Migrazio bideak aztergai

Hegaztien migrazio bideak aldatzen ari dira, itxura batean, eta hori aztertzeko, satelite bidezko igorgailu bat jarri diote zikoina batiSalburuko hezeguneetako interpretazio zentroan egingo dute ikerketa

Satelite bidezko igorgailu bat darama soinean Estitxu izeneko zikoinak. RAMON ELOSEGI / SEO-BIRDLIFE.
Gasteiz
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Estitxu izena jarri diote aztergai izango den zikoina bati. Gasteizko Salburuko hezeguneen interpretazio zentroak (Ataria) Espainiako Ornitologia Elkartearekin batera martxan jarritako proiektuak zikoinaren migrazio bideak aztertuko ditu. Gorka Belamendia Atariako arduradunak dioenez, «berritzailea eta aberasgarria» da egitasmoa. «Hegaztiei buruz dakiguna osatzen lagunduko digu».

Egungo bibliografia ornitologikoaren arabera, Europa mendebaldeko hegaztiek Sahara hegoalderantz jotzen dute negua han igarotzeko. Azkenaldian, ordea, hegazti askoren migrazio bideak aldatzen ari dira, berotegi efektuaren ondorioz. Norabide aldaketa horien berri izatea beharrezkotzat jotzen dute zientzialariek. Ramon Elosegi Espainiako Ornitologia Elkarteko kideak azaldu du hegaztien migrazio ohiturei buruz asko dagoela oraindik ikasteko. «Are gehiago baldintza klimatikoak aldatzen ari badira».

Hala, zalantzak argitu eta datu berriak eskuratzeko, proiektu berezi bat jarri zuten martxan duela hilabete gutxi, hiriburu berdearen egitasmoen barruan. Zikoina heldu bati txip bat jarrita horren migrazio bideak ezagutzea da helburua. Gero, lortutako informazioa Iberiar penintsulako antzeko proiektuetan lortutako datuekin alderatu, eta ondorioak aterako dituzte.

Proiektua hasi baino ez da egin; bultzatzaileek uste dute hiru urte iraungo duela datuak biltzeak. Otsail inguruan ekin zioten ikertzeari. Hala, inguruetako habiarik eskuragarriena aurkitu zuten, baita proiektuan parte hartuko zuen zikoina emea ere. Uribarri Ganboako (Barrundia) urtegitik gertu zegoen habia bat aukeratu, eta zikoinari Estitxu izena jarri zioten. Geroago, apirilaren 30ean, eraztun markatzaile bat eta satelite bidezko igorgailu bat jarri zizkioten zikoinari.

Datu biltzea

Belamendiak azaldu duenez, satelite bidezko igorgailuaren erabilera «berritzailea da oso». Horrek 30 minutuan behin ematen du hegaztiaren kokapenaren berri, eta, beraz, migrazio bideak jarraitzeko modu «ezin hobea» dela adierazi du. Gailuak zelula fotoboltaiko bat du, eguzki energia jasotzen duena. Horri esker lortzen da aparatuak luzaroan martxan irautea.

Orain arte jasotako datuen arabera, zikoina Araban dago oraindik. Dirudienez, Salburuko hezeguneetan ematen ditu goizak azkenaldian. Bertatik Gardelegiko zabortegira joaten da eguerdi aldera, janari bila, eta ondoren parkera bueltatzen da, lotara. «Migratuko ote duen ez dakigu, baina hori jakiteko modua emango digu satelite bidezko igorgailuak», dio Atariako arduradunak. Horri esker jakingo dute ikertzaileek Estitxuk Gibraltarko itsasartea gurutzatuko ote duen, zein herrialde zeharkatuko dituen eta «garrantzitsuena»: non geldituko den atseden hartzera. Izan ere, datu horien bitartez, zikoinarentzako gune interesgarriak babestu ahal izango dituzte, espeziea bera bizirik mantentzeko.

Zikoina bakarrarekin egingo dute ikerketa, erabilitako metodoa «oso garestia» baita. Hala ere, espero dute teknologien garapenarekin eta erabileraren hazkundearekin batera, horien prezioak behera egitea.

Hegaztien migrazio ohiturak ezagutzeko bidean, beste zenbait sistema garatu dituzte. Horietako bat da geodetektagailuen erabilera. Izan ere, Ramon Elosegik azaldu du satelite bidezko igorgailuak «astunak» izan daitezkeela hazten ari diren txorientzat, eta detektagailuak «askoz arinagoak» dira. Baita merkeagoak ere. Argiaren arabera funtzionatzen dute. Txip digital batek hegaztiaren kokapenaren koordenadetan bihurtzen du argi hori. Urtebetera, gailua berreskuratzen saiatzen dira, nahiz eta askotan «zaila» izaten den, txoria harrapatu beharra dago eta. Salburuko hamar hegaztik daramate geodetektagailua soinean, eta, oraindik, bi baino eskuratzea ez dute lortu. Gailua esku artean dutenean, datuak interpretatzeko ordua heltzen da.

Arinagoak eta merkeagoak

Duela bi urte hasi ziren Gasteizko Ataria zentroan geodetektagailuak erabiltzen. Elosegik dionez, aparatuak gero eta arinagoak, zehatzagoak eta merkeagoak dira. Migrazioaren ikerketa osatzeko informazioa eskuratzeko «oso lagungarriak» direla azpimarratu du teknikariak, nahiz eta seinale bidezkoak bezain zehatzak ez izan.

Elosegik eta Belamendiak, biek nabarmendu dute zientziaren dibulgazioaren garrantzia. Hiriburu berdearen izendapenak «asko» lagundu die, baina esan dute lanean jarraituko dutela zientzia gizartera zabaltzeko. «Ezinbestekoa da bizi garen ingurua ondo ezagutzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.