Zegamako plazatik abiatuko dira lasterkariak, 09:00etan, eta 42 kilometro pasatxoko ibilbidea izango dute aurretik. Zenbaki dantzak ez du inor hotz-epel uzten: 450 lasterkari, 5.472 metroko desnibela eta hori osatzeko 8 orduko epea -irabazlea lau orduren bueltan helmugaratuko da-.
Ibilbidea, aldaketa txiki batzuk egin dituzten arren, urterokoa da: gogorra eta teknikoa. «Aratzeko jaitsiera laburtu egin dugu, eta Oltzetik Urbiarako bidea, berriz, gogortu, maratoiaren distantziara egokitzeko», argitu du lasterketaren zuzendari Alberto Aierbek. Zegamatik Aratz gaina izango dute lasterkariek lehenengo jomuga, malda gora etengabean. Handik Sancti Spiritusera jaitsiko dira, eta jana eta edana izango dute. Indarberritzea komeni, eguneko igoera pikoenari ekin aurretik: Aizkorri. Ez da tarte luzea, baina bi kilometro pasatxoan 500 metroko desnibela gaindituko dute.
Urbiara jaitsitakoan, eguneko azken igoerari ekingo diote: Andraitz. Ez da igoera luzea, baina ordurako lasterkariek indar asko xahututa izango dituzte. Zegamarako helmugarako jaitsieran gozamena eta sufrikarioa partekatuko ditu indarrak neurtu dituen lasterkariak; estu eta larri dagoenak, aldiz, kalbarioa izango du herrira iritsi bitarteko azken zatia.
Goi mailako lasterkariak
Munduko Kopako lasterketa izaki, espezialista onenak elkartuko dira Zegaman. Kilian Jornet katalan gaztea da irabazteko hautagai nagusia. Tentu handiz zaindu beharko ditu Raul Garcia eta Miguel Heras, besteak beste. Kataluniatik, Espainiatik, Andorratik, Frantziatik, Italiatik eta beste hainbat herrialdetatik etorriko dira lasterkariak, baina etxekoak dira, noski, kopuruan nagusi: Fernando Etxegarai, Walter Becerra, Aitor Osa, Nerea Amilibia, Alizia Olazabal...
Emakumeen artean iazko irabazle Emanuela Brizio italiarra nabarmendu behar da. Irabazi ez ezik, probako marka ondu zuen Briziok. Alberto Aierbek beste izen bat ere jarri du hizpide: Megan Kimmel. Elbrus mendian asteburuan jokatutako igoera irabazi zuen Kimmelek: «Ezustekoa izan zen, baina tentuz harekin».