Lehen elurteak etorri aitzin, Euskal Herriko gailurrik nagusienen ekialdeko bi lakuak ezagutuko ditugu
Asier Agirresarobe-
Muskilda Tellabide
Biarnoko Aspe haranetik gora Laskun herrirako errepide malkartsua hartu behar duzue. Herrigunera heldu baino lehen topatuko duzuen bidegurutzean, aldiz, Pont de Masousa adierazten duen bidetik jarraitu. Asfaltatutako bide mehar bihurgunetsuak zirku eder hartako bazter hartara eramango zaituzte, zelaiak eta bordak atzean utziz, haitz zorrotz eta harritsuen oinera (960 m). Aparkaleku galanta dago han bertan, eta hor uzten da autoa negu partean, gailurrak zuri direnean. Elurrik ez badago, baina, hala-holako pista batetik gora Lamary zubiraino (1.170 m) igo zaitezkete. 45 minutu dira oinez, baina aurretik ibilbide luze samarra baduzue, dezente laburtzen da, batez ere itzuleran.
Zubia igaro eta Ansabereko haranean gora jo behar duzue, oso erabilia den bidetik. Orratz ikusgarriak aurrez aurre dituzuela Ansabereko lautada zabalera iritsiko zarete (1.360 m). Paraje ederra benetan. Ganadua erruz egon ohi da bazkan belaze berde horietan; zintzarri burrunba, beraz, ohikoa duzue. Hiru Erregeen Mahaiara igotzeko Escoueste lepora doan harana eskuinean utzi ondoren, errekastoak marrazten dituenbihurgunetako bat zeharkatu eta basoan murgiltzen den bidea jarraitu behar duzue. Pagadipean gora hainbat bihurgune eman eta mendi soilera irtengo zarete, Ansabereko txaboletatik oso gertu, Ansabereko orratzen oinera. Harri bloke itzel batzuen babesean dago txabola nagusia, artzainaren udako etxea izateaz gain, mendizalearentzat aterpe txiki bat du eraikuntzaren albo batean (1.570 m).
Petrechemako lepora igotzen den ibarrean sartu beharrean, aurkako norabidean doan zidorra jarraitu; harana luzearen goialdean, lautadatxo txiki batean, han aurkituko baituzue izen bereko lakua (1.860 m). Tamainaz handia ez izanagatik, handia du ikusmira, eta eguraldi ona lagun baduzue, Petrechema nahiz Hiru Erregeen Mahaia tontorren isla ikusi ahal izango dituzue lakuko uretan. Gehiago duzue artean igotzeko. Hortaz, segi ekarri duzuen zidorrean gora. Hasieran zuzenean gora badoa, laster eskuinerantz jotzen du nabarmen, gandorreko igarobiderik baxuenaren bila (1.990 m). Isurialdez aldatu eta Aragoiko lurretan sartzerakoan, zidorrak beherantz Acheritoko aintzirara eramango zaituzte (1.875 m). Aurreko lakuan paisaia bikaina bazen, are ederragoa topatuko duzue Atxeritoko lakuan.
Aintziraren isurbidetik igaro ondoren ibilbideko zatirik zailena egingo duzue jarraian. Lakua ekialdetik ixten duen murrua gainditu beharra dago. Igo beharrekoa asko ez izan arren, bide garbirik ez dago, eta lakuaren ertzetik gora igotzen diren malkarrak haitzetatik eroritako higakinez beterik daude, ibiltzeko deseroso eta arriskutsu samar eginez. Bi dira dituzuen aukerak: lehena, luzeagoa den baina ez hain malkartsua den eskuineko zidorretik igotzea, Mallo Cristian tontorrera; bigarrena, ezkerragotik, Larraille eta aurreko tontorra bereizten dituen lepora higakinezko malda gogor batetik igotzea. Behin lepoan (2.100 m), zidor malkartsu batetik gora zailtasunik gabe igo zaitezkete Larraille edo Punta d'a Ralla tontorrera (2.147 m). Ikusmira aparta, ikustekoa! Igo zaitezte ahal baduzue, ez zarete damutuko. Bi isurialdeak menperatzen dira, tontorrak buelta guztian...
Tontorretik hurrengo lepora zuzenean jaisterik ba omen dago, baina azken zatia igotako bide beretik behera egitea duzue hoberena, errazena behintzat (2.100 m). Hor, haitzaren hegoaldeko hormaren oinarritik doan zidorra segitzea besterik ez duzue Larraille lepora zailtasunik gabe iristeko (2.010 m). Echoko isurialdean oraindik, aipatzekoa da behealdean ikus daitekeen Santa Maria izeneko sakonune edo zador zabala, igo dugun tontorra, Lariste eta Burcq tontorrez inguratua; ganadu franko egon ohi da goi larre horietan bazkan.
Lepotik behera higakinezko ibar mehar batetik behera egingo duzue lehenik; hasieran batez ere, malda gogor samarrak ditu. Jarraian, artzain borda zahar baten hondakinak igaro eta kareharrizko haitzen behealdean dauden larreetatik behera, behi eta behor saldoen artetik. Basoaren gerizpean sartuko zarete ondoren, eta soilgunetik azkenik, Lamary zubirainoko azken metroak burutu beharko dituzue (1.170 m).