MENDIA. MENDIKO ESKIA. Eskiaren Atlasa

Afrikako iparraldean, Marokon, mendiko eskia egiteko leku aparta dago: Atlas mendikatea. Tubkal mendiko maldetan eskiekin barneratzea esperientzia ederra da, eta azkenaldian Europako mendizale eta eskiatzaile askoren jomuga bilakatu da.

inaki petxarroman
2010eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Autoz Marrakex hiritik abiatu, eta ordubete ingurura dago Imlil herria (1.740 metro), «Marokoko Chamonix» ere esaten diote. Atlasko herri berber tipikoa, lasto-bustinez egindako etxeek osatzen dute herrixkaren zati handiena. Bertara iritsi eta berehala, herritarrak inguratzen zaizkizu, mendira joateko laguntzaileak -mandoak, zama-eramaileak edo gidariak- eskaintzen. Eskiak eramateko, bide luzea dago Imliletik elurraren mailaraino, eta ondo etorri ohi da mando bat alokatzea. 15 eurotan eskaintzen dute mando bakoitza, eta Marokon ohikoa ez den arren, prezioa ezin da negoziatu, Turismo Ministerioak finkatua baita.

Furgoneta herriko sarreran dagoen aparkaleku zainduan utzi-zaindari batek gau eta egun zaintzen du, egunean bi euroren truke-, motxilak prestatu, eta gora abiatu gara, eguerdiko ordu bata aldera. Eguraldia ez da guztiz ona. Bezperako ekaitz bortitzaren hondarrak sumatzen dira oraindik zeru goian, eta haize zakarra mendialdean. Hala ere, bi mandoren laguntzarekin abiatu gara gora. Zamarik gabe zeinen ederki joaten den komentatzen egin ditugu lehen urratsak, pixkanaka Imlil begien bistatik galdu arte.

Baso eta labore lurretatik joaten da altura harrapatzen, Aremd herriaren parera heldu arte. Herri dotorea da Aremd: kasko batean kokatua, mendiaren berezko formari egoki atxikia, Atlas mendikatean ohikoa den moduan. Mezkita nagusiko dorre ikusgarria du begientzako opari handienetakoa, are eta gehiago herritik urrutiratu ahala.

Lautada zabalari ekin diogu Aremdik hasita. Hor erreka pare bat gurutzatu behar da, mendian gora segitu ahal izateko, eta normalean lan erraza bada ere, aurreko eguneko euriteak izugarri zaildu digu kontua, abentura bat bilakatzeraino. Gora eta behera pasabide egokiaren bila ordu erdi baino gehiago ibili ostean, azkenean, botak kendu eta oinutsik gurutzatu behar izan dugu erreka, uraren emanaren indarrari hala edo nola eutsita.

Erreka pasatu, eta ordubete inguruko ibilalditxoaren ostean, Sidi Txamharutxera iritsi gara; Harri Zuria izeneko santutegi berezira, hain zuzen ere. Hor ohikoa da atsedenaldi bat egitea, menta te bat edo freskagarriren bat edateko. Erlojuari begiratu diogu, eta aurrera segitzea erabaki dugu, ordea, berandutzen ari baita.

Handik gutxira, 2.600 metroko garaieran, astoek beherako bidea hartu dute, eta eskiak jantzi ditugu, zama eramaileak agurtu ondoren. Haizearen ufada handiak sumatzen ditugu goian, baina, hala ere, aurrera egitea erabaki dugu. Aldapa leundu egiten da bazter horretan, eta pixkanaka joaten da bidezidorra goraka. 2.900 metroko altueran elur bisutsa aurkitu dugu, eta gora edo behera egitea planteatu dugu, laster ilundu egingo duelako, eta elurrarekin eta lainoarekin ezin delako ondo ikusi.

Gero eta ilunago eta lainotuago dago guztia, eta bidearen arrastoak ere galdu egiten dira bisutsaren ondorioz. Nabarmena da, ordea, Assif n'Isuguane ibarra, eta ilundu aurretik iritsi ahal izan gara Tubkalen aterpera. Bidean, bezperan eroritako bi elur-jausi igaro ditugu, azken orduetan botatako elur ekaitz handiaren seinale.

Bi aterpe daude Tubkal mendiaren azpian: Mouflon aterpea duela urte gutxi zabaldu zuten. Handia da, eta inguruko arkitekturaren itxura dotorea du. Huts handi bat du, ordea: benetan hotza da. Tximinia da eraikuntza erraldoia berotzeko dutentresna bakarra, eta, jakina, ezin barrua epeldu. Pixka bat gorago dago Tubkal aterpea (3.207 m.), Frantziako Mendi Federazioak (CAF) kudeatua. Mouflon baino garestiagoa da, baina epelagoa, tximiniaz gain berogailua eta dutxa beroa ere badituelako. Urteko sasoi hotzean merezi du pixka bat gehiago ordaintzea epeltasunaren truke -20 bat euro mantenu erdiarengatik-.

