MENDIA. IBILBIDEA. Zabalganetik Zadorraraino

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta, Armentiako basilikara joango gara, eta Zabalgana parkea burutik buru zeharkatuta, Atxako aztarnategira ondoren.

Josean Gil-Garcia.
2008ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko gara. Hego-mendebaldera egin, eta Prado kalea eskuinean utzita, turismo bulegora joko dugu. Eusko Legebiltzarraren eretzetik igaroko dugu ondoren, eta Florida parke ederrean gaindi segituko. Gaztainondo sendoen itzalpetik irtenda, Senda ibilbideko 30 metro luzerako platano arrunten babesean jarraituko dugu. Trenbide azpitik pasa ondoren, Francisco Vitoria ibilbidetik segituko dugu, harik eta Cervantes ibilbidera iristen garen arte.

Gaztainondoak lagun, Mendizorrotzako instalazioen ondotik igaroko gara, eta behiala oso bisitatua izaten zen Mineral iturria atzean utzita, San Prudentzio pasealekuan barrena abiatuko gara, Arabako patroiaren omenezko eskulturaraino. Armentiako basilika erromanikora iritsiko gara errepidez metro batzuk egin ostean.

Zabalganeko talaia

Ermitaren ezkerraldetik igaro, eta Armentia-Mendebaldea urbanizazioan sartu gabe, Armentiabideari ekingo diogu, kontzesionarioen aurreko biribilgunera iristeko. N-102 errepide zaharrean gaude orain; Burgosera doan errepidean, alegia. Ezkerrera joko dugu han, eta eskuineko lerroan jarrita, aurrera egingo dugu hurrengo biribilguneraino. Zabalgana auzo berriko Mariturriko urbanizazioa bertan bukatzen da, eta Zabalganeko parkeko sarrera hurbil dugu. Eskuinera egingo dugu esandako biribilgunean, eta bulebarretik behera segituko. Jaisten hasi eta hiru minutura, ordea, Zabalganeko parkera doan bidea ikusiko dugu; ezkerraldetik, hain justu ere. Zirkulu hori eta hartxintxarrezko bidexkatik, Zuhatzu herriranzko errepidetxora iritsiko gara.

Herrian sartu gabe, ordea, eskuinera jo, eta langa bat zeharkatuta, parkean sartuko gara. Lezeko urmaelaren ondo-ondotik igaro, eta zuzen jarraituko dugu larre zabalean gaindi. Errekasto bat gurutzatuko dugu larreak amaitutakoan. Bidebanatzean, ezkerrekoa hartu eta baso azpian segituko dugu. Hari elektrikoen azpitik igaro baino pitin bat lehenago, eskuinean ikusiko dugun ezpondari aurre eginda, Zabalganeko tontorrera iritsiko gara.

Atxa, Zadorra gaineko talaia

Gasteizko mendiak aurrez aurre izango ditugu Zabalganeko talaiatik, baita Gasteizko auzo berrietako etxebizitzak eta Jundiz industrialdeko enpresak ere. Ezkerrean igoko dugun tontortxotik (IM) eta, Zadorra ibaiaren ertzera jaisteko asmoarekin, Jundiz aldera ematen duen sarreratik irtengo gara parketik. Mercedes-Benz enpresaren ondoko errepidea gurutzatuta, Areatza kalea utziko dugu eskuinean, eta aurrera egingo dugu Madril-Irun trenbide gainetik igarotzeko. Mendozara eta Otogoienera doan errepidera iritsita, Zadorra ibaiaren ertzera joko dugu; izan ere, bertan hasten baita Gasteiz inguratzen duen ibaiaren bazterrak ezagutarazteko asmoarekin Udalak egokitu duen bidea.

Makalen babesean segituko dugu, Alibarra kalearen paraleloan. Gobeo herrian sartuko gara laster, eta eliza ezkerraldean dugula, herria zeharkatzen duen errepide nagusiari jarraituko diogu; horrelaxe, ibaiarekin bat egin arte. Zadorra gaineko balkoi batera helduko gara laster batean. Lopida herria ikusiko dugu eta, atze-atzean, Arrato mendilerroa, Gorbeia eta Anboto.

Erreka bazterretik aldendu gabe segituko dugu 80ko hamarkadan ikertutako Atxa herrixkako aztarnategiraino. Burdin Aroari eta erromatarren garaiari buruzko jakin-mina asetze aldera, geldialditxo bat egitea proposatzen dugu. Zumar xume batzuek babestuta, Atxako San Migel baselizaren hondakinak ikusiko ditugu aurrerago. Ibaiaren ondoan segituta, Ihurreko errepidera iritsiko gara. Eskuinera eginda, Zadorra hiribideari segituko diogu Abetxuko auzora iritsi arte.



Armentiako basilika, Arabako patroia oroitzeko bilgune

XII. mendean eraikia, Euskal Herriko lehenengo katedrala izan zen Armentiako basilika. Inguruko zelaietan San Prudentzioren omenezko jaiak ospatzen dituzte urtero, eta, gasteiztarrek ez ezik, arabar guztiek estimutan dute ingurua. Nabarmentzekoak dira tinpanoek eta behe erliebeek osatzen duten eskultura multzoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.