Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Sorgindutako bidean barna

MENDIA. IBILBIDEA. Sorgindutako bidean barna.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Arrazola, Andasto, Tellamendi, Belamendi, Besaide
  • Distantzia: 14 km.
  • Iraupena: 3 ordu eta 50 mn.
  • Ingurunea: Bizkaiak, Arabak eta Gipuzkoak bat egiten dute Besaideko muinoan. Arrazolatik abiatuta, Andasto eta Tellamendi igoko ditugu txangoan, Anboto eta Udalatx zelatari ditugula.
  • Estekak: Ibilbidea
2010eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Arrazolara (Bizkaia) heltzeko aukera bakarra, autoa bazterturik, Durangotik datorren A3913 Bizkaibusa dugu. Atxondo udalerriko auzoa dugu Arrazola, eta, behin bertara iritsita, aparkalekuan gora abiatuko gara (H), eliza eskuman utziz. Anboto aurrez aurre jarraituko dugu porlanean, lehenengo elkargunean ezkerrera (HM) eta hurrengo bietan eskuinera (E, H) egingo dugula. Errepidetxoa bukatu eta 100 metrora, eskumako lur bideari ekingo diogu (IM). Ur biltegian ezkerreko aldaitik sartuko gara (HM), bide leuna lagun, harik eta hamar minuturen buruan genekarren pista alboratzeaz bat zuzen jotzen dugun arte (H, harmailak, harripiloa eta marra horia). Atea iragan osteko elkargunean eskuinari emango diogu (HM), errekastoa igaro barik, pagoak eta haritzak bidaide. Marka zuri-horiei nahiz horiei men une oro, despistatu barik, hasi eta ordu eta laurdenera lepotxora helduko gara. Andastora igoko bagara, bost minuturekin nahikoa izango dugu hemendixe tontorra zapaltzearren (822 m, buzoia). Anboto eta Izpizte ez ezik, Gorbeialdea, Aizkorrialdea eta Aralar ere azalduko zaizkigu begi bistan.

Lepora bihurtutakoan hegoaldera joko dugu, harik eta hamar minutu betetzeke Tellamendirantz garamatzan kartelarekin topo egiten dugun arte. Pistan hasiko gara jaisten (H), berehala oinek belardi leuna aprobetxatzea edukita ere. Dena dela, esan beharra dago behe lainoak jota aldaiari jarraitzeari egokiena irizten diogula. Lehen elkargunean ezkerrera (E) eta hurrengo bietan noranzkoari eutsiz (HE), ez dugu ezelako zailtasunik izango gailurreraino iristeko.

Tellamendi (835 m, gurutzea eta buzoia) Araban kokatuta ere, ez daukagu gaina zapaltzeko paradari muzin egiterik. Tontorretik Aramaioko Ibarra, Orisol, Izpizte, Anboto, Udalatx, Aizkorri eta Aralar begiztatzen dira, besteak beste. Zoritxarrez, honez gain abiadura handiko trenak ekarriko dituen kalteen lekuko izango gara aldi berean, txikizioa dagoeneko nabarmena baita. Ipar-ekialderantz beheratuko gara, bide belartsuak Lurgorri tontorñoraino lagunduko digula. Hemendik aurrera arreta handiz jaitsiko gara pagadian, ezkerreranzko joeran (I). Basoa bukatzeaz bat, GRko marka zuri-gorriei egingo diegu kasu, aldaiak berehala lepora zuzenduko gaituela. Eskuinera oraingoan (E), segituan iparraldeari ekingo diogu, eta hogei minuturen buruan Besaidera (564 m) ailegatuko gara.

Anboto eta Udalatx artean gara, berau hurbilago izan arren. Arrazolara itzultzeko orain arteko marra zuri-gorriei bizkarra emango diegu, eta goiko oroitarritik jaitsi eta behekoaren eskuinera joko dugu (IMM). Bide nabarmenari segitu behar zaio betiere, harriekin kontuz tarteka, labaingarri egon ohi baitira. Besaidetik hogei bat minutura zuzen joko dugu elkargunean (HM), beheranzko pista nagusia ezkerrean utziz (HE). Behin oinezkoentzako pasealekuan, Arrazolako antzinako trenaren gaineko informazioa irakurgai izango dugu, baita San Roke baselizari erreparatzeko aukera ere. Hamabost minutu iragan barik, herria -batez ere kanpandorrea- bistan jadanik, errepidea lagun egingo dugu ezkerrera (HM), eta segituan eskumara jo, hasierako aparkalekuraino.

San Pedro eliza bisitatzea aukera polita da. XVI. mendeko idazkietan aipatzen denez eta elizako plakan irakur daitekeenez, euskarazko lehenengo meza hantxe eman zuten



Besaide, hildako mendizaleak gogoratzeko bilgune

Bizkaiak, Gipuzkoak eta Arabak bat egiten dute Besaiden. 1955eko urriaren 30ean inauguratu zen bertako oroitarri ederra -Mañariko harrobietako kareharria erabiliz-, Mont Blanc mendian istripuz lau mendizale hil (Manuel Yanke, Carlos Ugartetxe, Enrique Bacigalupe eta Jose Maria Peciña) eta urte bira. Urtean behin, irailean, Oroimen Egunera azaltzen dira Euskal Herri osotik joandako mendizaleak nahiz senideak, mendiak eraman dituenak gogoratzearren. Meza egiteaz gain, dantzariek, txistulariek nahiz hitzaldiek leku izan ohi dute Besaideko ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.