Krisialdiak ekonomiako sektore guztiak ukitu ditu. Ekonomiaren atzeraldiak, langabeziak eta horiei aurre egiteko erakundeek ezarritako murrizketek familien erosteko ahalmenari eragin diote. Poltsikoan diru gutxiago edukitzeak eta lanaren segurtasun ezak giroa gaiztotu eta kontsumoan beherakada nabarmena eragin du. Beherakada hori nabaritzen lehenak merkatari txikiak izan dira. Dendariak krisialdi ekonomikoaren ondorioak sufritzen ari dira. Horietako askok itxi egin behar izan dute negozioa. Beste asko, berriz, bezeroarengana iristeko bide berriak urratzen hasi dira. Zenbait kasutan, ordea, krisialdiak akuilu lana egin du, eta langabezian geratutako zenbaitzuek negozioa martxan ipini eta euren kasa lan egitea erabaki dute.
Ekoizpen katearen azken kate maila dira denda txikiak, herritarren arazo ekonomikoak gertuen sentitzen dituztenak. Krisiaren aurretik ere Euskal Herriko merkatari txikiek bazituzten hainbat arazo. Azken urteetan izandako merkataritza ereduaren garapenak ez die batere lagundu. Gero eta ugariagoak dira saltoki handiak, batez ere hiri inguruetan. Autoa uzteko arazorik ez izateak, ordutegi zabalak, gune berean denda mota asko egoteak eta aisiarako hainbat zerbitzuren erosotasunak erakarririk, herritar askok egin dute merkataritza gune horien aldeko hautua.
«Krisiak min handiago egiten die denda txikiei saltoki guneetakoei baino». Olga Zulueta Bilboko Erdiguneko Merkatarien Elkarteko zuzendari artistikoa da. Krisiaren eraginez denda batzuk itxi egin dituztela dio Zuluetak.
Jendeak, oro har, gastatzeko diru gutxiago izanda, behar-beharrezkoak ez diren gauzak erosteari uzten dio. Besteak beste, arropa dendek eta ostalariek sufritu behar lituzkete gehien, beraz, kontsumoaren beherakadaren ondorioak. Hala ere, Zuluetaren arabera, hori ez da beti hala izaten. «Kontua da buruari eragin eta bezeroa erakartzeko era originalagoak bilatzea. Ondo saltzen duten arropa denda eta tabernak badaude».
Kontsumoaren beherakadari aurre egiteko ekitaldiak antolatzen ditu elkarteak, jendea erostera bultzatzeko. Horren adibidea da orain dela gutxi Bilbon antolatu zuten Gozatu Athletic ekinbidea. Athletic futbol taldeak izandako arrakastaz baliatu dira hiriko dendak erosleak erakartzeko.«Zertxobait gehiago saldu ahal izateko adabakiak bilatzen saiatzen gara».
Beste dendari askok ez bezala, Zuluetak garrantzia kentzen dio saltoki guneen lehiari. «Bilboko erdiguneko dendek ez dute zerikusirik saltoki guneetakoekin». Saltoki gune handietan marka ezagun eta handiak saltzen dituzte. Saltoki txikietara jotzen duten erosleak, berriz, ez ditra marka horien bila aritzen.
Min handiagoa egiten diete dendari txikiei, Zuluetaren arabera, saltoki handietako ordutegi neurrigabeek. «Ezin gara haiekin lehiatu alderdi horretan. Dendari txiki batek saltoki handien orduei jarraituko balie, aisiatik, atseden orduetatik edo familiarekin egotetik kendu beharko luke».
Desabantaila horien aurrean, merkataritza txikiaren alde onak aldarrikatzen ditu Zuloagak. Bezeroa ezagutzeak tratu pertsonalagoa emateko bidea ematen dio dendariari, eta hori saltoki handiek ezinezkoa dute. Zuluetaren ustez, bide horretatik eutsi behar dio merkataritza txikiak krisiaren zartadei. «Gertuko arreta eskain dezake dendariak. Luzera begira, asko eskertzen du bezeroak».
Zuluetak garrantzitsutzat jotzen du herri edo hiri baten bizitzarako merkataritza txikia bizirik egotea. Izan ere, dendari txikien negozioa ondo doanean aberastasuna sortzen da inguruan. Lanpostu berriak sortzeaz gain, aldameneko dendetako kontsumoa bultzatzen da. «Saltoki handiek lanpostuak sortzen dituzte, bai, baina etekina herritik kanpora doa».
