A-15 autobidea eraiki zutenetik maiz igaroko zineten Elostako mendi arboleztatuaren magaletik, baina halakoetan gertatzen den moduan beste parajeen bila joango zineten, auto barruan ziztu bizian, eta mendi horiek alboan utziko zenituzten, ahazturik. Oraingoa duzue Elosta ezagutzeko aukera paregabea. Interes gutxi eta ikuspegirik batere eduki ez arren, tontorra hartzea eta mendiaren mendebaldean, Araitz ibarraren gainean dagoen balkoi naturalera iristea da asmoa: Trontxalekura. Begi-bistak hartuko duen gozatua ez zaizue berehalakoan ahaztuko. Aralarko Malloek osatzen duten hormatzar maldatsua izango duzue aurrez aurre, eta haien altzoan babesten diren larre berdez inguratutako herrixkak nahiz sakabanatutako hainbat baserri, beherago. Araitz ibarreko Arribetik ekitea da gure proposamena.
Araxes ibaia zeharkatuta, San Migel elizako dorrepeko pasabidetik ekin behar diozue ibilbideari. Arku zorrotz dotorea igarota eskuinera jo, Arribeko azken etxeak eta arditegi handi bat atzean utzi eta behetik gorako bideari eutsi. Nabarmen egiten du gora porlanezko bideak, eta berehala ikusiko dituzue behean Arribe nahiz Atalluko etxeetako teilatu gorrixkak. Hainbat bihurgune eman eta porlanezko zoladura amaituko da Sasain mendiaren bizkarreko gainetara irten aurretik (390m). Metro batzuk aurrera egin eta bidegurutze batera helduko zarete. Seinale batek, ezkerrera, Uba borda auzora bidaliko zaituzte; Gorritira, eskuinera. Azken horri kasu egin eta laster ekingo diozue malda pikoari -20 bat metro eskuinera Sasaingo iturria duzue-.
Patxadaz hartu bidea, gogorra eta atsedenik gabea baita. Azken metroak gainditzeko bihurgune pare bat eman ondoren, Malkor Haundi eta Elosta lotzen dituen Haizetxulo lepora irtengo zarete (705m). Gorritiko lurrak mugatzen dituen alanbre hesia gainditugabe, eskuinera jo, eta pagadipeko zidor lausoei segika, lehen muinoa eskuinetik inguratu eta igo zaitezte bigarrenera (750m). Hor, hesiak egiten duen moduan, ezkerrera egin, jaitsi lepo belartsura eta oinezko pasabidetik barrena Larraungo lurretan barneratu, eta pagadian gora jarraitu. Laster egingo duzue bat Gorrititik datorren pistarekin, eta hari segika Untzibar izeneko sakonunera helduko zarete.
Zabala izan arren, ez da oso sakona. Zuhaitz sail bat du hegoaldean, baina bide belartsua iparrean, alderik alde zeharkatzen duena. Hortik joan, eta Igotako punta harritsua eskuinean utzi. Sakonunetik irtendakoan hartu ezkerrera, eta berehala zarete Hirumugarrietan (860m), hiru udalek bat egiten duten puntua adierazten duen harrian: Arribek, Gorritik eta Beteluk. Hortxe dago arestian aipatu dizuegun begiratokia, Malloen ikuspegi paregabea eskaintzen duen talaia naturala. Balerdiko profil berezitik hasi eta Uakorri, Aldaon eta Intzako Dorretik Ttutturrerainoko tontorrak dituzue aurrez aurre, eta Azkarate, Gaintza, Uztegi, Intza eta Errazkingo etxeak haien magalean. Egon ikusmiran, luze, merezi du eta.
Itzulerarako bi aldaera
Sakonunea inguratuz aurrera segi gune garaienaren bila. Oker-oker eginda, zuhaizpean, elorri zurien artean ezkutaturik dago suziri itxurako buzoia (928m), eta, ondorioz, ikuspegirik ez du batere. Bizkar luzean behera, pixkana-pixkana beherako bideari ekingo diozue. Sakonuneari bira ematen jarraituz, zuhaizpetik soilgune batera irtengo zarete, eta hortik behera laster ikusiko duzue pista bat; Gorrititik dator, eta hegian gora igotzen da. Haraino iritsi baino lehenago, ordea, haren gainetik doan bide zaharrarekin egingo duzue bat. Bide horretatik jaitsi, eta, jada behean, pistara irten. Haizetxulo lepora (705m) iritsiko den bidea hartu behar duzue ondoren, eta igoerako bideari heldu, eta behera egin.
Sasaingo iturri parean (385m), berriz, igoerako bidea jarraitu beharrean, zuzenean behera jo dezakezue, arrasto zuri-hori erdi borratu batzuk bidelagun. Bide zaharrak, lubizi batetatik igarota eta gero, igoerako lehen bihurgunera jaitsaraziko zaituzte, jada Arribeko etxeetatik gertu.
Ibilbidea luzatu nahi izanez gero, azken zatirako aukera duzue hau: Elosta mendiaren sartaldeko isurialde malkartsua igaro eta Perraiaga baserritik behera, Arribera jaistea. Horretarako Sasaingo iturrira iritsi aurretik, ezkerrera dagoen lehen bide-banatzetik jo behar duzue. Zertxobait gora egin, goi tentsioko zutabe baten ondotik igaro, eta borda zahar baten hondarretara iristen da lehenik. Ondoren, eskuinean Arribeko ikuspegi aparta duzuela, hegi harritsua zeharkatuko du zidorrak. Erreka zokoa gurutzatu, eta, bide garbiagotik behera, eraberritutako bordara ailegatuko zarete (415m). Bizkarrean behera, bordaz borda, aldiz, herriguneraino.
Mendi ibilaldia
MENDIA. IBILBIDEA. Malloetako begiratokia
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Nafarroa
- Zailtasuna: Erraza
- Tontor eta leku izenak: Arribe, Sasain, Haizetxulo, Elosta
- Distantzia: 8,4 km.
- Iraupena: 3 ordu.
- Ingurunea: Nafarroako Araitz ibarretik abiatuta, Elostako gain biribildua igoko dugu Aralarko Malloetako benetako begiratokiaren bila.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu