«Oihartzun zakarra zabaldu da goialdeetatik...». Horrela irudikatu ohi dugu adarren deiadarra, Batzar Nagusietara deitzeko Bizkaiko bost mendi tontorretatik lau haizetara hedatzen ei zena. Testu idatzietan sarritan aipatu izan da Bizkaiko bost deiadar-mendiak Gorbeia, Kolitza, Oiz, Sollube eta Ganekogorta direla. Horietako batera hurreratuko gara oraingoan; Kolitzara, hain zuen.
Balmasedako (Bizkaia) tren geltokitik edo, bestela, ondoko aparkalekutik abiatuta, Kadagua ibaiaren gaineko zubia zeharkatuko dugu. Ezkerrera egingo dugu, eta, behin San Seberino plaza atzean utzirik, Hedegile kalean segituko dugu. Gasolindegia ezkerrean utzitakoan, eskumatik jarraitu, eta berehala Graziako Andra Mari kalera iritsiko gara. Errepidetxo horrek Pandozales auzora eramango gaitu ordu erdian, non eskuinera eta gora egingo dugun (I).
Hemendik aurrera GR marka zuri-gorriak izango ditugu bidelagun, bost minuturen buruan porlanari nahiz legarrari jaramonik egingo ez diegula, eskumako zidortxoari ekinez (IM). Hirugarren elkargunean zuzen eta gorantz joko dugu, noranzkoari eutsirik (M). Hurrengoan berdin jokatuko dugu, laster harri-txirri pistarekin bat eginez. Ezkerrera joanda (HM), gaineko baseliza bistan izango dugu. Bizpahiru minutuan eskumara eramaten gaituen harri idatzia ikusteaz bat, pista alboratuko dugu, berorri men eginez (M). Iturrian, ezkerreko aldaian egingo dugu gora (HE). Pasabidea iragandakoan, bide erosoari ekingo diogu, harik eta sigi-sagan tontorrera heldu arte.
Kolitza mendia (879 metro, erpina eta buzoia) leku aparta da, merezitako atsedena hartu eta mokadua jateko, baita umeekin jolasteko ere. Gailurretiko ikuspegia bikaina da, Burgosko Magdalena mendilerroa, Karrantza ibarra eta Ordunteko mendiak nabarmentzen zaizkigu dotore. San Sebastian eta San Rokeren omenezko baselizan dago buzoia. Arkuko idazkiari kasu eginez gero, 1111. urtean eraiki zuten, eta San Rokeren babesean -izurriaren kontrako zaindaria- ipini ei zuten XVI. mendean, Balmasedak izurritea jasan zuenean. Gaur egun ere, laurehun urteko usadioari eutsiz, Kolitzara igotzeko ohitura errotuta dago Mendekosteko bigarren egunean. Terreros lepoan aterpetxea eta elur zuloa daude.
Hego-ekialdetik ekingo diogu jaitsierari; amildegia ezkerrean, berehala hondatutako bidea zapalduko dugu. Tentagarria bazaigu ere, eskumako legarrezko pistari ez diogu kasurik egingo, eta PR-ko marka zuri-horiak bidaide jaitsiko gara astiro-astiro, arretaz ibiltzeko bidea baita. Hamabost bat minutuan lehengo elkargunera eramango gintuzkeen legarrezko pista zeharkatuko dugu. Ekialderantz jo, zuzen, lurrezko bideari emanez. Hogei bat minutuz ezkerrari eutsiko diogu, harik eta ezkerreko basoan sartzera gonbidatzen gaituen harripiloa ikusten dugun arte (E).
Beheranzko zidor leunak ederto disfrutaraziko digu jaitsiera hamar bat minutuz, aldai zabalarekin bat egingo dugun arte. Eskumara joko dugu bertan (H), eta hamabost bat minutuz ibili ondoren, ezkerrera eta behera jarraituko dugu.
Bide nagusiari ekin behar diogu une oro, eskumako pistei bizkarra emanez. Errekastora iristeaz batera, eskumatik segi atsedenlekuraino. Bertako ezkerreko porlanezko bidea alboratuko dugu, eskuinera hartuz (E). Erreka ondoko bidean jarraituko dugu, gozo, tarteka egurrezko zubi batzuk zeharkatuko ditugula. Burdin-hesi berdera iristean, eskumatik inguratuko dugu, Balmasedara eramango gaituen errepidean izan arte. Herriratzean, polizia etxea ezkerrean, eskuinetik segitu Kalbario kalean behera. Behin Zubi Zaharrean, berau igaro eta ezkerrera joko dugu, eta hamar minuturen buruan tren geltokian nahiz aparkalekuan izango gara.
Mendi ibilaldia
MENDIA. IBILBIDEA. Lehen hiribildua deiadar-mendietan
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Bizkaia
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Balmaseda, Pandozales auzoa, Kolitza
- Distantzia: 14,8 km.
- Iraupena: 4 ordu.
- Ingurunea: Bost menditatik egiten zen Bizkaiko Batzar Nagusietarako deia; deiadar-mendi horietako bat dugu gaurko jomuga: Kolitza.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu