Gaur hasiko da 21. Donosti Cup futbol txapelketa. Aurten, marka ugari hautsi ditu txapelketak. Izan ere, 5 kontinenteetako 27 herrialdetako taldeak etorriko dira, inoiz baino gehiago; sekula baino talde gehiago izango dira: 392; inoiz baino euskal talde gehiagok hartuko dute parte, 250ek; inoiz baino jokalari gehiago arituko dira futbolean, 7.500; eta inoiz baino emakume talde gehiago izango dira, 78 talde, hain zuzen. Marka horiek guztiak hautsita, Donosti Cup, dagoeneko, Europako laugarren futbol txapelketa garrantzitsuena da.
Aurten ere protagonismo handia izango du Donosti Cup In the World ekimenak. Duela 15 urtetik hona, hainbat herrialdetako baliabiderik gabeko hainbat talderen partaidetza errazten du. Joan den urtean, Boliviako ama talde batek hartu zuen parte. Aurten, talde hauetako umeak etorriko dira: Olimpico Alsader, taldeko asko Irakeko gerraren ondorioz umezurtz geratutakoak; Tacuba El Salvador taldekoak, orain dela urte batzuk lurrikara baten biktima izan ziren umeak; Real Sociedad taldeak antolatutako txapelketa batean txapeldun izateari esker, Donosti Cupera etortzeko aukera izan dute. Txernobyl elkarteko umeak, Ukraina eta Gipuzkoako haurrek osatzen dute taldea; eta azkenik, Mendebaldeko Sahara taldeko umeak. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, ekimenaren lana azpimarratuz hauxe esan du: «Berez egin ezingo luketena egiteko aukera ematen die Donosti Cupek».
Gaur, kanpoko taldeei harrera egingo zaie, Anoetan. Ondoren, Txuri-Urdin izotz jauregian Espainia eta Italiaren arteko Eurokopako finala ikusiko dute pantaila handian, 20:45ean hasita.
Bihar hasiko dira lehen faseko partidak. Gaualdean, Anoetara joango dira parte hartzaile guztiak, eta argazki ofiziala aterako dute. Ondoren, txapelketaren inaugurazio ekitaldia ospatuko da. Helduek, joan nahi izanez gero, bi euro ordaindu beharko dituzte.
Lehenengo faseko partidak hiru egunetan jokatuko dira, asteazkenera arte. Ostegunean, bigarren faseko kanporaketa partidak jokatuko dira. Ostiralean, futbol 11ko kontsolazio finalak (Hernani eta Puio) eta futbol 11ko bost multzotako finalak jokatuko dira. Azkenik, larunbatean, uztailaren zazpian, futbol 8ko finalak eta kontsolazio finalak, eta futbol 11ko beste 8 zortzi multzotako finalak jokatuko dira, denak, Anoetan. Azkenik, egunberean, agur ekitaldia egingo da.
Futbola bakarrik ez
Gaurtik ostiralera bitartean, futbolaz gain, ekitaldi ugari izango dira hiriburuan. Esate baterako, afaria antolatuko da 7.500 lagunentzako igande, astearte, asteazken eta ostegunean. Asteartean eta asteazkenean, Donostiako DJak arituko dira; eta ostegun gauerako, Donosti Cup Discoantolatu da, Izotz Jauregian. Bertan, karaokea, kontzertuak, DJak, askotariko ikuskizunak eta gehiagoz gozatu ahal izango da. Donosti Cupeko parte hartzaileek doan gozatuko dute jaialdiaz; kanpokoek, hiru euro ordaindu beharko dituzte.
Milaka futbolari gazte Donostian
Donosti Cup in the World-i esker, Txernobylgo, El Salvadorko eta Irakeko haurrak izango dira DonostianMarka ugari hautsi ditu 21. Donosti Cupek eta Europako laugarren garrantzitsuena da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu