Aldats pikoak lehenengo izerdi tantak ekarriko dizkigunez, txiri-txiri igotzea komeni zaigu. Lurrezko pista lauarekin elkartzean, berau zeharkatu eta goiko hesirantz segituko dugu. Atera heltzerakoan, ezkerreko zidortxoari ekingo diogu. Bost minutu igarotzeke pista zabala zapalduko dugu, eta hor ezkerrera egingo dugu. Segituan, bihurgunean, eskumatik jarraituko dugu, ezkerreko bideak alboratuz -zidorra txirrindulariek erabiltzen dute jaitsierak egiteko, berorrek dakarren arriskuarekin-.
Bide nagusiari men, uneoro hego-mendebalderantz joko dugu zalantzaren bat sortuz gero. Larreinetara heltzean, kale artera garamatzan porlanari bizkarra eman, eta zuzen joko dugu. Zubitxo azpitik iragandakoan, beheratzen hasiko gara, meategietako zulo zaharretan sortutako aintzirak -Carmenes, El Negro eta Ostion, hurrenez hurren- jada begi bistan. Lehenengorantz joango gara; aintzira ezkerrean utzi eta eskuinera hartuko dugu. Pista zabala bidaide, bost minutuan eskumara egingo dugu, eta bigarren aintzira ezkerrean utziko dugu. Ehun metro pasatzeke, ezkerrera jo eta bide nagusia utziko dugu. Jarraian, ezkerrera, Mendibil gailurreko antena erraldoia aurrez aurre. Beheko panorama aitzakia ederra izango dugu aldapa pikoan atsedena hartzeko. Hogei minutuan gora iristean, ezkerrera, harik eta marka gorriek hesidun antenatzarrera gerturatzen gaituzten arte. Hesiaren kontra tontorreratuko gara.
Tontorretik ikusmira ederra
Mendibil ( 554m) puntatik Ganekogorta-Gallarraga, Grumeran mendikatea eta kostaldeko mendiak nabarmenduko zaizkigu bertatik. Bide beretik jaitsitakoan, aurrera joko dugu errepidetxoan behera. Argalariora (521m) hurreratu nahi izan ezean, estreinako elkargunean ezkerrari ekingo diogu. Aurrera jo gura dutenek errepidean edo eskuineko belarditik jarraituko dute. Ezkerreko eraikin hondatua atzean utzirik, eskuman segi, belartzan gora, berehala gailurreko buzoia eta oroitarria ikusi arte. Tontorretiko bista apartari tartea eskainiko diogu, eta, eguraldia lagun, leku ezin hobea da mokadua edo atsedena hartzeko.
Atzera egin eta bost minuturen buruan, argindar dorreetara heltzean, eskumara egingo dugu 100 metroz, Bitarratxu (522m) bisitatuko badugu, behintzat. Errepidean beheratzea egonda ere, ezkerreko marka gorriei jarraituko diegu, Parkotxa-Barrionuevora iritsi arte. Kilometro bat bainogutxiago izango dugu faltan funikularraren erosotasunaz gozatzeko. Trapagaranera iristean, bus-geltokira edo tren geltokira abiatuko gara, etxera itzultzekotan.