«Merkatua elkarrizketa da, eta enpresak elkarrizketa hori euskaraz egin behar du»

'Enpresa eta euskara, sareak sortzen' jardunaldia egingo dute ostegunean Gasteizen, enpresen munduan euskara Interneten eta hango sare sozialen bidez nola erabili eta zabaldu hausnartzeko.

Edu Lartzanguren.
2010eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Eneko Astigarraga (Eibar, 1960) irakaslea da, Deustuko Unibertsitatean. Euskaraz lan egiteko enpresetan zein tresna dauden azalduko du, besteak beste, Enpresa eta euskara, sareak sortzen jardunaldietan, ostegunean, 10:00etan, Gasteizko Bibat museoan. Jardunaldien inguruko informazioa: [email protected] helbide elektronikoan edo 619909882 telefonoan.

Zergatik aukeratu zaituzte enpresen, euskararen eta teknologia berrien inguruan mintzatzeko?

Alde batetik, Codesyntax gure enpresan sare sozialak eta lan mundua jorratzen ditugulako eta horretarako aplikazioak egiten ditugulako. Horrez gain, Deustuko Unibertsitatean nabil irakasle. Sare sozialak eta enpresek horiek nola erabiltzen dituzten azalduko dut, hasteko. Euskarak horretan hartu duen papera eta izan dezakeena aztertuko ditugu, eta hutsuneak non dauden.

Enpresak orain arte egitura iherarkiko zurrunak izan dira eta euskara traba gisa ikusi izan dute, salbuespenak salbuespen. Teknologia ari al da hori aldatzen?

Merkatuak elkarrizketak direla dio Cluetrain manifestua-k. Interneteko sare sozialek elkarrizketa hori erraztu egiten dute, eta elkarrizketa hori euskaraz ere egin behar da. Enpresak bere merkatuarekin euskaraz egin behar du. Enpresaren barnean ere komunikazioa dago, sare sozial bat. Horretan euskarak zer eginkizun duen aztertuko dugu, hau da, enpresetako euskara planetan Internetek dituen erabilera, mugak eta aukerak. Gai berria da, eta ez dago pontifikatzerik, soilik hausnartzea eta galderak egitea.

Aldaketa horretan zeintzuk dira sare sozialek bereziki eragin dituztenak?

Interneteko sare sozialek asko erraztu dute lehen aipaturiko komunikazio hau. Telefonoz, bi gara orain; multikonferentzia batean, gehiago izan gintezke; baina Interneterekin askoz zabalagoa eta arinagoa izango litzateke elkarrizketa. Enpresan, esaterako, edonon dauden euskaldunekin jar zaitezke harremanetan; Txinan daudenekin, esaterako. Hizkuntzak sortzen duen komunitateak zure ahalmena indartzen du eta hori erabiltzen jakin behar da. Euskaldunok beste arazo bat dugu, ordea: hainbat hizkuntzatan aritzen gara. Hizkuntza aniztasun hori ikusita, pentsatu behar da enpresek zer estrategia har dezaketen.

Zein abantaila du horretan hiztun gutxiagoko hizkuntza izateak?

Elkarrizketa pertsonek egiten dute. Korporazioek zailagoa dute lagunak izatea. Beraz, erraztu egiten da komunikazioa lotura estuagoa denean. Gertuko bezeroari bere hizkuntzan egitea garrantzitsua izan daiteke lehiakortasunari begira. Internet, gainera, gero eta lokalagoa da: inguruko zerbitzuak bilatzen ditugu Interneten, ez Txinakoak.

Zu Software Libreko Enpresen Elkarteko kidea zara. Zertan laguntzen du software askeak honetan?

Aukera ematen dizu edozein aplikazioa euskarara ekartzeko. Applek euskarari jarritako betoa hor dago, eta Microsofti hasieran Windows euskaratzeko ordaindu behar izan geniola.

Erabilera onaren adibide bat?

Berriketan.info,orain zabaldu berri den sarea, oso interesgarria da, arretaz jarraitu beharrekoa, eta, aurreko galderarekin lotuta, software askearekin dago eginda.

Fermin Etxegoienen Autokarabana eleberrian enpresetako euskara planen kritika zorrotza egiten da. Nobelako euskara teknikariak jardunaldira joan beharko luke ?

Argi dago tresna berri hauek etorkizuna dutela euskarak etorkizuna duen neurri berean. Azken batean, sarea kanpoan dugunaren isla da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.