Komunikazioa. Ekografiak

«Milesker deneri»

Aritz Galarraga.
2011ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Autokritika, lehenik: honekin jada 51 dira hasi nintzenetik idatzi ditudan Ekografiak, eta ez diot behar besteko tarterik eskaini Frantziako Estatuaren barneko euskal herritarren errealitateari. Aitzakiak izan daitezke bailara. Mugak, esaterako; muga pertsonalak, noski. Baina denak horixe izango lirateke, aitzakia. Besteak beste, etxeko leihotik ikusi beharko nukeena —etxe aurrean beste etxe bat ez balego, adibidez— Hendaia delako.

Hutsa zuzentzen hasteko nahiarekin, beraz, baliatuko dut France 3 Euskalherri saioak 19 urte bete dituela. Frantziako kate publikoak tokiko deskonexioak egin ditu Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherearentzat, azken 19 urteotan, astero, arratsero, 19:00etatik aurrera. Gehien ikusitako saioa omen da ordutegi horretan Ipar Euskal Herrian. Bejondeiola. Baina Allande Boutin eta gisako profesional errespetagarriak izan arren —ETBtik etorriak—, euskarari ez dio tarterik ñimiñoena eskaintzen. Hori bai, urtebetze saioan «milesker deneri» jator bat jaulki zuten, zer gutxiago. Beste bat da Euskal Herriaz ematen den irudia. Frantziako telebista publikoaz ari gara, bistan da, badakigu zer den Pays Basque maitea.

Ikuspuntu diferentea beharko luke Iparraldearen orena saioak. ETB1en 18:00etatik landa pasatzen dute albistegia, ez deskonexio gisa, baizik programazio arruntean. Eta nagusiki euskarazko saioa izan arren, kontzepzioan berean iruditzen zait makurra. Ez dut alde batera uzten asmoaren zintzoa: Ipar Euskal Herria guri, Hegoko benetako euskaldunoi, hurbiltzeko saioa. Baina benetan behin betiko lortzen du urruntzea. Zer zentzu ikusten diozue Gipuzkoaren ordua egiteari? Oren bat behar al du Ipar Euskal Herriak ETBn, edo eraginkorragoa litzateke bertako errealitatea egiturazko egitea? Kontzientzia garbitzeko ariketa gisa balio baitu bestela. Baina ez besterik. Gurasokeria esaten diote batzuek.

Bestelako maila batean, askoz ere interesgarriago iruditzen zait Kanaldude katearen planteamendua. Tokian tokiko berriak jasoz, Internet bidez ikus daiteke mundu zabalean. Eta horrela jarraitu genuen orain aste gutxi Miarritzeko Lurrama feria edo jarraitzen ditugu Euskal Herria Zuzenean jaialdiko kontzertu eta abarrekoak urtero. Hutsa zuzentzen hasi baino ez naizenez egin, izango dugu berriz Kanaldude hona ekartzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.