Gisa horretako zeharkaldiaren kontzeptua ez da berria. Patrick Berhaultek Alpeetako zeharkaldia osatu zuenean mendikateko 22 horma eskalatu zituen, 2000. urteko abuztuan hasi eta 2001eko otsailean bukatuta -hormatik hormara oinez, bizikletaz edo eskiekin joaten zen-. Pirinioetan Luis Audouvertek ere osatu zuen antzeko ezaugarrietako abentura, 1980ko urteetan. Berritzailea ez izanagatik, bada berezia ekimena, ezohikoa. Ferres, Valldosera eta Vila ekainaren 12an abiatu ziren Banyulsetik (Herrialde Katalanak), eta irailaren 10ean iritsi ziren Hendaiara.
Aitzindarien bidetik
Halako abentura bat, noski, ez da egun batetik bestera gorpuzten. «Badira bi urte asmoa buruan genuela. Prestaketa, berez, ez da zaila: hasiera eta bukaera puntuak erabaki, eskalatu nahi diren hormak aukeratu, mapak hartu eta oinez hastea nahikoa da», argitu du Jordi Vilak. Pirinioetako Goi Zeharkaldia (HRP) izan dute erreferentzia mendikatea zeharkatzeko, nahiz eta hainbat egunetan mapetatik kanpo ere ibili diren, «nahigabe eta galduta kasu batzuetan».
Gironako hiru mendizaleek garbi zuten helburua: Pirinioak ezagutu nahi zituzten. «Alpeetara, Andeetara, Himalayara... joaten gara, baina ez dugu gertukoa ezagutzen. Pirinioetan zerbait egin nahi genuen, eta eskalada klasikoa gustatzen zaigunez, mendikatean arrastoa utzi duten eta historia duten hormak eskalatzeko aukera bururatu zitzaigun».
Liburuetan irakurriak zituzten Jean eta Phierre Ravier anaiek 50eko eta 60ko urteetan egindako eskaladak, eta irakurriak zituzten alpinismoaz Gaston Rebufattek idatzitakoak. «Zergatik ez haiek utzitako ondare hori bertatik bertara ezagutu? Handia da egin zutena: garai hartan zituzten baliabide eta materialekin horma horiek eskalatzea; hura bai abentura, ez gurea», dio Vilak. Eskalatzeko ezinbesteko hormak Patrice de Bellefonen Las 100 mejores ascensiones y excursiones liburutik aukeratu zituzten. «Bellefonek 100 eskalada onenak direla badio, zerbaitegatik izango da, ezta?».
Argitzeke bazuten beste kontu bat: oinez edo bizikletaz abiatu? «Hasiera batean, bizikletaz egin nahi genuen, baina mapak arakatzen hasi ginenean jabetu ginen bizikletaz egiteak ez zigula Pirinioak ezagutzeko modua emango. Hainbat haranetan sartu-irtenak egiten dira, mendikatetik urrundu egiten da bat bizikletarekin, eta guk Pirinioen bihotza ezagutu nahi genuen».
Abiapuntua eta helmuga erabakita, bidea egitea falta zuten. Ekainaren 12an egin zuten lehenengo urratsa, aurrez Banyulseko hondartzan hankak busti ondoren. Handik aurrerakoa , presarik ez. «Gogoa, denbora eta konpainia egokia bagenituen; nahikoa genuen».
Izan ere, abiadura bizian bizi da gizartea, azkarregi, eta hori ere mendian agerikoa da. «Bitxia iruditu zaigu, adibidez, aterpetxeetako zaindariekin izan dugun harremana. Asteburu-pasa joaten gara mendizaleak normalean, eta ez dugu traturik izaten haiekin. Oraingoan bi edo hiru egun ere pasatu izan ditugu eguraldi txarragatik aterpetxeren batean, eta harreman estuagoa izan dugu. Portillongoan, esaterako, zaindariak eta gu, beste inor ez zegoen. Afalondoko garagardoa eta uxuala haien eskutik edan genituen», oroitu du mendizaleak.
Lagunen garrantzia
Gainerakoan autonomia osoz osatu dute zeharkaldia, etxea bizkarrean hartuta. «Arropa, eskalatzeko materiala, janaria eta jateko tresneria, lo-zakua... 25 kilo pasatxo bagenituen gainean gutako bakoitzak, eta haietako 10 janaria ziren». Motxila bete ilusio ere bazuten, ordea. «Eskerrak horri. Hasieran mantso abiatu ginen, eta ahalik eta pisu gutxien kargatzen saiatzen ginen. Baina bitxia da: sasoia hartuz joan ahala, pisu gehiago bizkarreratzeko joera izan dugu, eta, azkenerako, beti geunden nekatuta», oroitu du Vilak, barre artean.
