Miarritzera doa Lurrama, hastapeneko xedea indartuz

Lehen aldiz Miarritzeko Irati aretoan eginen da Lurrama, eta lehen aldiz eskola opor garaietatik at, azaroaren 4, 5 eta 6anBretainia gomitatuko dute aurten garapen iraunkorrerako herri laborantzaren bestara

Didier Borotra Miarritzeko auzapezak parte hartu zuen Lurramaren aurkezpenean, Herriko Etxean. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Miarritze
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Lehen aldiz, Lurramak Miarritzerako bidea hartuko du aurten. 2006an sortu zen garapen iraunkorraren araberako herri laborantzaren aldeko ekimena, eta, bost urtez Baionan egin ondoren, antolatzaileek Miarritzera eramatea deliberatu dute aurten. Aldaketaren beharra azaltzeko, baldintza teknikoak aipatu ditu Marise Cachenaut-ek, Lurrama elkarteko presidenteak. Handiagoa da Irati gela, 5.000 metro koadro, eta aldamenean 750 aparkaleku ditu urririk. Ekimen guztiak toki berean egiteko baldintzak bermatzeaz gain, errepide nagusiaren eta A-63 autobidearen ondoan dagoela azpimarratu du. Hara joan nahi duenak ez du hiribarnean sartu beharrik.

Urtero legez, Lurramak lelo nagusi bat izanen du, eta aurtengoa galdera zabal bat izanen da: Ba ote dugu oraindik laborarien beharra? Galderak baiezko erantzuna duelakoan, behar hori aipatu eta horretan sakontzeko saioa eginen dute, Lurramaren barnean antolatuko dituzten mintzaldi eta mahai inguruen bidez.Jean Marie Harribey ekonomialaria izanen da aurten Lurramaren aitabitxia. Irakaslea da Bordeleko Unibertsitatean, eta 2006tik 2009ra Frantziako Attac elkarteko presidentea izan zen.

«Laborantza Ganberak ez du zuzenean antolatzen Lurrama, baina xedea handik atera zen», azpimarratu du Cachenautek. Lurramak ez du laborantzaren saloi bat izan nahi, laborari eta hiritar, saltzaile eta erosle, naturazale eta alternatiba eraikitzaileen bidegurutze baizik. Kalitatezko laborantza garatzeko, ezagutarazi behar da lehenik eta usu erronka handia da hori hirigunean. Saltegi handi eta gizarte kontsumitzailearen ohiturak barneratu dituzten herritarrek ez dute usu ezagutzen hazitik mahaira doan prozesua, eta prozesu hori aurkeztu nahi die Lurramak. Horrekin batera, ingurumena zaindu eta bazterrak garbi mantentzeko duen garrantzia aipatu zuen.

Hamar urterik behin egiten duen laborarien errolda egin berri du Frantziak, eta zenbakiek argiki erakusten dute etxalde txikiak desagertzen ari direla, handiak handitzen ari diren bitartean. Hamar urtean lau laboraritik bat desagertu da Akitanian, eta bostetik bat Pirinio Atlantikoetan. Ipar Euskal Herrian kopuru hori apalagoa dela nabarmendu du Cachenautek. Etxaldeak txikiagoak dira, baina laborantzan plantatzen diren bi laboraritik bat Euskal Herrian dagoela azaldu zuen. Etxalde txikiei esker lanpostu ugari atxikitzen direla nabarmendu dute.

Seiehun laguntzaile

Lurrama antolatu ahal izateko laborariek mobilizazio handia egiten dute. Zenbait belaunalditako 600 laguntzaile arituko dira aurten lanean. Arlo teknikoari dagokionez, Irati aretoko bi solairuak hartuko ditu lurramak, bakoitza 2.500 metro koadrokoak. Gaineko solairuan apairuak eta animazioak izanen dira. Sukaldari eskolek apairuak prestatuko dituzte. Beheko solairuan kabalak egonen dira. Aurten ehunetik gora izanen dira, 20 arrazatakoak bederen. Bretainia izanen da aurten gomitatuko duten eskualdea. Sarrerak lau eurotan ezarri dituzte, eta haurrek ez dute ordainduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.