Zegamako plazatik 09:00etan abiatuko dira parte-hartzaileak, eta 42 kilometro pasatxoko ibilbidea izango dute aurretik; ibilbide dotorea bezain gogorra. Euskal lasterkariak dira, noski, kopuruan nagusi; baina Kataluniatik, Espainiatik, Andorratik, Frantziatik, Italiatik eta beste hainbat herrialdetatik ere etorriko dira. Munduko Kopako proba izaki, espezialista onenetako askok parte hartuko dute. Aintzat hartu beharrekoak dira Kilian Jornet katalana -azken bi urteetako irabazlea-, Raul Garcia espainiarra edota Favio Dulpit italiarra. Etxeko lasterkariek ere buru-belarri prestatu dute maratoia, eta aurreko postuetan izateko maila dute Jabier Olabarriak, Jose Felipe Larrazabalek, Jokin Lizeagak edota Fernando Etxegaraik -Walter Bezerra da azken orduko hutsuneetako bat-.
Proportzioan gutxiago izanagatik, urtetik urtera emakume gehiagok parte hartzen du mendi lasterketan; igandean, 43 irtengo dira. Stephanie Jimenez edota Manuella Brizzo aintzat hartzeko izenak dira, eta euskal lasterkarien artean Alizia Olazabal, Alizia Romero, Oihana Azkorbebeitia, Oihana Kortazar... Eta probari herri izaera ematen dioten lasterkariak ere izango dira; telebistako aurkezle Andoni Aizpuru eta Mikel Erentxun abeslaria, adibidez.
Ibilbidean aldaketarik ez
Zegamatik abiatu eta Aratz eta Aizkorriko mendilerrotik barrena ibiliko dira lasterkariak. Ibilbidean Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri tontorrak pasako dituzte. Laburbilduz, ibilbide teknikoa eta zailtasun handikoa. Zegama izango dute abiapuntu eta helmuga, eta 42,192 kilometroko ibilbidea osatzeko zortzi orduko epea. Herritik irten eta Aratz gaina izango dute lasterkariek lehenengo jomuga, malda gora etengabean. Handik Sancti Spiritusera jaitsiko dira, eta jana eta edana izango dute. Indarberritzea komeni, eguneko igoera pikoenari ekin aurretik: Aizkorri. Sancti Spiritusetik Aizkorrirako tartea ez da luzea -bi kilometro pasatxo-, baina 500 metroko desnibela gaindituko dute zati horretan.
Aizkorri puntatik Urbiara jaitsiko dira, baina aurrez ibilbideko puntu garaiena pasatu beharko dute: Aitxuri (1.551m). Urbiarako jaitsiera pikoa da, oso tentea, eta eguraldiak baldintzatuko die lasterkariei jaitsiera, hein handi batean -tentuz jaitsi behar da euria eginez gero-. Urbiako zelaiak pasatuta, maratoiko azken igoera izango dute aurretik: Andraitz. Ez da igoera gogorrena, baina ordurako nekea pilatuta izango dute korrikalariek. Handik Zegamarako jaitsieran gozamena eta sufrikarioa partekatuko ditu indarrak neurtu dituenak; estu eta larri dagoenak, aldiz, kalbarioa izango du helmugarako bidea.
Datuak
Eguna: 2009ko Maiatzaren 24a, igandea.Irteera: Zegama, 09:00etan.
Helmuga: Zegama -13:00aldera lehenengo lasterkaria-.
Distantzia: 42,195 km.
Kontrolak: 14.
Anoa postuak: 13.
Tarteko helmuga: Aizkorri, 22,58 km.
Desnibel metatua: 5.472 metro.
Gehieneko altuera: Aitxuri (1.551 m).
Gutxieneko altuera: Zegama (296 m).
Gehieneko denbora: 8 ordu.
Errekorrak: Gizonezkoetan 3:54:18; emakumezkoetan 4:43:04.
Parte-hartzaile kopurua: 400 inguru.
Zago eta Amilibia Zarautzen;Iturrieta eta Sasieta Zornotzan
Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren atariko, Pagoetako igoera eta Aramotz lasterketa jokatu ziren igandean. Zarautzen 205 lasterkarik parte hartu zuten Pagoetako mendi lasterketan, eta Didier Zagok eta Nerea Amilibiak irabazi zuten. Irabazi ez ezik, Ionut Zinkaren errekorra ere ondu zuen Zagok, segundo bakar batean izan bazen ere. Pagoeta mendia igo eta jaisten 1:01:58ko denbora behar izan zuen Zagok.Zornotzan, aldiz, Aramotz mendi lasterketa jokatu zen, Brinean elkarteak antolatuta. Zigor Iturrieta (2:31:29) eta Jaione Sasieta (3:08:58) izan ziren azkarrenak 27 kilometroko ibilbidean. Lasterketa 165 lagunek bukatu zuten.