Arrazoi asko egon daitezke bidaiatzeko. Batzuek ihes egiteko egiten dute maleta, eta norbere lekua bilatzeko euren bizilekutik alde egiten dutenak ere badaude. Mikel Esseryk ere bazituen bere arrazoiak. Pertsonengana gerturatu eta kultur aniztasuna ezagutzeko zuen irrika dute gogoan ingurukoek, batez ere. Orain dela lau urte hil zuten Essery, Yemenen, atentatu batean, beste bederatzi lagunekin batera. Haren oroimenez, bidaien kontakizun lehiaketa antolatzen dute geroztik. Lili Villanueva izan da aurtengo irabazlea, Iranen gertatzen den La llave del paraíso lanarekin. Lehiaketara aurkeztu diren hemeretzi istoriorekin Mambo Poa 3 izeneko liburua ere argitaratu dute, gainera.
Esseryren bidaia filosofiarekin bat egiten duten lanak saritzen dituzte lehiaketan. Epaimahaiak ondorengo arrazoiak eman ditu irabazlea izendatzekorakoan: «Gertakari eta anekdota txikiekin islamiar gizartearen ikuspegi orokorra azaleratzen du istorioak. Eta hango biztanleen bidez ikuspegi bizi eta berezi bat ere erakusten du, gainera». Iranen girotutako kontakizun bat idatzi du Villanuevak, gaztelaniaz. Argentinarra da bera, eta gutun bidez eskertu du saria. «Bidaiariaren alaitasunik handienak bidaiatzea, mugak pasatzea, bestearen lekuan jartzen jakitea eta mundu ezberdinak gerturatzea dira. Baina idazten ari zarela bidaia berriz gogoratzeak ere poza ematen du», idatzi du bidalitako gutunean. Villanueva arkitekturan doktorea da, eta Moskun prentsa berriemailea izan zen. Asia Erdian, Kaukason eta Iranen hainbat bidaia egin ditu tesia idazteko. Banoa bidai agentziak eskainitako bidaia bat irabazi du Villanuevak —Esseryk sortu zuen agentzia—.
Hainbat jatorritako lanak
Jasotako lanen aniztasuna azpimarratu dute lehiaketaren antolatzaileek. 86 kontakizun iritsi zaizkie guztira, lau hizkuntzatan: 76 gaztelaniaz, zazpi euskaraz, hiru ingelesez eta bat katalanez. Munduko txoko askotako pertsonek parte hartu dute, gainera, eta aniztasuna egon da istorioak kokatzerako orduan ere. Horrela, Leitzaran, India, Kuba eta Peru bisitatu ahal izan dituzte epaimahaikideek orriak irakurri ahala. Horretaz gain, aurretik bestelako lehiaketetan parte hartutakoen nahiz hasiberrien lanak begiztatu dituzte.
Edonola ere, parte hartzaile guztien ahalegina eskertu duten arren, bat nabarmendu nahi izan dute, bereziki, antolatzaileek: Maria Esther Gilio. Abokatu eta kazetaria izan zen, eta Uruguaiko diktaduran preso politikoak defendatzen jardun zuen. Bazuen esperientzia idazten; Casa de las Americas saria irabazitakoa baitzen. «Ia 90 urte zituen, eta lanean, bidaiatzen eta idazten jarraitzen zuen oraindik». Udan hil zen Gilio, eta haren kontakizuna Mambo Poa3 liburuan sartu dute.
Aurkeztutako lanen hautaketa bat eginda osatu dute liburua, hemeretzi istoriorekin, eta 10 euroren truke eros daiteke liburua. Horretan ere Esseyren bidaiatzeko ikuspegi bera partekatzen duten kontakizunei eman diete lehentasuna. «Besteenganako eta bestearekiko enpatian sakontzen» dutenak eta bizitzaren esperientziatik abiatuta planetako beste «errealitate sozial eta kulturaletara» hurbiltzen direnak aukeratu dituzte.
Mambo Poa 3 liburuan ageri den kontakizunetako bat Agurtzane Belauntzaranena da. Afrika beltzean, Malawin eta Mozambiken hango garraiobideak erabiliz egindako bidaiako bizipenak kontatzen ditu euskaraz Belauntzaranek: «Bidaiatzean beti izaten da denbora zure alde, eta ohitura dut egunerokoa idazteko. Gero gogoratzeko balio izaten dit, gainera».
Koldo Leintzen istorioa ere irakur daiteke liburuan. Varanasin (India) dago girotuta. Berraragitzearen gurpiletik askatzeko aukera izaten dute hiri horretan errausten direnek, eta hindu guztien desioa horixe dela azaldu du Leintzek. «Indian behin baino gehiagotan izana naiz. Varanasin heriotza oso presente dago egunero, eta gauza naturaltzat hartzen dute. Gu horrek beldurtu egiten gaitu, baina, aldi berean, erakarri ere bai», azaldu du Leintzek.
Hurrengo urtean, laugarrena
Urteberri egunarekin irekiko da hurrengo urteko lehiaketarako —laugarren aldia izango du— lanak aurkezteko epea. Maiatzaren 1a arte bidali ahal izango dira kontakizunak [email protected] helbidera. Baldintzak eta oinarriak, berriz, www.mikelmunduan.net webgunean ageri dira. Aurtengo irabazlearen eta finalera iritsitakoen kontakizunak ere bertan daude eskuragarri.
Mikel Esseryren bidaia ikuskera Irango lurretan
Lili Villanuevak irabazi du Mikel Esseryren omenez antolatutako bidaia kontakizunen hirugarren lehiaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu