Merkealdia pizgarri

Jende askorekin eta salmenta onekin hasi da merkealdia Euskal Herrian, saltzaile gehienen arabera. Iragan udazkeneko denboraldi eskasa salbatzeko itxaropena erakutsi dute.

Bilboko kaleetan ohi baino mugimendu handiagoa dago egun hauetan merkealdia dela eta. JON HERNAEZ/ ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre - Irene Arrizurieta
Donostia-Iruñea
2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Astebete pasatu da Euskal Herrian merkealdia hasi zenetik, eta, udazkeneko denboraldi tristearen ondoren, arnasa hartzea espero dute orain saltzaileek. «Larunbata indartsua izan zen, eguraldi onak eta zubiak lagunduta, eta aste barruan joera mantendu da. Jendea badabil, eta saltzen da», azaldu du Jon Aldeiturriaga Bilboko Zazpikaleetako Saltzaileen Erakundeko kideak, Zazpikaleei erreferentzia eginez.

«Kanpaina txarra izaten denean, merkealdia ona izaten da», nabarmendu du Aldeiturriagak. Normalean funtzionatzen duen legea omen da hori, eta, aurten, oraingoz behintzat, betetzen ari da. Izan ere, bezeroentzat egoera ezin hobea da aurtengoa, Aldeiturriagaren arabera. Udazkeneko soberakinez lepo daude saltokiak, eta erosleentzat aukera gehiago dago.

Aldeiturriagaren balorazioarekin bat egiten dute Donostiako Sirta eta Arbelaitz, Bilboko Gili Gili eta Gasteizko Orchestra arropa saltokiko saltzaileek. «Merkealdia oso ongi doa. Udazkeneko denboraldia salbatzen ari dira», dio Mirian Arbelaitzeko arduradunak.

Zapata saltzaileak ez daude hainkonforme. Gasteizko Zapaticos saltokiko Asun Camposek dio lehen egunean nahiko ongi hasi zirela baina ondoren eskastu zirela salmentak. Iruñeko Pablo Aiestaran Ayestaran zapata dendako saltzailea kezkatuta dago, aurten merkealdia iragan urtekoa baino motelago hasi delako. Hamabi zapata eta osagarri denda dituzte Iruñean eta Gasteizen banatuak. «Zertxobait okerrago goaz. Lehen egunean, larunbat goizean, uholdeka etorri zen jendea, baina arratsalderako asko moteldu zen erritmoa. Aste barruan, berriz, jende gutxi dabil. Udazkena oso motela izan da, eta ez ditugu berreskuratuko salmenta horiek». Eta eguraldiak ere ezomen die lagundu merkealdian: «Iruñean izotza egin du egun hauetan», azaldu du.

Bezeroak oro har merkealdiaren esperoan egon ohi dira, saltzaileen arabera. Eguberrietan opari txekeak jaso dituztenak ere urtarrilaren 7aren zain egon direla nabarmendu du Aldeiturriagak.

Saltoki bakoitzak aukeratzen du salgaien deskontua. Sirta, Gili Gili eta Zapaticosen %30eko merkealdia dute. «Hortik goragokoak iruzurra dira. %70ean bi salgai egongo dira saltoki osoan. Jendea engainatzeko egiten dute», azaldu du Julian Bengoetxea Donostiako Sirtako saltzaileak. Saltoki handiagoen joera izaten da hori normalean. Arbelaitzen, prezio erdian dituzte arropak, eta %30ean osagarriak. Orchestran ere, prezio erdian eros daitezke produktuak. Ayestaranen, %70ean daude salgai batzuk.

Udazken eskasa

Udazkeneko soberakinak saltzen dituzte merkealdian, eta krisiak eta eguraldiak baldintzatu dituzte iragan udazkeneko salmentak. «35 urte daramatzat lanean, eta kanpainarik txarrena izan da aurtengoa», azaldu du Manolita Bengoetxea Bilboko Gili Gili saltokiko jabeak. Salmentetan eguraldiak ez duela batere lagundu nabarmendu du jabeak, oso tenperatura epelak egin baititu abendura bitartean. Iritzi berekoa da Donostiako Sirtako saltzailea ere: «Azaroan oraindik mahuka motzeko kamisetekin genbiltzan, eta, egoera horretan,jendeak ez du neguko arropa erosten». Zapatak saltzeko ere arazoak izan ditu Camposek Gasteizko Zapaticosen. «Haur eta nerabeentzako zapatak ditugu guk. Irailean 30 gradu egiten zituen, eta horrela ezinezkoa da».

Abenduan ohi baino beranduago iritsi zen saltzaileek desiotako hotza, baina orduan ere kalte gehiago egin zien mesede baino. «Eguberrien aurreko larunbatak garrantzitsuak izaten dira guretzat, salmenta askokoak. Denborale indartsuak egin zituen, ordea, haize boladak eta euria, eta jendea etxean geratu zen», gaineratu du Gili Giliko jabeak.

Eguraldiari azken urteotan ezagun duten krisia gehitu behar zaio, etengabe haren arrastoa nabaritzen baitute: «Langabeziaren zifrei begiratzea besterik ez dago», dio Aldeiturriagak, Bilboko Zazpikaleetako Saltzaileen Elkartekoak. Eta horri hedabideek duten indarra gaineratu behar zaio: «Komunikabideek ez dute berri onik aipatzen, eta jendea izututa dago. Ez du erosi nahi», dio etsita Aiestaranek, Iruñeko Ayestaran zapata dendetako arduradunak.

Martxoaren amaierara arte

Legeak dio urtarrilaren hasieran hasi eta martxoaren 31ra arte iraun dezakeela merkealdiak Hego Euskal Herrian, baina saltoki bakoitzak gehienez bi hilabeteko muga du. Leku batetik bestera aldatu egiten dira ohiturak: «Martxoaren hasierara arte iraungo du Bilboko Zazpikaleetan», dio Aldeiturriagak. Saltokietatik kalera soberakinak atera eta merkatu gisako bat egiten dute orduan bi egunez. Donostiako Arbelaitzen, berriz, lehenago amaitzeko asmoa dute, San Sebastian egunean.

Kontsumo arduratsua egiteko aholkatzen du Aldeiturriagak. Aurretik pentsatuta eta buruarekin erosi behar da, gainontzeko egunetan egiten den gisan. Horrela, «saltzaileak eta erosleak, guztiok zoriontsu izango baikara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.