Tubkalen gora

Goizaldeko bostak aldera baretu du ekaitza, gau osoan gogor jo ostean. Eguna argitzerako, oskarbi da Tubkal gaineko zerua. Oskarbi zerua, eta hotza bazterrotan. Marokoko mendi garaienera doan aldapari ekin diogu poliki-poliki. Ez du zailtasun teknikorik, baina lehen aldapa, azken egunotan pilatutako elur ugariaren ondorioz, arriskutsu dago. Hura igaro eta segituan jantzi ditugu eskiak, eta hala ekin diogu mendi leporaino. Haizeak bortitz jotzen du gailurretan, eta gogorra egin zaigu lepotik gailurrerako bidea. Kranpoiak eta pioleta baliatuz ekin diogu harkaitz eta elur bideari. Zailtasun teknikorik ez badu ere, haizeak zaildu egin digu gailurrerako azken zatitxoa. Azkenean, tontorra zapaldu (4.167 metro),argazkia atera, eta askorik pentsatu gabe beherako bideari ekin diogu. Eguzkia nagusi bada ere, goian ez baita giro.

Eskiak dauden tokiraino iritsi, larruak kendu, eta mendian behera abiatu gara, irristada gozoan. Elurra paregabea da, eta benetan gozatuz jaitsi gara aterperaino. «Pistako elurra baino hobea», esan diogu elkarri behin baino gehiagotan. Ordu erdi eskasean egin dugu igotzeko ia bost ordu hartu digun bide bera. Aterpera iritsi, eta sentipen ezin hobea geratu zaigu: «Kostako zaigu horrelako elurra berriro harrapatzea aurten», komentatu du taldeko batek, Pirinioetara udaberrian egin ohi ditugun joan-etorriak gomutan.

Ras, beste klasikoa

Ura, tea eta oilaskoa kuskusarekin, otordu eder batekin berreskuratu ditugu galdutako indarrak. Hurrengo eguna ere (martxoaren 4a) hotz esnatu da, baina eguraldi ederra dator. Gailurretan bezperan zebilen haize zakarra baretu da, eta eguzkia distiratsu heldu da ekialdeko mendietatik. Tubkal inguruan hamar bat gailur daude 4.000 metrotik gorakoak, gehienak egokiak mendiko eskia egiteko. Haietako bat da Ras gailurra (4.083 m). Aterpetik abiatu, eta haranari jarraitu behar zaio, Tizi n'Uagane leporaino (3.750 m). Handik gailur-lerroari jarraitu behar zaio, tontorreraino. Hori da ohiko bidea. Posible da, ordea, pixka bat beheragotik tontorrari zuzenean lotzen zaion korridoretik iristea (%35 batez besteko aldapa), elurraren egoerak horretarako aukera ematen badu. Bi taldetan abiatu gara gu. Batzuk korridoretik, besteak ohiko bidetik. Biak ere ederrak,elur egokia eta eguraldi ezin hobea lagun.

Bezperan ez bezala, paisaiaz gozatu ahal izan dugu tontorrean, gozo jotzen duen eguzkiari esker. Pitin bat jan, edan, eta behera abiatu gara. Eskiak jantzi, eta berriro elur zoragarrian irristaka iritsi gara aterpera, ziztu bizian. Tubkaldik behera,eskiatzaile eta mendizale prozesioa dator. Aspaldiko partez, eguraldi dotorea dago Atlas handian, eta aprobetxatu dute Imlilen edo Marrakexen zain ziren dozenaka lagunek. Gehienak eskiekin (frantsesak eta katalanak batik bat), eta gutxienak oinez (espainiarrak, batik bat).

Aterpean utzitako motxila jaso, eta behera abiatu gara, bi egun lehenago etorritako bidetik. 300 bat metro gehiago eskiatu ahal izan ditugu. Halako batean elurra amaitu, eta eskiak bizkarrean hartu ditugu. Hala jaitsi gara Harri Zuriraino. Han, bidean gora ikusi dugu bila etorri zaigun mandoa, guztion zorionerako. Animaliaren bizkarra trastez bete, eta azken jaitsierari ekin diogu, Imlileraino.

Han, Frantziako Mendi Federazioaren etxean hartu dugu aterpe. Dutxa eta afari ederraz gozatu, furgonetan ekarritako garagardo batzuk edan, etazoriontsu oheratu gara. Atlasko aldapa zurietatik, Merzugako basamortura eramango gaituen bide idorrean pentsatzen hartu gaitu loak, basamortuan ere eskiatzeko ametsa bete ahal izango duen burutik ezin kenduta dabilela taldekoren bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.