ATZEKOZ AURRERA

Mineralak ezagutu eta aztertzen

Ikasle ugari bildu da Barakaldoko BECen, Fosminer fosil eta mineralen azokan, saltzaileei mineralen ezaugarrien inguruan eta horien propietateez galdezka; bihar arte izango da zabalik.

Ikasle bat, atzo, BECen bihar arte zabalik egongo den Fosminer azokan mineral bati argazkia ateratzen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Barakaldo
2016ko urriaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Barkatu, baina zein da salgai daukazun mineralik garestiena?». Horrela bota dio galdera haur batek erakusmahaiaren atzean dagoen saltzaileari. Azkar eman dio hark erantzuna: «Ez dakit. Baina zer axola du zenbat balio duen mineral batek ala besteak, ez baldin badakizkizu bereizten? Lehenengo, ikasi bereizten, hori baita ezeren gainetik garrantzitsuena». Ikasgelatik atera diren ikasleei irakaspena bota die hala saltzaileak, eta, horren ondoren, selenita edo malatxita mineralen bereizgarriak azaldu dizkie. «Gutxitan izaten dugu aukera mineralak bertatik bertara ikusteko, eta hau aukera ona da guretzat», esan du Maider Ordoñez ikasle bilbotarrak azalpena jaso ondoren. Horrela ibili dira beste ehunka ikasle Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia) jarrita dagoen Fosminer fosil eta mineralen azokan. Gaur eta bihar egongo da zabalik azoka, eta, ikasleentzat ez ezik, interesa duen ororentzat egongo da erakusgai.

«Euskal Herrian badaukagu mineralaren inguruko kultura, eta jendeari gustatu egiten zaio. Baina zaila da hortik bizitzea». Azokan jarri duen erakusmahai baten atzean dago Jesus Egilaz mineralzale gallartarra. Bilbon bi denda dauzka, eta, besteak beste, mineralak ere saltzen ditu. Gutxiago saltzen dela dio: «Esparru horretan zeuden denda guztiak itxi dituzte». Berak eutsi egin dio enbatari, eta horrela bere bizitzako pasioarekin jarraitu duela dio. «Gallartakoa [Bizkaia] izanda, afizioa txikitatik datorkit, meatzea gure etxe atariraino iristen baitzen; hainbeste, leherketak egiten zituztenean etxearen beste aldera joan behar izaten baikenuen babestera, etxe barrura harriren bat sartzen bazen ere».

Minerala etxe barrura sartzen zitzaion, eta gaur egun bera joaten da haien bila, utzitako meategi zaharretara eta kobetara. Horrela, Errioxa (Espainia), Gorliz, Gallarta, Bilbo eta Aralarrekomineralak batu ditu, besteak beste, eta horiek salgai jarri Fosminer azokan. «Bilketa lan hori egingo ez banu, ez luke zentzurik honek guztiak», dio. Gustuko ditu mineralak, eta gustuko du haien bila mendira joatea. Hitz egiten duenean sumatzen zaio pasio hori, eta, horregatik, inguratu zaizkion gaztetxo eta zaleei behar beste azalpen eman dizkie bertaratu bezain pronto.

Hain zuzen, gisa horretan ibili dira hainbat haur Barakaldoko erakustazokan, euren eguna izan baita. Sakelako telefonoa edo papera eta bolaluma eskuan zituztela, mineralen propietateak biltzen aritu dira. «Googlen inkesta gisako bat jarri digu biologiako irakasleak, eta azokan bueltaka gabiltza mineral bakoitza zein den asmatzen», azaldu du Victor Casanovak. Santoñatik (Kantabria, Espainia) etorri da Barakaldora bere ikaskideekin batera, eta esperientzia ontzat hartu du.

Nagore Rivera, Ander Gutierrez eta Naiara Ordoñez, ordea, Bilbotik etorri dira, eta papereko inkesta bat betetzen aritu dira. Plaka tektonikoen inguruko azalpenak jaso ondoren iritsi dira erakustazokara. «Horrela, beste modu batean ikusten dituzu mineralak». Atzera eta aurrera ibili dira paperean daukaten mineral zerrenda baten bila eta saltzaileei haien formula kimikoak galdetzen. «Baina saltzaile gehienek ez dakizkite mineralen formulak». Azokan dauden erakusle gehienak ez baitira geologoak, mineralzaleak baizik. «Zein formula duen ez dut jakingo, baina bereizten bai», esan du Egilazek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.