Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Lasturko haran gordea

Lasturko Plazaolako errota 2
Lasturko errota.
MENDIA. IBILBIDEA. Lasturko haran gordea.
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Itziar, Santa Katalina, Deba, Lastur, Urreitzu, Saltsamendi, Andutz
  • Distantzia: 19 km.
  • Iraupena: 4 ordu eta 30mn.
  • Ingurunea: Itziar eta Deba lotzen dituen bidea egin ondoren, natur eta kultur ondare handia duen Lasturko haranean murgilduko gara, paraje bakartien xarma bilatuz.
  • Estekak: Ibilbidea
mikel arrizabalaga
2010eko ekainaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lasturko erdigunea etxe gutxi batzuk osatu arren, harana oso ezaguna da aspaldidanik. Bertan dagoen harrobitik ateratako harria oso erabilia izan da Euskal Herriko eraikin eta kale askotan, baina seguruenik, Arantzazuko santutegia izan da famatuena. Jorge Oteiza artista handia ere han izan zen harrien kalitatea aztertzen. Harriak ospe handia eman dio, baina bertan dagoen zezen-plaza txikian Europako behi arraza autoktonorik zaharrenetakoak diren larrabehi eta betizuak bertaratzen direnen gozamenerako ateratzen dituztela esan behar da. Zezen-plazaren inguruan taberna, frontoia, San Nikolas Tolentino eliza eta eraberritutako Plazaolako errotak aurkitu ditugu.

Itziartik Debara

Itziarko Ama Birjinaren santutegiaren ondoan eman diogu hasiera ibilaldiari. Kanposanturantz doan porlanezko bidean barna heldu gara Antsorregi baserrira, eta bertan ikusi ditugu bidelagun izango ditugun PR-GI 44 ibilbidearen seinale zuri eta horiak. Atzean utzi ditugu Gaztañeta, Zabala eta Donianeko baserriak, eta Ollokira iristean Santa Katalina ermitarantz jarraitu dugu. Talaia paregabe horretatik Matxitxakotik Landetaraino marrazten den euskal kostaldearen ikuspegi ederraz gozatu dugu. Garai batean ermita horretan San Joan eta Santa Katalina egunetan ospatzen ziren erromeriak imajinatuz, Debarantz jaisten hasi gara. Puntu horretan, Gipuzkoako Birari (GR 121) dagozkion seinale zuri-gorriak eta horiak (PR-GI 44) elkartzen dira. Malda pikoak Debako hondartzaraino eraman gaitu.

Debatik Lasturrera

Hondartzako pasealekua puntatik puntara zeharkatu ostean, ibaiaren ondotik jarraitu dugu. Bilborantz doan N-634 errepidearen paraleloan balizaturik dagoen bidetik Artzabal auzora heldu eta bertan sartu gara. Antsondo baserrira igotzen den errepidea laster utzi, eta zentral elektrikoaren ondotik ateratzen den bidezidorra hartu dugu. Egurrezko hesolan Lastur izena eta kolore zuri eta horiak margoturik. Mendian gorantz egin dugu, emeki-emeki, Istiña leporaino. Aurrez aurre Arno mendia bere magalak kantauriar artez osatutako geruza batez estalirik. A-8 autobidearen azpitik pasatu eta Goikoetxea baserrira igo gara, Deba urez hornitzeko balio izan zuen ubide zaharraren ondora.

Garai batean etxez etxeko ur hornikuntzaren egoera kaskarrari irtenbidea eman zion ubide horrek Lasturko ibarra zeharkatzen du. Egun ez da erabiltzen, eta PR-GI 44 ibilbide balizatuaren zatirik ikusgarri eta ederrena bihurtu da. Arbil, Aitzgaizto, Lizarreta eta Otarre mendien magalak zeharkatzen duen bide horrek haran idiliko horren postalik ederrena eskaini digu. Bidetik at, ubidearen gainaldean, Telesforo Aranzadik eta Joxemiel Barandiaranek induskatu zuten Arbileko haitzuloa dago. Erraz egin dugu Lasturreraino dagoen distantzia. Atsedena hartzea erabaki dugu, eta, horretarako, auzoan dagoen tabernan hamaiketakoa egiteko beta hartu dugu. Indarberritu ostean, zezen-plaza txiki eta ospetsuaren ondoan dauden San Nikolas Tolentino eliza eta Plazaolako errotak bisitatu ditugu.

Lasturretik Itziarrera

Erroten atzeko aldetik ateratzen den bidetik Murgizar baserrira igo gara, Itziar eta Lastur lotzen dituen errepidea zeharkatu eta bide seinaleek erakusten diguten norabidean aurrera egin dugu. Bidegurutze batera heltzean, PR-GI 44a utzi, eta Orreitsu aldera igotzen hasi gara. Marka zuri eta horiak jarraituz gero, Esteia baserrira iritsiko ginateke, eta ondoren, Andutz mendiaren haranetik Itziarrera itzuliko ginateke. Gure asmoa Andutz mendira igotzea denez, gasarentzat irekitako bide zabal eta erosotik gorantz egin dugu, eta Orreitsu lepora iristean, Izarraitz mazizoaren eta Lasturko haranaren ikuspegi bikaina eskaintzen duen Saltsamendira igo gara. Etorritako bidezidorretik atzera egin, eta Orreitsuko lepora itzuli gara Andutzeko gailurrera igotzeko azken maldari aurre egiteko asmoz. Erpin geodesikoa lehenik eta metro batzuk aurrerago gurutze erraldoia. Kostako ikuspegi ederra edukitzeaz gain, Itziar eta bere lurretan barreiaturik dauden hamaika baserrik postal bikaina osatzen dute. Abiapuntura itzultzeko, Elutzeta lepora jaitsi gara maldan behera azkar batean eta industrialdea zeharkatu ondoren, herrian sartu eta santutegira igo gara.

Itziar txikia da, baina bere auzoetan handia eta zabala, Gipuzkoan dauden herrietan zaharrenetakoa, 1027an Iruñeko gotzaitegiko artxiboko agirietan aipatua. Azken bi hamarkadetan herritarrek udalerri independentea eratzearren hainbat ahalegin egin dituzte, baina oraindik Deba herriko auzunea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.