Eneko Olasagasti. Gidoilaria eta zuzendaria

«Militarrak gogoratzen dira beti, baina guk donostiarren ikuspegia eman nahi dugu»

1813an donostiarrek bizi izan zutena kontatzeko eta ulertzeko asmoz, 'Bezperak, eguna, biharamona' antzezlana eskainiko dute; hiritarren sufrimendua eta egindako lana erakusten saiatu da Olasagasti.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
2013ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Donostia Sutan 1813-2013 taldeak antolatuta, Bezperak, eguna, biharamona herri antzerkia eskainiko dute gaur gauean Konstituzio plazan, 23:00etan. Bigarren mendeurrena gogoratzeko ekitaldiz beteriko eguna borobilduko dute, hala, ordubeteko ikuskizunarekin. Dantza eta zuzeneko musikarekin uztartuko dute antzerkia, duela berrehun urte donostiarrek bizi izandakoa kontatzeko asmoarekin. Eneko Olasagastik (Donostia, 1960) idatzi du gidoia, eta zuzendari lanetan ere badabil. Ikuspuntua borrokatik eta militarrengandik aldendu, eta garai hartako herritarren mina eta sufrimendua islatu nahi izan du. Hilabetetako lanaren emaitza izango da gaurko emanaldia: «Pentsatzen dut harrera beroa izango dela».

Zer kontatuko duzue gaur gaueko antzezlanean?

Hiru zati ditu istorioak, izenburuak dioen bezala: bezpera, eguna, eta biharamuna. Lehenengo ekitaldian aurrekariak kontatuko ditugu, erasoaren aurreko bi hilabeteak. Garai hartako gizartea nolakoa zen kontatuko dugu, donostiarrak nola bizi ziren, eta nolakoa zen hiria. Erasoaren bezpera nolakoa izan zitekeen ere irudikatuko dugu, donostiarrak hiritik alde egiten saiatu zirenekoa. Horrez gain, emakume donostiar baten eta soldadu frantses baten arteko harremana irudikatzen saiatuko gara, Manuela eta Bernard, pentsatu nahian nolakoak izan zitezkeen halako harremanak.

Bigarren ekitaldian erasoa kontatuko duzue, orduan?

Bai, bigarren zatian erasoa, birrintzea eta sutea kontatuko ditugu. Horretarako ardatza 75 donostiarren lekukotasunak dira, 1813ko udazkenean epaile baten aurrean eginak. Bost aktorerekin kontatuko dugu erasoa. Hirugarren zatian, berriz, biharamona eta berreraikitzea nolakoak izan ziren kontatuko dugu. Erasoaren ondorengo lehendabiziko urteak, zenbat kosta zitzaion hiriari berriro bizia hartuz joatea. Hori kontatzeko, 1814an Trinitate kaleko kartzela zaharreko ziega batean klaseak ematen hasi zen emakume baten istorioa erabiliko dugu. Irudi horren bidez kontatuko dugu apur bat donostiarren lana.

Emakume bat izango da, hortaz, hirugarren zatiko ardatza. Kasualitatea da?

Hirugarren zatia ia-ia feminista da. Mutilek ere parte hartzen dute, baina protagonismoa emakumeek dute. Pentsatu behar dugu Donostian geratu ziren gehienak emakumeak zirela. Berreraikitzearen lan gehiena emakumeena izan zen, horregatik sartu dugu andereñoaren irudia. Santa Klararen irudia ere, emakumearena, bigarren planoan egongo da antzezlanaren lehen bi zatietan. Hirugarren zatian, ordea, uhartearen eta andereñoaren arteko elkarrizketa dramatizatua egingo dute, bertsoen bitartez.

Istorioaren narratzaileak hiriko lau mendi izango dira. Zergatik?

Aurkezle eta narratzaileak Urgull, Igeldo, Santa Klara eta Ulia izango dira. Urgullen rola Ramon Agirre aktoreak egingo du; Igeldo eta Ulia Beñat eta Unai Gaztelumendi izango dira, bertsolariak; eta, Santa Klararena Uxue Alberdi bertsolariak egingo du. Mendi horiek Donostiari begira egon dira beti, eta errekurtso egokia iruditu zait narratzaileak izatea; horrela, gainera, lau ikuspuntu ezberdin lortzen dira. Urgull, esaterako, oso sinbolikoa da: Donostia bere magalean duen mendia da. Hala, antzezlanean ikusle nagusia izango da. Ulia, berriz, soldaduengandik gertuen dagoena da. Igeldo, kaskarinena. Eta, Santa Klara, emakumea.

Antzezlanerako, taulaz gain, erabiliko al duzue Konstituzio plazako beste elementurik?

Balkoi pare bat erabiliko ditugu. Soldaduak, berriz, Bretxatik baletoz bezala sartuko dira plazara. Eta udaletxe zaharreko fatxada ere erabiliko dugu, eszenografia modura.

Zenbat jendek parte hartuko duzue?

Herritarrek egindako antzezlana da, eta parte hartzea oso handia da. Denetik dago: aktoreak, figurazio lana egiten dutenak, dantzariak, musikariak, abesbatza... Ehun bat lagunek parte hartuko dugu denera. Tartean, izen ezagunak ere badira. Esaterako, Asier Hernandez eta Amagoia Lauzirika aktoreak. Aiert Beobidek, berriz, dantza egingo du; txistua jotzen Piter Ansorena egongo da; eta, Iñaki Egaña historialaria Castaños jeneralaren rolean sartuko da.

Hortaz, ikuskizunak antzezlana baino osagai gehiago izango ditu?

Ordubeteko ikuskizuna izango da, eta, antzerkiaz gain, dantza eta musika izango dira. Musika zuzenean izango da, baina oso sinplea: txistua, danbolina eta atabala. Hiru dantza ere izango dira, bertsoa, kantua... Eta ikuskizuna abesbatzaren emanaldiarekin amaituko da.

Zerk egiten du berezi ikuskizuna?

Borroka eta militarrak gogoratzen dira beti. Guk, ordea, donostiarren ikuspegia eman nahi dugu. Gaur egungo donostiarren ikuspegitik, azken finean gu gaur egungo donostiarrak baikara, garai hartakoa kontatu, haien larruan jarri, eta ulertzen saiatu nahi dugu. Orduko herritarren sufrimendua, mina, gertatu zitzaiena... ulertu nahi dugu. Gaur egun ikusten ditugu gerrak telebistan, Siria dela edo besteren bat dela. Garai hartan, hori hemen gertatu zen, eta hor kokatzea da asmoa.

Zure lana zein izan da?

Gidoia nik idatzi nuen, eta orain zuzendari lanetan nabil. Eta koordinazio lanez ere arduratu naiz. Maiatzaren bukaeran hasi genituen entseguak. Hainbeste jendek parte hartzen duenez, zatika joan gara entseatzen. Gaur gauean dena batzea tokatzen da, eta ea nola ateratzen den.

Zein harrera espero duzue gauerako?

Pentsatzen dut harrera beroa izango dela. Jendea afalduta etorriko da, eguneko ekitaldi guztiak ere pasata egongo dira, eta pentsatzen dut festa giroan eta gustura egongo direla. Ez da oso luzea, gainera, eta ikusgarria izango da. Hori da, behintzat, gure asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.