Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Valderejoko iruinarria

MENDIA. IBILBIDEA. Valderejoko iruinarria.
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Alto el Valle, Leron, Recuenco, Gustal, Lahoz, Valderejo, Puron, Lalastra
  • Distantzia: 8,5 km.
  • Iraupena: 2 odu eta 35 mn.
  • Ingurunea: Kultura ugariren aztarnen berri bazen Valderejon, baina adituek ezustekoa eman dute berriki: Gustalgo zutarria eta haitzulo pinturak aurkitu dituzte.
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2009ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Ez zen hura, ordea, ustekabe bakarra. Aldama, Arberas, Saenz de Gordejuela eta Galilea ikerlarien taldeak urratsak egiten jarraitu zuen bai Anderejoko antiklinalean, bai natur parkea besarkatzen duen esparruan ere. Lan mardul horren ondorioz, ordura arte ezezagunak ziren tumuluak, trikuharriak eta zutarriak, besteak beste, jakitera eman zuen talde horrek Arabako arkeologia aldizkarian. Aurkikuntza bakoitzak berezko balioa izanagatik ere, Gustal inguruan aurkitutako menhirra eta haitzulo-margolan multzoa ekarri nahi izan ditugu lerrootara, Arabako mendebaldeko historiaurreaz jabetzen laguntzeko asmoarekin.

Valderejo natur parkean diseinatutako bidexkak lagun, Bovedako mendilerrora igoko gara lehenik. Boteka segituko dugu gero harrien gainean Recuenco mendirantz (1.240 m) egitean. Jaistekobidean, geldialditxo bat egingo dugu Gustalgo malkar gainean oraintsu zutitu duten iruinarriaren aurrean. Baita atseden patxadatsua ondoko lepoan ere, non eta pintura eskematikoak agertu diren babeslekuan, hain justu ere.

Recuenco, parkeko sabai

Recuenco mendira eta Gustalgo zutarrira doan bidea Lalastra inguruan hasiko dugu, aparkaleku handira heldu baino lehenago ikusiko dugun pikotaren ondoan. Alto del Valle izena darama leku horrek, akaso Valderejoko sakonune eliptikoaren gainean bista polita dagoelako. Agertoki natural horretatik abiatuta, beraz, iparraldera egingo dugu, harrizko gandor galantera igotzeko xedez. Bovedako lerroa kareharrizkoa dugu, Puron eta Omecillo ibaietako arroak bereizten dituena, gainera. Pista zabala denez, hari men eginez, Sierra atakara igoko gara. Lepoan goratasuna galdu ordez, ezkerrera egin eta Recuenco mendirantz estiratzen den gandor malkartsutik barrena segituko dugu. Aintzat hartu behar dugu, hala ere, ingurumena zaintzearen aitzakian urtarrilaren 1etik abuztuaren 15era bitartean bidea itxita izango dela. Aukera paregabea, beraz, larrazkeneko goiz batean ibilbideaz profitatzeko.

Gandorraren paraleloan joango gara. Bidea estua baita, harrien gainean egingo dugu aurrera. Bide samurragorik estimatzen dutenek, ordea, parkeko bide balizatua aukera dezakete, beheraxeago doa eta. Edozelan ere, denbora gutxi emango dugu hurritzek eta pagoek hartuta duten lekura iristeko. Basotxoa inguratuko dugu eta, mendi gainetik urrundu gabe, Lerongo atakara iritsiko gara. Haitzulo pinturak hurbil-hurbil baditugu ere, Recuenco mendia igo ondoren ikustea proposatzen dugu. Ezkerrean Gustalgo amildegia utzi, eta kareharrizko zabalgunea zeharkatzen hasiko gara ipar-mendebalderantz. Bestela esanda: gora eginez eta norabidea apenas aldatu gabe. Recuenco tontorretik datorren harresi txiki batekin elkartuko gara berehala. Hari segika, tontorra zapalduko dugu amen batean. Postontzi bat eta erpin geodesiko bat izango ditugu han goian. Erreferentzia onak, jakina, aurreneko aldiz bertaratzen direnentzat.

Gustalgo ondarea

Tontorreko erpinean garela, atzera egingo dugu egindako bidetik, eta, harresi eroriaren parean ibilita, Gustal puntako amildegira iritsiko gara. Eskuinera egin eta zutarriraino jarraituko dugu. Boveda eta Lahoz herrien arteko mugarriren bat izan zitekeelarik ere, iruinarri, menhir edo zutarri handia da, ikerlarien ustean. Horren berri eman zuen lehen ikerlaria Felix Murga izan zen, 1982an. Hogeita bost urte behar izan dira berriro berezko distira har zezan.

Zutarritik Lerongo atakara joko dugu, Gustalgo amildegia eskuinean dugula. Gandorra utziko dugu bertan, eta Lahoz aldera jaisten hasiko gara. Lehen harmaila igarota, 2006ko apirilean aurkitutako haitzulo-pintura multzoa ikusiko dugu, eguzkitik babestuta. Lau marrazki omen daude irudikatuta: eguzkia, arkulari bat, orban bat eta bobido baten burua.

Behera bideari ekin eta berehala, pagadian murgildu eta langa bat gurutzatu ondoren, ipuruek eta pinuek harturiko pasabide batetik segituko dugu, astiro-astiro. Egia esanda, aspaldiko belardi bateko goialdetik ari gara goratasuna galtzen. Basoan sartu gabe, belardia lagun Puron errekara iritsiko gara. Coronas tontorrera doan basabidearekin bat egitean, ezkerrera jo eta Lahozen sartuko gara. Asfaltoari segika, Lalastrara iritsi, herriko plaza zeharkatu eta pikota ondoko aparkalekura igoko gara Recuencoko zirkuitu hau guztiz biribil dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.