Elkartean saltzaileek bide berriak urra ditzaten saiatzen dira. Erreminta berriak dituzte eskura egun dendari txikiek, eta saltzeko baliagarriak izan dakizkieke. «Sare sozialek eta webgune on bat edukitzeak abantailak eman ditzakete».
Almacenes San Ignacio Donostiako Gros auzoko dendak ere nabaritu ditu atzeraldiaren ondorioak. Etxerako ehunak saltzen dituzte, eta 92 urte ditu dendak. Carlos Rodriguez da dendako arduraduna.«Jendeari, lehen, bizitza osorako alfonbra batengatik ordaintzea ez zitzaion axola. Orain, egun batetik bestera irauten duten produktuak erosten dituzte. Ahal den gutxien gastatu nahi dute».
Iruñean ere denda askok itxi egin behar izan dute krisiaren eraginez. Amaia Villanueva Zabalguneko Merkatarien Elkarteko kudeatzaileak dioenez, merkataritza tradizionalarekiko atxikimendu falta du jendeak. «Herritarrek herrian bertan kontsumitu behar lukete, baina ez dira ohartzen herriko dendak irekita egoteak duen garrantziaz. Bertako produktu eta dendekin futbol taldeekin duen atxikimendua erakutsiko balu jendeak egoera desberdina zatekeen».
Merkataritza guneak ireki aurretik larunbat arratsaldeetan kalean jende gehiago ibiltzen zela uste du Villanuevak. «Orain ez da horrenbeste jende ibiltzen, saltoki guneetara jotzen du geroz eta jende gehiagok».
Negozio berrien irekiera
Azkenaldian, baina, negozio berrien agerraldia nabaritu du Amaia Villanuevak. Krisiak krisi, edo horren eraginaren ondorioz batzuetan, azken sei hilabeteetan hirurogei bat negozio ireki dituzte Iruñean. Zenbait kasutan, itxitako lokalak beste negozio batzuetarako hartu dituzte.«Krisiaren eraginez, jendeak bere negozio propioa ireki beste aukerarik ez du lan egiteko».
Egoera ekonomikoaren ondorioz, espezializaziorantz jo dute askok. Javier Carballok ere halaxe egin du. Bihar inauguratuko du Iruñean denda berria, La Casa de los Quesos. Gaztan espezializatutako denda da, eta 90 motatako gaztak izango ditu salgai, kalitatezkoak eta eskuz eginikoak. Energia berriztagarrien sektorean lan egindakoa da Carballo,krisiak gehien zapaldu duten sektoreetako bat. Biologia lizentziaduna da, eta aurreko laneko eskarmentuaz baliatu, eta negozio berria irekitzen ausartu da. «Nahiz eta krisi garaia izan eta jendeak kontsumitzeko gogo handirik ez eduki, merkatuan kokatzeko une egokia da aurrera begira». Zalantzazko une hauetan horrelako inbertsio bat egitea «arriskutsua» izan daitekeela dio. «Baina bizitzako alor askotan egon daiteke arriskua. Ideia ondo pentsatua bada eta arriskuak kontuan hartuz gero, ez du zertan gaizki atera ».
Merkatuaren beharrak zeintzuk diren eta horiek nola bete daitezkeen jakitea garrantzitsua da negozio berri bat irekitzeko orduan.Horren jakitun dira Abuelo Actual Bilboko dendan. Jende edadetuarentzako eta horiek zaintzen dituztenenetzako gauzak saltzen dituzte, eta beste saltoki bat ireki dute berriki, bigarrena. «Pertsona nagusiei zuzenduriko merkatuak aukera asko eskaintzen ditu, nahiz eta krisialdia egon», azaldu du Ines Venerok, dendako arduradunak. Merkatari txikiak, Veneroren iritziz, produktua saltzeaz gain beste zerbitzu batzuk eskaini behar ditu krisiak jan ez ditzan. «Produktua saltzeaz gain, aholku zerbitzua ere eskaintzen dugu».
Ezarian. Denda txikiak eta krisia
Merkataritza txikia, kontsumoaren gainbeheraren ispilu
Krisiak eragindako kontsumoaren beherakada igartzen ari dira hiri eta herrietako denda txikiak. Askok itxi egin behar izan dute negozioa, galerek bultzatuta. Beste batzuek, ordea, lan egiteko bide bakarra negozio propioa irekitzea izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu