Britainiar inperioaren Salisbury errege-ontziko medikua zen James Lind 1747ko udaberrian. Eta bere buru-hauste handiena ez ziren batailetan zauritutako marinelak. Ez berarenak, ezta munduko itsasoetan barrena zebiltzan beste mediku inorenak ere. Lind kezkatuta zegoen hamar marineletik batek eskorbutuaren sintomak zituelako.
XVIII. mendean, eskorbutuak ez zuen ez azalpenik, ez sendabiderik; heriotza mingarri eta segurua zen, eta ehunka milaka marinel akabatu zituen Europako inperioak ozeanoak konkistatzera irten zirenean. Gudek eta bestelakoek baino askoz ere gehiago. Adibiderako: Frantzia eta Britainia Handiaren arteko Zazpi Urteko gudan 1.512 marinel britainiar hil ziren gerran; eskorbutuak jota, 100.000.
Lindek hainbat tratamendu usteko zituen aukeran, baina honekin eta harekin ausaz saiatu ordez, bestela egitea erabaki zuen. Eskorbutuaren sintomak antzeko neurrian zituzten 12 marinel bereizi zituen. Ontziko leku berean bildu, eta guztiek dieta bera jasoko zutela ziurtatu zuen; ondoren, biko taldetan banatu zituen, eta bikote bakoitzari tratamendu jakin bat jarri zion. Susmatzen zuen gaitzak dietarekin zuela zerikusia, eta hauxe eman zion hurrenez hurren talde bakoitzari: sagardoa, azido sulfurikoa, ozpina, itsasoko ura, baratxuriz, errefau-sustraiez eta mirraz egindako pasta, eta laranja eta limoiak. Ez zen horretara mugatu: beste gaixo-talde bat ere behatu zuon; talde harek tratamendurik jaso ez, eta dieta normalarekin jarraitu zuen.
Horrela jokatuta, historiako lehen entsegu kliniko ezaguna prestatu eta gauzatu zuen Lindek. Kanpoko aldagaiak berdindu zituen, tratamenduaren eragina isolatu ahal izateko, eta kontrol-talde bat ere sortu zuen, sendatzen zuena tratamendua zela ziurtatzeko, eta ez aintzat hartu ez zuen beste faktoreren bat.
Saiakuntzaren kondizioak eta parte-hartzaileen kopurua ez ziren onargarriak izango gaur egungo estandarren arabera: pentsa, Lindek saiakuntzak hamalau egun iraun behar zuen, baina seigarren egunean zitrikorik gabe geratu zen! Hala ere, funtsean, gauza bera egiten dugu orain ere botika berri bat probatzeko, edo erabiltzen den tratamendu baten eraginkortasuna frogatzeko. Metodo hori dago medikuntzaren oinarrian; metodo hori bihurtu da joko-araua, eta hori ez da gertatu kapritxoz. Funtzionatzen duelako finkatu da, metodo baliagarri eta indartsua delako. Hain da indartsua, ezen ez baita beharrezkoa botikaren mekanismoak ezagutzea eraginkorra dela jakiteko.
Hala zegoen Lind 1747an. Ez zekien eskorbutua C bitaminaren gabeziak eragiten zuenik, ez eta laranjek eta limoiek C bitamina zutenik ere; C bitamina existitzen zenik ez zekien inork. Baina saiakuntza egin zuen bezala egin zuelako, agerian geratu zen zitrikoak hartzeak eskorbutua arindu bakarrik ez, sendatu ere egiten zuela. Horixe gertatu baitzitzaien laranjekin eta limoiekin tratatutako marinelei. Gainerakoak ez bezala, ia erabat osatu ziren haiek.
Lehenago ere hemen gomendatu dudan liburu batetik hartua da James Linden lanari buruzko kontakizun hau. Simon Singhen eta Edzard Ernsten Sendabide ala Iruzurbide da liburua (Elhuyarrek berak euskaratua), eta, egileek esaten duten bezala, berritzailea ez ezik, erabat heterodoxoa ere bazen orduko medikuntzarentzat marinelei laranjak eta limoiak ematea: “Medikuntza alternatiboa terminoa existitu izan balitz, Linden lankideek alternatibo etiketa jarriko zieten laranja eta limoiei».
Gaurgero badakizue esaldi hori nik hemen aipatzea ez dela intentzio gabea. Izan ere, ezagun da unean uneko jakintzatik desbideratzen den oro har litekeela alternatibotzat; eta momentu batean heterodoxo izandako ideia batzuk jakintzaren muin bihurtu dira denborarekin, baita egia biribilak zirenak gezurtatu ere. Baina hori ez diogu zor metodo zientifikoa ukatzeari, alderantziz baizik. Entsegu klinikoen metodologia bera da medikuntzak garatu duen erreminta ahaltsuena; Linden aukera a priori heterodoxoari bermea eman ziona, eta beste aukera guztiak ebaluatzeko gaitasuna duena. Metodo bikain bat dugu, eta bera da alternatiba.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Metodo alternatiboa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu