Mokaduak olatuen apar artean

Surfa eta gastromia uztartzen ditu 'Gastrologging' filmak. Zarauztar talde batek grabatu du, lagun giroan; Donostiako Surfilm jaialdian aurkeztu dute berriki, eta jendearen artean oso harrera ona izan du.

Gastrologging filma Zarauzko surflari batzuen ekimenez sortu da, lagun artean. MIKEL YEROBI.
Ilargi Agirre.
2012ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Jendea plazeren bulkadez mugitzen da askotan. Bakoitzak bereak ditu, eta, maiz, ulertezinak izaten dira ingurukoentzat. Ion Izagirrek argi dauka zeintzuk diren bereak; surfa eta gastronomia ditu zaletasun, eta horiek ematen diote bizipoza. Bi jarduera horiek batu ditu Gastrolloging filmean. Olatuak hartzeaz harago, lekuan lekuko kultura gastronomikoari erreparatzen zaio lanean. Donostiako Surfilm festibalean eman berri dute Gastrolloging.

«Surfeko irudiez gain, gure kultura erakutsi nahi genuen, eta, horretarako, gastronomia landu dugu», azaldu du Ion Izagirrek. Zarauztar surflari talde batek egin du filma, lagun artean. Izagirre izan da zuzendaria, Aitor Molina zuzendari artistikoa eta Mikel Ierobi arduratu da edizioaz eta grabaketaz.

Euskal Herriko surf esperientzia baten berri ematen du filmak, olatuak hartzeak dakartzan alderdi guztiekin: paisaiak, jendea... «Hemen ez dauzkagu munduko olaturik onenak, baina surflari asko etortzen da hona, inguruko faktore horiek erakarrita».

Sei paisaia, sei janari

Ordu erdiko iraupena du lanak, eta surferako sei leku erakusten ditu, bakoitza janari bati lotuta.Asturiasen hasten dute bidaia, olatuak sagardoarekin nahastuz. Bilbon jarraitzen dute, pintxoakjanez, eta gero, Debako Itziar auzoan, txuleta. Getarian, txipiroiak harrapatzera joaten dira, eta Donibane Lohizunen euskal pastelarekin hartzen dituzte indarrak. «Aizarnazabalgo Wave Gardeneko olatu artifiziala ere sartu dugu filmaren erdian. Zuri- beltzeko irudiak direnez, ordura arteko estetikarekin apurtzen dute».

Bi plazer dira filmeko ardatz, eta plazera izan da grabaketa bera ere. Gastronomiaren bidez,leku bakoitzeko berezitasunak erakutsi, eta bertako herritarrekin harremanetan egon dira. Surfean munduan puntan dabilen jendeak ere parte hartu du filmean. «Antoine del Pero munduko longboardeko txapelduna azaltzen da, eta Remi Arauzo Europakoa. Clovis Donizetti ospetsua ere bai», esan du Ierobik.

Inprobisazioa izan da filmaren ezaugarri nagusietako bat. Gidoia aldez aurretik askorik pentsatu gabe aritu dira. «Autoko bidaietan erabakitzen genuen zer egin. Askotan, grabatzen hasten ginenean, ez genekien nola amaituko genuen», adierazi du Izagirrek.

Zailtasunak ere izan dituzte filma ekoizteko bidean. Eguraldiaren eta itsasoaren menpe ibili behar izan dute beti. Eta bitxikeria franko izan dute. «Getariako irudiak grabatzeko, arrantzan atera ginen, eta ni zorabiatu egin nintzen», gogoratu du Ierobik.

Olatuen kalitateari ez diote berebiziko garrantzirik eman. «Askotariko surf oholekin mota guztietako olatuetan ibil daitekeela erakutsi nahi genuen». Musikak, berriz, areagotu egiten du irudi ikusgarrien indarra. Zarauzko Buffalo taldearen hainbat abesti berri sartu dituzte, zenbait lagunek asmatutako kantuekin batera.

Donostiako Surfilm festibalean aurkeztu dute filma, larunbatean Guardetxean egindako festa batean. «Esperientzia polita izan zen». Bi kideak gustura geratu dira lanaren emaitzarekin, etxean eginda dagoen arren, ukitu profesionala baitauka. Jendearen harrera ere oso ona izan dela diote.

Eta orain beste zinema jaialdi bat dute begiz jota. Munduko surf zinema jaialdirik garrantzitsuena New Yorken egiten da, eta hara joateko aukera izan dezaketela uste dute. Bitartean, Bartzelonan izango dira hurrena, ekainaren 13an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.