MENDIA. Jokin Lizeaga eta Oihana Kortazar azkarrenak Arratzun

Urdaibai inguruko mendietan abiatu da Euskadiko Kopa; ia 300 lasterkarik parte hartu zuten

2009ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Arratzu-Urdaibai mendi lasterketak jarri zuen abian, larunbatean, mendi lasterketen Euskadiko Kopa. Eta hasiera gogorra izan zuten lasterkariek. Arratzun abiatu eta helmugaratu, 30 kilometroko ibilbidea eta 2.000 metroko goranzko desnibela izan zuten lasterkariek. Ibilbideak berezkoa zuen gogortasuna, baina aurreko egunetako euriteen eraginez pilatutako lokatzak are gogorragoa egin zuten proba. Gogortasunean Jokin Lizeaga eta Oihana Kortazar izan ziren azkarrenak, eta haiek dira Euskadiko Koparen buruan.

Jokin Lizeaga eta Walter Bezerra denboraldi hasiera indartsua ari dira egiten, eta Arratzun irabazteko hautagai nagusiak ziren biak. Lehen kilometroak elkarrekin osatu zituzten, baina Iluntzar jaisten Lizeagaren erritmoari ezin izan zion eutsi Bezerrak, eta urnietarrak irabazi zuen bederatzi minutu pasatxoko aldea aterata. Lizeaga (2:43:45) eta Bezerrarekin (2:52:52) batera, Zigor Iturrietak (2:55:25) osatu zuen podiuma.

Emakumeetan, berriz, hiru minuturen bueltan helmugaratu ziren Oihana Kortazar (3:27:07), Nerea Amilibia (3:28:14) eta Oihana Azkorbebeitia (3:30:33). Kortazar iaz hasi zen mendiko lasterketetan, eta dagoeneko azken urteotan eskarmentua hartutako lasterkarien maila hartu du.

Izarraizko proba, igandean

Mendi lasterketek ez dute etenik. Igandean jokatuko da Azkoitiko Anaitasunak antolatutako Izarraizko V. Lasterketa. Parte-hartzaileak 10:00etan irtengo dira Balda plazatik, eta maratoi erdia izango dute aurretik: 21 kilometro pasatxo eta 2.880 metroko desnibela, orotara. Kakueta eta Erlo mendiak igoko dituzte, besteak beste, Azkoitira jaitsi aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.