MENDIA. KIROL ESKALADA. Podiumaren atarian geratu da Usobiaga

Kranjen jokatutako azken proban huts egin eta 4. bukatu du Munduko Kopa Patxi Usobiagak; Ramon Julian 'Ramonet' katalanak eta Jain Kim korearrak irabazi dute aurtengo ekitaldia.

Donostia
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Garaipen uzta handia bildu du azken urteetan Patxi Usobiagak,eta, akaso horregatik, Munduko Kopa laugarren postuan bukatu izana porrot gisa uler daiteke. Arazo fisikoak tarteko, ez du onena ematerik izan eibartarrak -auto istripua izan zuen ekainean, eta lepoko arazoak izan ditu ordutik-, eta, aspaldiko urteetan ez bezala, podiumetik kanpo bukatu du kopa. Titulua Ramon Julian Ramonet katalanak eta Jain Kim korearrak irabazi dute, lehenengo aldiz.

Kirol eskalatzaileen artean dagoen alde txikia ageriko utzi du 2010eko Munduko Kopak. Iaz Adam Ondra eta Patxi Usobiagaren artean jokatu zuten titulua; aurten, berriz, Ramon Julian Ramonet eta Jacob Schuberten artekoa izan da lehia, batez ere. Kranjen (Eslovenia) erabaki zen irabazlea, asteburuan. Kopa irabazteko aukera zuten gutxi-asko aipatutako lau eskalatzaileek -Usobiagak eta Ondrak aukera urriak zituzten-, eta, azkenerako, Ramonetek irabazi zuen Kranjeko proba eta, bide batez, Munduko Kopa. Katalanarekin batera, Schubertek eta Ondrak osatu zuten podiuma.

Azken urteetako eskalatzaile indartsuenetakoa da Ramonet, dela lehiaketan, dela harkaitzean. Munduko Kopa irabaztea falta zuen ibilbidea biribiltzeko, aurrez Munduko Txapelketa, Europakoa eta nazioarteko beste dozena bat sariketa irabaziak baitzituen. Igandean bete zuen ametsa, eta dagoeneko jarri dizkio bere buruari beste bi erronka: «Harkaitzean 9b maila eta bistaz 8c+ zailtasuna gainditu nahi ditut».

Usobiagaren denboraldiak argilunak izan ditu; emaitza onak kaskarrekin tartekatu ditu. Sei probatako bat irabazi du, Hego Korean abuztuan jokatutakoa, eta hura irabazita sailkapen buruan jarri zen eibartarra. Ordutik irregularra izan da haren jarduna, eta igandean finaletik kanpo geratu zen Kranjen, 26. postuan. Podiumeko hirugarren postua galdu zuen ondorioz, Ondra txekiar gaztearen mesedetan.

Harkaitzari begira

Emaitzaren gaziari irakurketa gozorik atera dio, ordea, Usobiagak: «Interesgarria izan da denboraldia, eta lehiaketaren emozioekin gozatu dut, nahiz eta ez dudan zorterik izan. Une on horiekin geratzen naiz». Urtea bukatu bitartean harkaitzean begiz jota dituen proiektuei ekingo die orain, baina dagoeneko aurreratu du hurrengo urtean lehiatzen jarraituko duela: «2011 txapelketaz gainezka dator; Munduko Kopako 13 proba, Munduko Txapelketa... eta hantxe izango naiz, onena emateko prest, lehiaketetan jarraitzeko gogoa dudalako oraindik».

Gizonezkoetan ez bezala, lehiarik apenas izan den emakumezkoen artean. Erabatekoa izan da Jain Kim korearraren nagusitasuna. Munduko Kopa sei probak osatu dute, eta haietako bost irabazi ditu Kimek -Kranjen ere bera izan zen onena-. Ondorioz, sailkapen nagusian oso atzean utzi ditu Mina Markovic esloveniarra eta Angela Eiter austriarra. Oraina badu Kimek, eta etorkizunean ere lehiaketan nahiz harkaitzean emaitza dotoreak lortzeko ezaugarri guztiak ditu.



Jonbe Agirre eta Itziar Zabala dotore Espainiako Kopako azken proban

Kirol eskaladako denboraldiak egin du berea lehiaketari dagokionez. Espainiako Kopako hirugarren eta azken proba jokatu zen asteburuan Madrilen, eta Euskal Mendizale Federazioak eramandako eskalatzaileek denetariko emaitzak lortu zituzten. Nabarmentzekoa Jonbe Agirre eta Itziar Zabalaren jarduna. 20 urtez azpikoa irabazi zuen Agirrek, eta nagusien finalerako ere sailkatu zen; Zabalak, berriz, 18 urtez azpikoa irabazi zuen eta, bide batez, kopa bera ere bai. Nagusietan laugarren sailkatu ziren Gorka Karapeto eta Itziar Rodriguez, eta sailkapen nagusian seigarren eta laugarren bukatu dute, hurrenez hurren. Victor Esteller eta Helena Alemanek irabazi zuten Madrilen, eta haientzat izan da kopa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.