Pablo Sastre. Idazlea

«Momentu honetan, jendea herrigintzan eta auzolanean aritzeko prest ikusten dut»

'Gipuzkoa desberdin baten alde, jendarte eredua aldatu' egitasmoan parte hartuko du gaur Sastrek, Donostian. Hiri sistemaz hitz egingo du, eta sistema horrek azken urteetan izan dituen aldaketez.

IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
2012ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Hiri modernoaren sentimenduetan barneratu da Pablo Sastre idazlea (Madril, 1958) Gizajendearen ahitzea saiakeran. Liburua oinarritzat hartuta, hitzaldi bat emango du gaur Donostian, Groseko Kortxoenea gaztetxean, 19:00etan. Jendartearen ahitzea izenburupean, gaiaren ikuspegia aldatu eta «antolatzaileek jarritako izenetik abiatzen» saiatuko da.

Nondik eutsiko diozu gaur gaiari?

Liburuan asko erreparatu diot urte luzeetan ikusi dudan hainbat aldaketari. Ditugun mendekotasunetatik abiatzen nintzen gehienbat, baita sentimenduetatik ere: mina, zorionaren irrika, beldurra... Gaurko hitzaldian, sozializatu egingo dut hori. Azken hamarkadetan hirigintzan izan diren aldaketak, horiek zer ekarri duten, nola lehengo herriak hiri handi bateko auzo bihurtu diren... Oso zatikatuta eta isurian doaz gure bizitzak, eusteko puntu sendorik gabe.

Euskal Herriko gizarteak ba al du berezitasunik?

Hiri globalaren zati bat garela esango nuke; hala ere, Euskal Herriak baditu berezitasun ugari, herri handi bat ez izateagatik eta izan duen historiagatik. Momentu honetan, ikusten dut gauzak egiteko ilusioa dagoela, jendea herrigintzan eta auzolanean aritzeko prest dagoela. Ez dakit Europan gauza zabaldua ote den, baina hemen, behintzat, hala da, eta une honetan gehiago, beharbada, azken urteetako historia politikoagatik.

Politikak ez ezik, zerk baldintzatzen du jendea?

Niri, teknologia interesatzen zait bereziki. Erabiltzen dugun teknologiak asko baldintzatzen du gure bizimodua, baita gure sentimenduak ere. Teknologia itsu-itsuan erabiltzen dugu askotan, ohitu egiten gara, ontzat ematen dugu, eta goretsi ere egiten dugu, oso jakitun izan gabe gure bizitzan duen eraginaz.

Zertan aldatu da hiri sistema azken urteetan?

Herriak nortasun handiko unitate gisa ezabatu direla ikusi dut, nola elkartu diren asfaltoz eta hormigoiz. Horrek aldaketa handia ekarri du sentimenduen aldetik, eta askoz ere mendekotasun handiagoa dugu. Eskola hasieratik izan da nahiko errepresiboa gazte eta haurrekin, baina ikasleen gaineko presioa askoz ere handiagoa da orain. Lantegiei dagokienez, berriz, lehen elkartasuna posible zen lekuak desagertu egin dira. Espezializazio handia ekarri du automatizazioak eta informatizazioak, eta elkarrekiko interes txikiagoa dute.

Azpiegitura lan handiak gelditu! azpititulua eman diote egitasmoari. Zer lan geldiarazi beharko lirateke?

Elkarbizitza galarazten duten garapen proiektu guztiak izan daitezke baztergarriak. Gauza bat da herritarren interesak zeintzuk diren, eta beste bat handikienak.

Zeren falta sumatzen duzu gaur egungo sisteman?

Atentziorik handiena eman didana minik eza da, axolagabetasuna. Batzuek esaten dute zoriontsu direla, zortea dutela bizi diren herrian bizita, baina nik sentitzen dut mundua bakarra dela, eta gertatzen diren gauza batzuekiko minik eza nabarmena da une honetan.

Hiri sistemak ondo funtziona dezan, zein da irtenbidea?

Egia da hiri hauek oso konponbide zaila dutela, baina ezagutzen ditugu ideia batzuk — batzarrena eta auzolanarena, esaterako—. Orain ikusi behar dugu horiek nola aplikatu gaur egungo hiri sisteman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.