Errefuxiatuen egoera salatzeko, karabana bat prestatzea bururatu zitzaien Gasteiz Irekia eta Arabako Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformei.2016ko uztailean, bost autobus abiatu ziren Greziara, ia 300 lagun, Europa gurutzatzera. Txefo Mendez (Badajoz, Espainia, 1962) fotokazetariak garbi zeukan hasieratik zein zen egin zezakeen ekarpen onena: argazkiak hartzea eta bidaia grabatzea. Eduki horiek pilatuta osatu du Caravana a Grecia, Abriendo fronteras dokumentala (Greziara karabana, mugak zabaltzen). Gaur emango dute, Gasteizko Orbain kultur elkartean, 19:30ean.
11 eguneko bidaia egin zenuten: gertaera asko jazoko ziren. Zerekin osatu duzu dokumentala?
Egin genituen ekintza, borroka eta protesta guztiekin osatu dut, baina ez Greziako gertaerekin soilik. Gasteiztik irten ginen, eta Europa hegoaldea gurutzatu genuen. Frantzia, Italia eta Greziako pertsonekin egon ginen, aktibismoaren bidez sortu den sarea aprobetxatuz.
Zer da sare hori?
Gobernuen erabakiekin ados ez dauden europarren sarea da. Altxatu direnek osatu dute: agintariek herriari kasurik egin gabe sinatu dituzten akordioen aurka altxatu direnek.
11 egun errefuxiatuen alde borrokan. Emozioek ere izango zuten zeresana. Graba al daiteke zati emozional hori?
Bai. Argazkiak atera nituen, grabatu egin nuen, eta liburu bat idatzi dut esperientziari buruz. Nolabait, hainbat ikuspegitan banatu dut bidaia: lan politikoa bildu dut dokumentalean, argazki erreportaje bat osatu dut, eta liburuan bizipenak batu ditut; hau da, sortu zen talde giroa eta egunerokoa.
Elkarren osagarriak dira orduan hiru lanak?
Bai. Hirurak ikusita ondo uler daiteke egin genuen bidaia. Gainera, zirrara bat sor dezake ikuslearengan; hots, hurrengo autobusean parte hartzeko gogoa.
Zirrara sortzea al da dokumentalaren helburua?
Alde batetik, bai. Dokumentala orain egin izana kolokan jar daiteke, bidaia duela urtebete egin genuelako. Baina giroa berotu nahi dugu, autobus bat prestatzen gabiltzalako. Melillara joango gara aurten, uztailean.
Bidaia bost autobusek egin zenuten, ia 300 lagunek. Ez da makala...
Iazko bidaia presaka prestatu genuen, hilabete eta erdian. Hala ere, ia 300 lagun batu ginen. Aurten, prestatzeko denbora gehiago daukagu. Jende gehiago batuko dela uste dugu.
Europa hegoaldeko gizartearekin egon zinetela aipatu duzu. Zein da haien iritzia errefuxiatuen inguruan?
Errefuxiatuen garaiarekin, europarrek ere eskuin muturraren arriskua nabari dutela kontrastatu genuen. Hazten ari da eskuin muturra, eta aurre egin behar zaio.
Europarren iritzia nabarmendu duzu, baina zein da euskal gizartearen iritzia?
Euskal gizartea lau haizeetara dabil zabaltzen harrera herri bat dela. Hamaika talde daude lan egiten errefuxiatuen eskubideen alde. Antolatutako herri bat gara horri erantzuteko: giza laguntza bermatzen, elkartasuna adierazten eta egoera salatzen gabiltza. Nork bere txokoa aurki dezake gai honetan.
Greziara iristea zen karabanaren helburua. Nolako harrera egin zizueten greziarrek?
Harrera ederra: muga gurutzatu orduko, Polizia zain geneukan. Esan ziguten babestu egin nahi gintuztela. Jarraitu egin ziguten .
Makina bat gorabehera izan zenituzten, hala ere, Poliziarekin.
Idomeni [Grezia] bisitatu nahi genuen, baina ez ziguten utzi. Toki enblematikoa da Idomeni, Mazedoniara pasatu nahi zuten migratzaileek han kanpatu zutelako. Beste kanpaleku batean, poliziek eraso egin ziguten.
Nola bizi dute greziarrek egoera?
Gizartea oso bereizita dago, aurrez aurre jarrita eta oso egoera ekonomiko zailean. Baina erantzuten eta borrokan dabilen herri bat da. Migrazioaren arazoaren aurrean, bakarrik utzi dute Grezia. 62.000 lagun daude harrapatuta errefuxiatu kanpamentuetan Grezian.
ATZEKOZ AURRERA. Txefo Mendez. Fotokazetaria
«Migrazioaren aurrean bakarrik utzi dute Grezia»
Errefuxiatuen egoera salatzeko Gasteiztik Greziara joandako karabanan parte hartu zuen Mendezek. Europa gurutzatu zuten Greziaraino. Dokumental bat prestatu du bidaiako edukiekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu