Mendillorri Apps-ek —Mendillorri BHIko ikasleek sortutako Android aplikazioak— EuskalGeo jokoa argitaratu berri du. Iruñeko Mendillorri BHIko ikasleek garatu dute, eta haiek aurretik sortutako Navargeo jokoan oinarritu dira. Izan ere, Navargeo Nafarroako geografia jokoa da, eta hango mugak hedatuta sortu dute EuskalGeo.
Aplikazio berri honen helburua da Euskal Herriko udalerriak leku egokian kokatzea, eta jokatzeko hiru modu ditu: abiadura, ezagutza eta kokapen moduak.
Abiadura moduak minutu batean ahalik eta puntu gehiena lortzea du helburu, eta, horretarako, jokoan agertzen diren herriak ahalik eta zehaztasunik handienarekin kokatu behar dira. Ezagutza moduan, 30 kilometroren tartearekin asmatu behar da herriak non dauden kokatuta, eta, denbora mugaturik ez dagoen arren, gehienez hiru huts egin daitezke. Kokapen moduan, ordea, zortzi segundoan asmatu behar da mapan agertzen den puntua zein den.
EuskalGeo jokoa, kokapen moduan.
Mendillorri BHIko ikasleek orain arte gai desberdinetako beste 25 aplikazio sortu dituzte. Horien artean daude, esate baterako, eguneroko planifikazioa egiteko aplikazioa, biologia eta geologia ikasteko jokoa, bai eta zeliakoentzat den aplikazioa ere.