Mikel Zabalzak, Alberto Iñurrategik eta Juan Vallejok gaur ekingo diote Makalu (8.463) mendebaldeko ertz zorrotza eskalatzeko bigarren saioari. Haizete indartsuengatik bertan behera utzi zuten aurreko ahalegina, eta azken egunetan beheko kanpalekutik atera ezinda egin ondoren, atzo jaso zuten desiotako albistea: eguraldi iragarpen txukuna hurrengo egunetarako. Beharrezkoa prestatu eta gaur abiatuko dira mendian gora.
Bigarren saialdirako seguru egon nahi zuten mendizaleek, eta atzo arratsaldeko eguraldi iragarpenak asteartera bitarteko eguraldi ona iragarri zien. Akaso bihar eta etzi elur prezipitazio batzuk izan daitezke, baina haizerik apenas, eta azken baldintza hori erabakigarria izan daiteke Makaluko ertza eskalatzeko bidean. 1.200 metroko desnibela gainditu eta 6.500 metrotan pasatu nahi dute gaurko gaua Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak. Handik gailurrera iristeko beste hiru edo lau egun aurreikusi dituzte, estilo alpinoan betiere. Bihar eta etzi gainditu beharko dituzte pilarearen zailtasunik handienak, izotza eta harkaitza uztartzen dituen pasarte teknikoak tartean.
Zalaparta Kangchenjungan
Makalun ez ezik, Kangchenjungan (8.586) ere bada zalaparta. Patxi Goñi, Juanjo Garra eta Koke Lasa bigarren kanpalekura igo ziren atzo, 6.800 metrora. Haizea eta elurte bat zirela tarteko, bidearen arrastorik ez zegoen, eta haiei egokitu zaie mendian gora bidea irekitzea. Julen Reketa eta Oscar Cadiach ere bigarren kanpalekura bidean dira, eta Alberto Zerain gaur abiatuko da mendian gora -hirugarren kanpalekura igo nahi du zuzenean, eta han egingo lukete bat espediziokide guztiek-. Azken egunotan elur dezente bota duen arren, mendiaren baldintzak «nahikoa txukunak» direla jakinarazi dute mendizaleek. Ongi bidean, bihar jo nahi dute gailurra, maiatzaren 18tik aurrera eguraldiak txarrera egingo baitu.
MENDIA. Makaluko mendebaldeko pilarean gora gaur hasiko dute bigarren saioa
Ertz zorrotza eskalatzeko eguraldi iragarpena aldeko dute Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu