean garelarik, eskuinera jo eta elektrizitate transformadorera iritsita, ezkerreko bideari ekingo diogu, goratasuna hartzeko asmoarekin. Lepora iritsita, bide nagusitik segi, eta, galsoro baten ertzetik igarota, Gobetara doan bidexkarekin -GR 38 zidorra- bat egingo dugu. Ezkerrera hartuko dugu bidebanatze horretan multzo historikoan joan-etorria egiteko. Azken metroak Lañuko plazaraino asfalto gainean egingo ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.