Alpeetan Eigerren eta Cervinoren ipar hormak gainditu zituen 50eko urteetan Diembergerrek. Bidaia eta esploraziorako grinak beste hainbat lurraldetara eraman zuen ondoren; Groenlandiara, esaterako. Eta, noski, Himalaya urrunera ere bai. Zortzimilako mendietan arrastoa utzi zuen: Broad Peak eta Dhaulagiri mendien lehenengo igoera osatu zuen, 1957an eta 1960an, hurrenez hurren. Beste bost zortzimilako ere igo zituen;K2 tartean, 1986an. Orduko hartan, eta beste hainbatetan, gertutik ezagutu zuen mendiaren arriskua; bost mendizale hil ziren K2n; Jullie Tulis laguna, besteren artean. Alpinista ez ezik, idazlea eta zinemagilea ere bada. Horietaz guztietaz aritu zen Irunen, diapositiba zaharrak eta DVD ekoizpen berriak tartekatuz. Kazetariekin egoteko astia ere hartu zuen.
Zerk bultzatu zintuen 1950eko urteetan Himalayako zortzimilakoetara joatera?
Gaztea nintzenean ametsa nuen Himalayara joatea, gauzatu ezina zirudien ametsa. Zortzimilakoak igotzen saiatzea zen garai hartako erronka, igotzeke zeudelako gehienak. Niri berdin zitzaidan zein menditara joan, baina mendi handi haietara joan nahi nuen. Herman Bulhek espedizio bat antolatu zuen Broad Peakera, 1957an, eta espedizioan parte hartzera gonbidatu ninduen [aurreko urtean Austriako Grand Zebru mendiko elurrezko merengea eskalatu zuen, eta horrek piztu zuen Bulhen arreta]. Marcus Schmuck eta Fritz Winsterstellerrekin osatu genuen lau alpinistako talde txikia. Mendebaldeko estilo alpinoan joan ginen; altuerako zama eramailerik gabe eta oxigenorik baliatu gabe. Gaur egun, ez dira bereizten mendebaldeko estilo alpinoa eta estilo alpinoa. Ametsa egia bihurtu nuen espedizio hartan, baina Broad Peaketik bueltan Chogolisara joan ginen, eta, zoritxarrez, han hil zen Bulh.
Mende erdia igaro da ordutik. Nola ikusi duzu himalayismoaren bilakaera?
Estilo alpinoa deitzen dena, desberdina da. Oxigenorik gabe eta altuerako zama eramailerik gabe izaten segitzen du, baina gu sokarik finkatu gabe eta altuerako kanpalekurik jarri gabe joan ginen. Gaur egun estilo alpinoa deitzen dutena ez da berria, Chogolisan erabili genuen Bulhek eta biok, 1957an.
Zertan aldatu da?
Mendira joateko modua aldatu da zortzimilakoetan. Gure garaian presarik gabe joaten ginen; egun, berriz, denborari erreparatzen zaio, mendiak ahalik eta azkarrena igotzeari. Ulertezina egiten zait hori. Estilo alpinoaz mintzo dira, baina oso gauza desberdinez ari gara; prestatutako bide batean gora eta irekitako bide batetik ezin da estilo alpinoaz hitz egin. Dena dela, badira benetako estilo alpinoan joaten diren mendizaleak; Steve House eta haren gisako alpinistak, adibidez. Ez dira zortzimilakoetara joaten, seimila eta zazpimila metroko mendietara baizik. Halako mendiak Bulhek eta biok begiz jo genituen 50eko urteetan; Bulh aurreratua zen alde askotatik.
Mendizaleari lotu izan zaizkion balioetako batzuk ere aldatzen ari al dira?
Mendizaletasuna ulertzeko modua aldatu da. Gaur egun, hamabigarren, hamahirugarren edo hamalaugarren zortzimilakoa igotzera joaten dira, mendiaren atzean dagoenari erreparatu gabe. Zenbaki bihurtu dituzte mendiak. Uler dezaket Gerlinde Kaltenbrunnerren eta haren gisa dabiltzanen bidea, azken finean bizimodua dutelako; baina hamalau zortzimilakoak igo nahi dituztenetako zenbatek dute benetako interesa igotzen dituzten mendiez? Annapurnara, adibidez, hamalauko zerrenda osatzeko joaten da jendea, hamalaugarrena igotzera; inori ez zaiolako hara joatea gustatzen. Guretzat, mendiak zerbait gehiago ziren, ez tontor edo zenbaki soilak. Broad Peakera joan ginenean, Broad Peak igo nahi genuen, eta hartan jartzen genuen burua.
Broad Peak eta Dhaulagiri igo zenituen, 1957an eta 1960an. Haiek al dituzu jarduerarik garrantzitsuenak?
Zortzimilako mendiei dagokionez, bai. Everest, K2, Gasherbrum II... igoak ditut, eta, noski, K2 mendiak leku garrantzitsua du nire ibilbidean. Handik itzulita idatzi nuen K2, el nudo infinito liburua, eta hor bildu nituen hango bizipenak. Ez dut uste han idatzita dagoena baino modu egokiagoan azaldu ditzakedanik gauzak. K2 da mendirik ederrena, kristalik dotoreena [biologia irakaslea zen, eta kristalak bilatzera joanez hasi zen mendian]. Hipnotizatu egiten du mendizalea, Julie Tullis eta biok erabat harrapatu eta lotu gintuen, eta horri zor dio izena El nudo infinito liburuak. Beste mendi asko eskalatu ditut, baina K2 bakarra da.
