AGME Gipuzkoako Modelismo Estatiko Elkarteko kideak dira Josu Agirre (Donostia, 1960) eta Edorta Aizpurua (Hernani, Gipuzkoa, 1976). Modelismo estatikoa da, modeloak, maketak, mugitzen ez direlako. Campusa eta erakusketa antolatu dituzte biharko eta etziko Donostiako Mundaiz ikastetxean.
Ibilgailuak, itsasontziak... egiten dituzue. Erosi egiten dituzue haiek osatzeko piezak?
JOSU AGIRRE: Kasuen %80tan kit-ak, piezen multzoak, erosi egiten ditugu; kasuen %20tan piezak sortzen ditugu, planoetatik abiatuta.
Modeloen kitak erosi eta muntatu egiten dituzue. Baina modelismoa hori baino gehiago da.
AGIRRE: Urte asko daramatzazunean, kit komertzialen bertsioak egiten dituzu, piezak zerorrek sortuz. Piezen merkatu bat ere badago. Umea nintzenean, piezak egiten nituen garbigarriaren estalkiarekin.
Kita guztientzat berdina bada, margotzea da modelistak egiten duen ekarpen nagusietakoa?
AIZPURUA: Bai.
AGIRRE: Modelo asko zahartu egiten dira margoekin: erabileraren arrastoak margotzen zaizkie, itxura erreala eman, eta lan horrek ez du mugarik.
Informazio historikoa biltzen duzue? Dokumentatu egiten duzue?
EDORTA AIZPURUA: Dokumentatu egiten dugu. Nik horretan pasatzen dut denbora gehien.
AIZPURUA: Askotan denbora gehiago pasatzen duzu jakiten ibilgailu horrek zer egiten zuen, nola ibiltzen zen... margotzen baino.
Modeloetako asko gerretakoak dira. Gerrazaleak izatea leporatzen dizuete?
AGIRRE: Egia da. Gerrak lilura eragiten du, gaizkiak beti erakartzen du. Gainera, ibilgailu oso bereziak eta ederrak dira, oso erakargarriak.
AIZPURUA: Jende gehienak gerrarako tresnak baino ez ditu ikusten, baina guk haien funtzionamenduari buruz ikasten dugu, xehetasunak jakiten ditugu.
Zenbat pieza izan ditzakete?
AIZPURUA: Hamar bat pieza sinpleenak, 600 bat konplexuenak.
Jarraibideak argiak dira?
AGIRRE: 12 urteko haur batek lasai asko muntatu dezake kit komertzial arrunt bat.
Zenbat balio dute?
AGIRRE: Hegazkin sinple batek zortzi edo hamar euro; gerrako karro konplexu batek, zehaztasun askorekin, 60-70 euro.
Obsesiboak zarete?
AGIRRE: Agian pixka bat bai, ondo egin nahi dugulako.
AIZPURUA: Eta oso zorrotzak gara geure buruarekin.
Noraino iristen da zehaztasunarekiko obsesioa?
AGIRRE: Zehaztasuna nahi duzuneraino iristen da. Auto baten motorrean bujien kableak jar ditzakezu, gero hozte sistemaren mahukak... azken torlojura arte irits zaitezke.
Modeloak egin eta egin aritzen zarete. Pilatuko zaizkizue. Zer egiten duzue haiekin?
AIZPURUA: Normalean senideei oparitzen dizkiet urtebetetzeetan. Hor dagoen Renault 4a aitaginarrebari oparituko diot, berak oraindik ez badaki ere.
Zer esaten dizuete etxean?
AIZPURUA: 'Beste bat?', galdetzen dute.
Frikitzat hartzen zaituztete zer egiten duzuen azaltzen duzuenean?
AZIPURUA: Helduek esan ohi digute meritu handia dugula; gazteagoek, ordea, friki deitzen digute. Frikia naiz tabernan egon beharrean modeloak egiteagatik? Informatikaz, elektronikaz... dakigu. Ez gara frikiak, modeloak egiten ditugu.
Modeloak egiteak kontzentrazioa hobetzen du, eskulanetan trebatzen du... Medikuek agindu beharko lukete?
AGIRRE: Bai. Maketak egiteko xehetasunak zaindu behar dira, eskuak landu, irakurri, ikertu, piezak egin... Pentsatu egin behar da.
AIZPURUA: Batzuetan terapeutikoa da.
Badira faszikuluka saltzen dituzten maketak. Onak dira zaletasuna bultzatzeko?
AGIRRE: Astebete pasatu behar duzu piezen zain, eta, gainera, piezak ez dira etortzen muntatzeko behar duzun ordenan. Maketak egin nahi izanez gero, hobe da kit oso bat erostea.
ATZEKOZ AURRERA. Josu Agirre eta Edorta Aizpurua. AGME modelismo elkarteko kideak
«Modeloetako zehaztasuna nahi duzuneraino iristen da»
Modeloak egiten dituzte: ibilgailu zibilen, gerretakoen edo zientzia fikziozkoen erreprodukzioak, eskalan, xehetasun handiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu