Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Urdanotako Ttutturre, Intzako mailoetan

MENDIA. IBILBIDEA. Urdanotako Ttutturre, Intzako mailoetan.
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Intza, Agingako iturria, Abateko lepoa, Ttutturre
  • Distantzia: 11,5 km.
  • Iraupena: 4 ordu eta 15 mn.
  • Ingurunea: Ekialdeko mailoetan goititzen den tontorrik ederrenetakoa da Ttutturre, Araitz bailarako piramidea. Hori igotzea da gaurko asmoa.
  • Estekak: Ibilbidea
ASIER AGIRRESAROBE- MUSKILA TELLABIDE
2008ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Mendi malkartsu eta harritsu segida dira mailoak, Araitz bailarara bortizki amiltzen direnak. Antzinatik, ordea, artzainak ondo moldatu dira malda latz horietan gaindi eta harrate edo mendi lepoetatik barrena, goiko ordokietako larreetara artaldea igotzeko. Igarobide jakinak dira, zehatzak, gaur egun artzainek baino gehiago mendizaleek erabiliak. Baratzailek, Arrutako lepoak, Illobik, Abateko lepoak eta Belutako langak Aralarreko goi larre zabaletara bideratuko zaituzte, Araitz bailaratik igoz gero. Igarobide bakoitzak bere abiapuntua du, eta Ttutturreren oinean Abateko lepoa zabaltzen denez, Intza herria izango duzue gaur abiagunea. Zalantzarik gabe, inguruotan egin daitekeen igoera ederrenetakoa duzue zain, Pirinioetan egin daitezkeenen parekoa.

Betelun gora Intzara iritsiko zarete. Sakabanatutako baserriz osatua, herrigune garbirik gabeko herria da. San Migel eliza ezkerrean utzi, hurrengo bidegurutzean ezkerrera jo, eta etxe multzo batera helduko zarete berehala (315 m). Eskuinera hartu hor, etxe artetik igaro, eta gora zuzen-zuzen doan porlanezko bidetik jarraitu, harik eta legarrezko bidea azken baserriraino iritsi arte, Alsonegoikoara (485 m). Ezkerrera egiten du hor bideak, eta laster zuhaitz artean barneratzen da. Une batzuetan, batez ere zati horretan, sastrakak direla eta, bidea itxia dagoela irudituko zaizue agian. Ez larritu, pasa ahal izango zarete, eta hainbat bidegurutzetan, gainera, harri-pilak izango dituzue gidari.

Garai bateko belardia igaroko duzue hurrena, behetik gora, hormapeko basora iritsi arte (600 m). Pagadian gora Abateko leporaino galbiderik gabe eramango zaituzten bide dotorea hasiko da. Gora egingo du lehenik, ondoren kareharrian zabalduriko bihurgune parea egin eta eskuinera jo, malda gutxiagorekin. Zuek aurrera jarraitu, eta gozatu ikusmiraz, behean baitituzue jada Intzako baserriak. Pixkanaka, Agingako iturria bidean (995 m) pendiza berriro malkartuko da. Handik gora ere ez pentsa laua denik. Baina ez zaizue hainbeste geratzen, mailoetako basoak dagoeneko behean utzi dituzue. Belardietan gora jarraitzen du bideak, hainbat bihurgune eginez.

Lauso samarra gerta dakizueke agian zidorra, hain da luzea belarra! Duela ez hainbeste urte, mailoetako malkar belartsuotako belarra urtean bitan ebakitzen zuten araiztar segalariek, behar izanez gero sokarekin loturik, malda dela eta. Hala, belar fardelak kable edo txirrilaren bidez herriko etxeetara jaisten zituzten. Ganadua ere igotzen zuten bertan bazka zezan. Azken urteotako bizimodu berriak, ordea, aldaketa ugari ekarri ditu. Gaur ez da belar hori ebakitzen, eta ganadua ere ez da sartzen. Ondorioz, mailoak zehar-zehar igarotzen zituen bide sarea galtzen ari da, eta Larruste nahiz Asteasu gisako belardi zintzilikatuetarako bidea desagertzeko zorian dago.

Gora bidean bata bestearen atzetik hainbat malda belartsu gainditu beharko dituzue, Abateko lepoa hartu aurretik (1.150 m). Behin lepoan, eskuinean duzuen harrizko piramide mailakatu itzela Urdanotako Ttutturre da, Urdanota baita paraje hura, eta mendi tuturrua (tontorra) ez denik ezin esan. Geruzen arteko belazetik gora doan zidor lausotik ekin behar diozue, eta iparraldetik gainditu tontorrerako azken irtenune harritsua (1.282 m). Atseden hartu, bai, baina burua tente jaso, mailoak eta bailara oso-osoa duzue-eta begi aurrean.



Borda gangaduna: artzainen aterpe zena, txerrien babestoki

Ttutturreko tontorraren hegoaldean eraikin zahar berezi bat dago. Oinplano zirkularra du, ez da oso garaia, eta harriz osatutako estalkia du. Garai batean artzainen aterpe zen, eta txerrien babestoki da gaur. Gezurrezko ganga formako teilatua duten bordak urriak dira gure mendietan; Aralarren bakan batzuk badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.