ATZEKOZ AURRERA. Asun Urzainki. Geografoa

«Meteorologiari lotuta daude ekonomia eta aisialdia»

Landa eremuetan aditua da Urzainki, eta klimatologiaren barrunbeetan murgildurik dabil orain. Igeldoko behatokiaren inguruko hitzaldia emango du bihar, Donostian.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2015eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Klimak dena baldintzatzen du: egunerokotasuna, lanorduak, aisialdia, ekonomia... Horixe da Asun Urzainki (Garde, Nafarroa, 1946) geografoaren tesia. Deustuko Unibertsitateko irakasle emeritoa da, eta,egun erretiroa hartuta badago ere, han-hemenka dabil meteorologiaren inguruko mintzaldiak ematen. Gaur Donostian izango da, San Telmo museoan, 19:00etan; Igeldoko behatokiaren historia izango du hizpide.

Oso garrantzitsua omen da Igeldoko behatokia.

Noski. 1905ean sortu zuen Juan Miguel Orkolaga apezak, eta, harrezkeroztik, aro arrakastatsu eta berritzaile asko izan ditu, unean uneko zuzendaritzarekin oso lotuak, gainera. Lehen urteetan, Orkolagak martxan jarri zuenean, klimatologia ez zen existitu ere egiten, ez zen zientzia bat; pentsa, matematikariak eta fisikariak arduratzen ziren eguraldiaz! Dena hutsetik abiatu behar izan zuen. Iragarpenak egiteko teknika bat ere hark asmatu zuen! Ordutik, fase asko izan ditu behatokiak: gerra, frankismo garaia, egungo egoera... Garrantzitsua da denak ezagutzea. Egun, klima aldaketa ulertzeko berebiziko balioa duten datuak dauzka. Izen handia dauka nazioartean ere.

Orkolaga sistema delakoa sortu zuen Orkolagak berak. Zertan zetzan iragarpenak egiteko metodologia hori?

Atmosferaren funtzionamendua ulertzearekin tematuta zegoen. Ekaitzak eta sakonune atmosferikoak soilik mendebaldetik ez zirela etortzen ikusi zuen, eta, beraz, ohartu zen jarri behar zuela arreta jatorri puntuetan. Gainera, jabetu zen itsasoko istripuek zerikusi handia zutela altura itsaslasterrekin. Alegia, haizeteekin, eta horiek ikertu beharra zegoela. Horretarako, hodeien formak aztertu zituen, beste teknikarik eskura ez zegoen garai horretan. Oso berritzailea izan zen, eta asko asmatu zuen.

Marinelei laguntzeko egiten zituen iragarpen guztiak, ezta?

Bai, horixe zen haren helburu nagusia, arrantzaleei eta marinelei laguntzea. Portuko jendeak debozioa zion.

Izan ere, klimatologiak eragin zuzena dauka bizitzako hainbat esparrutan.

Orkolagak nabarmendu zuen bezala, estuki lotuta dago eguraldia eta bizitza. Irudikatu bidaia bat egin behar dela; zer da jendeak begiratzen duen lehenengo gauza? Eguraldia. Bestalde, hegazkingintzan ere tentuz segitu beharreko faktorea da, baita itsasketan ere. Eta meteorologiaz solas egiten dugunean, ez dihardugula soilik tenperaturaz. Eguzki erauntsiak ere kontrolatu behar ditugu; izan ere, eragin handia dute Interneten funtzionamenduan, eta sare elektronikoan. Halaber, nekazaritza guztiz baldintzatzen du klimak. Orokorrean, meteorologiarekin lotuta daude ekonomia eta aisialdia. Egun, herritarrek garrantzia onartzen diote, eta eguraldiaren berri izateko geroz eta eskaintza handiagoa egiten dute. Hasieran, nekazariei, abeltzainei eta marinelei baino ez zitzaien ardura; orain, denen interesekoa da.

Eguraldiarekin arduratzen gara, beraz. Baina gizakiak egiatan ikusten al du naturak egunerokotasunean daukan eragina?

Gizartearen eta espazio fisikoaren arteko harremana eta suntsiketa aztertzen dituen zientzia da ekologia. Orain modan dago. Ingurumenak asko larritzen gaitu. Ustez. Denak oso sentibera bihurtu omen gara, baina itxurakeria baino ez da. Hedabideek transmititzen dituzten mezuen bilduma da. Ni nahiko ezkorra naiz gai honekin. Ez dut uste jendeak egiatan ikusten duenik ingurumenak zein eragin daukan gugan. Eta badu. Etorkizunari dagokionez, eszeptikoa naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.