Aterpetxeak baliatu dituzte, baina gosari, bazkari eta afari gehienak haiek prestatzen zituzten. «Su txikian prestatzen genuen jatekoa, bestela, aurrekontua asko handituko bailitzateke. Hori bai, herriren batera jaitsi izan garenean jatetxe batera joaten ginen otordua egitera, astean edo hamar egunean behin». Lotarako ere bibakak izan zituzten ia egunerokoa: «Mila izarreko hotelean, aterpetxe libreetan, etxoletan...Onena lagunekin partekatu ditugun uneak izan dira. Osorik guk hirurok egin duguzeharkaldia, baina uneoro izan da gurekin lagunen bat. Ibilbidean zehar 35 lagunek lagundu gaituzten uneren batean», argitu du Vilak.
Eskalada, ezinbesteko osagai
Mediterraneotik abiatu eta Barbet-Canigoko diedroa izan zuten lehenengo horma; Kantaurira iritsi aurretik, aldiz, Ansabereko Orratzetako Espigoloa eta Bellefont bideak, azkenekoak. Eskalada horien artean beste 25, guztira 27 izan baitziren igo zituzten bideak. Aldezaurretik erabakitakoak batzuk, bidean jaso dituzten aholkuen ondorioz aukeratutakoak besteak. «Cilindron eskalatutako bidea ez genuen ezagutzen, eta asko gustatu zitzaigun. Eskalatutako hiru horma ezinbestekoak, ordea, Marboreko Dorrearen iparra, Vignemaleko iparreko ertzaeta Midi d'Ossauko Embarradere iruditu zaizkigu. Pirinioetako eskalada klasikoan bide esanguratsuenetako hiru dira, klasikoenak. Haietako bi Ravier anaiek ireki zituzten. Harrigarria da nola eskalatzen zuten garai hartan. Bideak estilo klasikoan eskalatu zituzten aitzindariek, eta gaur egun jende gehienak kirol eskaladaren ereduari eusten dio bide horietan. Bide klasikoak estilo klasikoan eskalatzea bideragarriagoa da guk bezala maila apala dutenentzat», esan du Vilak.
Irailaren 10a. Hendaian egin zuten azken urratsa. Mendia beharrean, itsasoa aurrean. Atzera begiratzen jarrita, aldiz, hiru hilabeteko abentura, ehunka kilometro oinez eta 10.000 metroko eskalada. Zenbaki dantza bainoago, abenturako bizipenak gordeko dituzte mendizaleek. «Cerdanian jan genuen erregosi erraldoia, Andorrako meloiak, Tucarroya aterpetxeko urdai azpikoa, Gavarnieko ogia edota Midi d'Ossau jandakotxirla eta berberetxoak», oroitu du Vilak. Hendaiara iristean ez zuten ezer berezirik sentitu, «eta harritu egin gintuen. Pozik egon behar genuela uste genuen, bainakonturatu ginen garrantzitsuena ez dela helmugara iristea, iristeko jorratutako bidea baizik». Abenturak utzi dien ikasgaietako bat dute hori. Gainerako bizipen, irudi eta istorioak ondoko bideoan utzi dituzte eskuragarri: http://www.vimeo.com/15968139.
Eskalatutako 25 bideak
1. Barbet-Canigoko diedro handia:300m. / D+.2. Dent d'Orluko hegoaldeko pilarea:1.000m. / MD, MD+.
3. Torres de Bassieroko Mestres-Lleonard bidea: 230m. / 6a.
4. Amitges Orratzetako Anglada-Guillamon bidea: 150m. / 6a.
5. Drac de Tumenejako diedro handia: 220m. / V, V+.
6.Eterna Juventudbidea Maladetako Abadias mendian: 280m. / 6a+.
7. Salenques-Tempestades-Aneto ertza: 750 metroko desnibela / IV.
8. Spijeoleseko diedro handia:350m. / D+,V.
9. Lezateko mendebaldea:330m. / D+.
10. Ravier bidea Quayraten:500m. / MD, V+.
11. Esparrettes espoloia Perdido mendian: 400m. / D+.
12. Cilindro de Marboreko Montaner-Bescos bidea: 200m. / MD.
13. Ravier anaien bidea, Pene Blanque de Troumousen: 500m. / MD.
14. Dalle des Serradets: 150m. / V.
15. Ravier bidea Marboreko Dorrearen ipar aurpegian: 400m. / 6a, A0, A1.
16.Brujas-Franco-Española Tozal del Mallon: 400m. / ED.
17. Vignemaleko iparraldeko espoloia: 800m. / 6a, A0.
18. Chausenqueko ipar-ekialdeko espoloia: 700 m. / MD.
19. Balaitouseko Deabruaren ertza: MD.
20. Balaitous mendiko hegoaldeko diedroa: 250m. / D+.
21. Midi d'Ossau mendiko Embarradere pilarea: 350m. / 6a, A2.
22. Doit de Pombieko ekialdea, Midi de Ossau mendian: 375m. / V+.
23. BellefontMidi d'Ossaun: 650m. / 6a.
24. Ansabereko orratz txikiko Spigoloa: 350m. / 6a, A2.
25. Bellefont, bidea Ansabere handiko ekialdeko horman: 350m. / MD+.