Ibilbide hau ia osorik Bedaioko lurretan (Gipuzkoa) beteko dugu, baina Nafarroako mugara gerturatu, eta zati bat bertatik egingo dugu, Araitz ibarrean eta Balerdi mendiaren iparraldeko saihetsaldean barrena. Bedaio Tolosako auzo bat da, eta bere baserriak Aralar eta Otsabio mendiaren magaletan barreiaturik daude. Gaur egun, Andre Maria eliza, frontoia eta lauzpabost etxek osatzen duten herrixka hori Berastegiko Jaunena izan zen, 1544. urtean Juan Martinez jaunak Tolosako jurisdikzioa onartu zuen arte. Hala ere, XIX. mendera arte Berastegiko Jaunen babespean jarraitu zuten, horiek nekazariengandik lehen fruituak, ohoreak, hamarrenak eta errolda jasotzen zituztelarik.
Alegiatik Amezketara doan errepidean barna, Ugartetik Bedaiora doan bidea jarraitu eta zazpi kilometro bete ondoren helduko gara herrira. Frontoiaren ondoan aparkatu, eta aurrez aurre ditugun PR-GI 112-aren bide seinale zuri eta horiak jarraituz, Balerdiren magalerantz doan pista zabaletik igotzen hasiko gara. Hurrizti eder bat igaro, eta pagadi batean murgilduko gara. Balerdiren paretatik askatutako harritzar galantak basoan sakabanaturik daude. Gorantz jarraitu eta alanbrezko hesi bi pasatu ondoren, GR 121 (Gipuzkoako itzulia) eta GR 20 (Aralarko itzulia) bideekin bat egingo dugu. Ezkerrera, pinudia, eta eskuinera, Balerdiren iparraldeko bizkar ikusgarria; aurrean,Urdileko lepoa. Gipuzkoak Nafarroarekin duen muga gainditu aurretik egurrezko bide seinaleak.
Lepo horretatik dagoen ikuspegia zabala eta ederra da, Aralarko Mailoek eta Balerdiko tontorrak Araitz ibarra erabat menderatzen dute. Urraitz tontorrera igo aurretik, mendi horren inguruan dagoen kondaira bat gogora ekartzea merezi du. Tradizioak dioenez, Urraitza edo Urrezko haitzaren oinean, lehen eguzki izpiak jotzen duen lekuan, ardi batek hankarekin aztarrika egin eta markatzen omen du urrezko txanponez beteta dagoen zezen larru bat lurperatuta dagoen lekua. Agian, Urdileko lepoan egun deseginik dagoen trikuharriak kontakizun hori gorpuztu du gaurdaino iraun araziz. Urrerik ez eta patrikak hutsik, kukuaren kantarekin konformatu behar izan dugu.
Elezaharrak ahaztu, belardia zeharkatu, haitzetan dauden ardi eta ahuntzen albotik igaro, eta Urraitzeko tontorrerantz igotzen hasiko gara. Gora iristean, gutunontzia eta Argitxoren irudiak. Araitz ibarrean zehar sakabanaturik makina bat herrixka behatzeko aukera dugu: Azkarate, Uztegi, Gaintza, Intza, Atallu, Arribe, Betelu, Errazkin... Bidera itzultzeko bi aukera ditugu: lehena, gertu dagoen Batzillarko gainera igo ondoren, horren atzetik balizatutako bidera jaitsi. Bigarren aukera, berriz, etorritako bidetik atzera egin, eta Urdileko lepora jaitsi ostean, bide seinale zuri, gorri eta horiak jarraituz Zarateko leporantz abiatu. Guk lehena aukeratuko dugu, eta elorri zurien artean lepora jaitsi, eta segidan, harrien artean, Batzillarko gainera igoko gara. Atseden txikia hartu, eta maldan behera egingo dugu eskuinetik datorren bide balizatuarekin bat eginez.
Xabier eta Loiolaren lotura
Erraz galduko dugu altuera, eta Azkaratetik datorren pistarekin bat egingo dugu. Ezkerraldetik Zarateko lepora jaitsiko gara PR-GI 112 eta GR 21aren (Ignazioren bidea) bide seinale zuri, gorri eta horiak segituz. Lepo horretan, Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko mugan, mikeleteek zuten etxe zaharraren aztarnak ikus daitezke. Horrek mendi eta kostalde arteko salerosketetan lepo eta inguru horien garrantzia erakusten digu. Historialari batzuek diotenez, Loiolako Iñigo, Iruñeko setioan zauritu ostean, Azpeitiara eraman omen zuten lepo horretatik barrena. Mendi ibilbide hori 1991n inauguratu zuten Ignazio Loiolakoa jaio zeneko 5. mendeurrena zela eta. Bidea Nafarroako Xabierren hasten da, Iruñetik abiatzen den erromes bideetako bat aprobetxatuz. Zarateko lepoan muga zeharkatu, eta Gipuzkoako lurretan sartzen da Loiolako santutegian amaituz. Beraz, bide horrek bi ikur lotzen ditu: Xabier eta Loiola.
Lepoa utzi eta bidegurutzera heltzean, Gurbillaundiko baserrira doan pista hartuko dugu, Illarrazurantz doana (GR 121) utziz. Pista zabala hartu eta berehala utzi egingo dugu, ezkerraldean dagoen bide zaharra hartuz. Gurbillaundi baserrira iristean, Bedaiora joateko bi aukera ditugu. Lehena, pistatik 300 metro egin ondoren Ugartetik Bedaiora igotzen den errepidera iritsiko gara, eta kilometro bat egin beharko dugu herrira heltzeko (PR-GI 112). Bigarrena, berriz, baserria pasatu eta ezkerrera, belardian ateratzen den bidetik, altuera pixka bat hartu eta lokaztuta egoten den bidetik Arrupe baserrira helduko gara. Handik, porlanezko pista batean zehar, Bedaiora. Azken zati horrek interes handirik ez du, eta errazena balizatutakoa hartzea da.
Mendi ibilaldia
MENDIA. IBILBIDEA. Urraitz, altxorra bertan ote?
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Gipuzkoa
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Bedaio, Urdilleko lepoa, Urraitz, Batzillarko gaina, Zarateko lepoa, Gurbillaundi
- Distantzia: 8 km.
- Iraupena: 2 ordu eta 30 mn.
- Ingurunea: Urraitz, Urreako haitza, Urregaña eta Urrezko haitza dira inguruko herritarrek Balerdiren magalean dagoen haitza izendatzeko erabiltzen dituzten izenetako batzuk. Haren inguruan ibiliko gara Bedaio abiapuntu hartuta.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu