Elizaren ondotik Etxalarrera doan porlanezko bidean gora ekin behar diozue bideari. Segituan, ordea, eskuinera eta behera egiten duena hartu bidebanatzean. Hilerriaren ondotik igaro, eta, bihurgune batean, errekaren parean mendian gora abiatzen den bide balizatutik jo (PR-NA 90). Ibilbidean zehar mota guztietako seinaleak izango dituzue tarteka bidelagun. Hasieran zabala baina igo ahal gero eta estuagoa den pista bateraino igo, eta hortik aurrera laster izango zarete, konifera sail bat igarota, Ibañetako lepoan (510 m). Historiaz beteta dago. Trikuharri eta beste hainbat aztarna arkeologikoz beteta dago ingurua.
Mendebaldean duzue tontorra, baina baita hura ezkutatzen duen beste bat ere, dezente gertuago. Haitzez haitz eta hainbat zidor zati baliatuz, lehenera igo edo eskuin aldetik inguratu. Gora iristen zaretenean, bi tontorren arteko lepoa hartu (685 m) eta ekin tontor nagusiari. Gandorretik igotzea bururatuz gero, segi, baina argi!, ez baita beti erraza. Zuzenagoa eta batez ere azkarragoa duzue ipar isurialdean zehar diagonalean igotzen den zidor lausoari jarraitzea. Gandorreko mendi bularra azpialdetik gainditzen du, eta behin tontor nagusiaren pare iritsita, harritzan gora tontorreraino eramango zaituzte (758 m).
Atxuriara bidean
Hegoaldeko mendietako gailur nagusietan hain ohiko den zutoin geodesiko zuria topatuko duzue, baita buzoia ere. Ikuspegia, zabala eta aparta, nonahi begiratuta ere. Lapurdiko lur ia leun berdearen eta Baztan-Bidasoako erliebe nahaspilatuaren arteko kontrastea da nabarmenena. Jaso burua, zabaldu begiak eta gozatu, beraz.
Ikusmiran luze egon eta gero, itzultzeko ordua denean, igotako bidetik lehen aipatutako lepora jo lehenik (685 m). Hor, hegoaldeko isurialdera jaisten den bidea har dezakezue, Ibañetako leporaino ibilbide bera ez egitearren. Jaisten ari zaretela, laster ikusiko dituzue maldaren erdian harrizko eraikin zahar batzuen hondarrak. Bigarren karlistaldiko gotorleku batzuen hondakinak dira. 1876an tropa karlistak garaitu zituztenean, Zumalakarregiren gizonentzat azken gotorlekua izan zen Atxuria, defentsek oraindik eusten zioten, garaipenerako batere itxaropenik gabe, aldameneko Orizki gailurretik etengabe bonbardatzen zituzten bitartean. Otsailaren 20an, borroka latzen ostean, batailoi liberalak Alfontso XII.aren bandera ipini zuen Atxuriako gailurrean.
Handik behera malda gero eta leunagoa izango duzue, eta belardietan barrena hainbat zidor elkarri lotuz Ibañetara iristea ez zaizue zail egingo (510 m). Lur belartsuan barrena, Airagarri eta Mendibil muinoak ezkerretik inguratzeari ekin, ipar-ekialderantz. Apenas igota, laster egingo duzue bat Urbiako leporaino jaisten den zidorrarekin. Orabidea eta Etxalarrera doan errepidea gurutzatu hor (435 m), eta hurrengo muinoa, Aizpara, eskuinetik inguratzen duen bidea hartu. Zailtasun handirik gabe eramango zaituzte tontorraren aurkako aldean dagoen Loiara lepo zabaleraino (440 m). Handik aurrerakoa, beherako bidea duzue, Zugarramurdiko kaleraino (210 m). Galtzada zaharra da bidea, zati batzuetan galtzadarriak badituena. Ederra benetan, baina jaisteko ez oso erosoa.
Ez bazarete nahikoa ibili, edota hala izanda ere, gogorik baduzue, herrigunetik bostehunen bat metrora duzue akelarreen leizea, edo hara bidean, herriko irteeran, Sorginen Museoa, bestela.