25 urte beteko dira laster K2ko igoera eta ezbehar hartatik -bost alpinista hil ziren-. Zer oroitze duzu hartaz?
Oso goian ginen, gailurra bistan genuen. Eguraldiak okerrera jo behar zuela ikusi genuen, baina gailurra gertu ikusteak gora jarraitzera bultzatu gintuen. Alea jacta est, zotzak botata zeuden. Hutsegite bat izan zen, eta berandu iritsi ginen tontorrera.
Egoera fisikoak eta alor psikologikoa. Bietatik zerk du garrantzi handiagoa muturreko egoera horietan?
Egoera fisikoak badu muga bat; ezin baduzu gehiago, ezin duzu. Beso eta zango bat izoztuak badituzu, nekez aterako zara onik. Garrantzitsua da prestaketa fisikoa, indartsu eta sasoian egotea, baina ezinbestekoa da plangintza, logistika. Antolaketa on batek heriotzaren eta bizitzaren arteko muga marka dezake.
Zure hitzaldi eta emanaldietan zer transmititu nahi diozu entzuleari?
Mendia eta mendia bizitzea zoragarria dela. Baina zuhur jokatu behar dela ere bai, bizitzarako ez ezik heriotzarako lekua ere badelako mendia. Arrisku horretaz jabetu beharra garrantzitsua dela uste dut. Zehatza izan behar da mendian, mugimendu bakoitza neurtu behar da, bere neurrian eta abiaduran. Hala jokatuta iritsi naiz 78 urte betetzera. Mantso doana urrutira iristen da dio esaera zaharrak. Azkar eta lasterka ibiltzea erokeria da; zehatza izan behar da egiten diren mugimenduetan.
K2n, Mari Abrego eta Josema Casimiro nafarrekin izan zinen. Ba al duzu harremana haiekin?
Azken urteetan ez dut haien berri, baina urteetan telefonoz harremanari eutsi genion. Ordutik ez naiz mendira euskal mendizaleekin joan, baina bai Katalanekin. Gustatzen zait garai zaharrak oroitzea; ardo botila artean Boga, Boga kantatzen genuenekoa, esaterako. Alpinista batek burua, zangoak eta besoak ongi prestatu behar ditu, baina ideia bat garbi eduki behar du: mendia ez dela tontorra, mendiaren balioa ez dagoela tontorrean bakarrik. Lagunak, espediziokideak hor daudela, eta tontorrari lehenetsi behar zaizkiola.
Mende erdiko ibilian zer ekarpen egin diozu alpinismoari? Eta alpinismoak zuri?
Nik zer ekarpen egin dudan ez dakit, akaso liburu, film eta hitzaldietan utzitakoa. Jaso, berriz, gizatasun handia jaso dut, lagun eta adiskide asko; liburuan idatzi nuen soka infinitua. Urteetan ikusi ez arren, egunen batean topo egingo duzun jendea da.
Edurne Pasabanen eta Oh Eun Sunen inguruan izandako polemikaz zer iritzi duzu?
Ez dut ezagutzen gertutik gatazka, baina alpinismoaren historian beti izan dira eztabaidak eta gatazkak. Gauza bat da segurua: Edurne Pasabanek hamalau zortzimilakoak igo dituela. Oh Eun Sunek ez ditu hamalau mendiak igo izana frogatzen duten irudiak aurkeztu, baina ez da beti erraza izaten tontorreko frogak argazki bidez aurkeztea. Gauez iristen denean, adibidez, edo eguraldia txarra denean zer egin daiteke? Ez daukat soluziorik, ziurtasun osoz ezin da jakin igo dituen edo ez.
Bestelako jarduera izan da Broad Peak mendiaren hiru tontorrak lotuz Alberto Iñurrategik biribildutakoa. Zer iruditu zaizu zeharkaldia?
Albiste oso pozgarria da, eta zoriontzekoa da Albertorena. Himalayako zeharkaldirik dotoreenetakoa da Broad Peakekoa, asko pozten naiz haiengatik.
Zortzimilakoak aipatu ohi dira beti. Haiekiko miresmena handiegia al da?
Garrantzitsua da esatea Himalaya ez direla hamalau zortzimilakoak bakarrik. Infinitua da mendikatea, eta seimila edo zazpimila metroko mendi asko igotzeke daude, eta inguru asko esploratzeke. Belaunaldi gazteentzat badira helburu eta erronkak haietan. Erraza da hori mendizaleari ulertaraztea, baina ez babesleei. Babesleek izenari erreparatzen diote, ez jarduerari. Everest, K2 eta halakoak saldu nahi dituzte babesleek; ez mendi ezezagun eta igo gabeak. Horietara joateko ahalegin handia egin behar da, baina posible da; euro bat bestearen gainean jartzeko lana handia da; talde txikian, alpinoan eta arinean, mendi zoragarriak daude aukeran. Esploratzeke asko dago. Gasherbrum mendietako harresia, adibidez, igotzeko dago Txinako aldetik. Italiako mendizale talde bat joan da udan G-I edo Hiden Peak isurialde hartatik igotzeko asmoz, baina, Txinako agintariek jarritako eragozpen eta arazoak tarteko, berandu iritsi ziren mendira.