Karlos Beloki. Artzaina

«Morroi txarra baino, txakur bat ona hobea mendiko bordan egoteko»

Artaldea hartu eta Aralarrera joan da. «Ni ondo nago mendian», dio Karlos Belokik. Gazta egitea du xede, ez edozein, Idiazabal jatorriko Mendiko gazta markakoa baizik.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2011ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Idiazabal jatorri izeneko Mendiko gazta marka Aralarko bi bordatan egiten da soilik. Iaz Gipuzkoako Foru Aldundiak ardiak jezteko instalazioak egokitu zituen han, gazta berezi hori ekoizteko. Horietako batean dago jadanik Karlos Beloki artzaina (Bedaio, Gipuzkoa, 1948).

Tarte luze baten lehenengo egunak besterik ez ditu eman bordan. Izan ere, urritik aurrera merkaturatuko den gazta prest izateko bi hilabete jo eta ke ariko da ardiak jezten eta gazta egiten. Ostean haiek ontzeko hilabeteak etorriko dira.

Iaz plazaratu zuten estreinakoz Mendiko gazta. Bi hilabetean bukatu ziren ekoitzitako 500 aleak. Aurten gehiago egin nahi dituzte. Belokiren nahiz Gerardo Garmendia Mozo zaldibitarraren eskuetatik aterako dira denak.

Zer prestakizun egin behar dira hainbeste hilabetean mendian igarotzeko?

Aurreko egun hauetan gauza dezente aurreratu ditugu. Semea eta alaba txabola prestatzen egon ziren nirekin batera, baita koinatua ere. Traste ugari eman zituzten, eta, hala ere, beti falta izaten dira gero. Gauza asko eramaten ditugu, baina gero konturatuko gara halakoa edo bestekoa falta dugula; betiko kontua izaten da hori.

Janari nahikoa igoko zenuen ba?

Andreak makina bat janari prestatu dit. Moldatuko naiz noski; ez dakit etxera joan gabe denbora bastante egoteko-edo izango ote zen, kar-kar.

Zenbat hilabete egongo zara ba etxera joan gabe?

Tarteka joaten naiz, ez pentsa. Gazta egiten bi hilabete emango ditut. Orduan ez naiz txabolatik asko mugituko. Iluntzean jezten ditugu ardiak. Esnea tankera doa, jezteko sistema automatikoa baitugu. Esnea hozten da han, eta goiza bitartean iraun egiten du freskotasunak, gauean hotza baitago. Gero goizean ardiak berriro jezten ditugu, eta bi otorduetako esneak bateratuta egiten ditugu gaztak.

Inor ikusi gabe emango dituzu orduan egun batzuk?

Tarteka jaisten naiz; izan ere, hilean bitan esne laginak laborategira eraman behar izaten ditugu. Gainera, gaztak goiz samar bukatuz gero, igual etxera joaten naiz noiz edo noiz. Andrea edo semea edo koinatua ere joaten zaizkit tarteka.

Askoren ahotsik entzun gabe bakea aurkitzen dela diote. Zer diozu zuk?

Asko gustatzen zait isiltasuna eta bakean egotea, baina tarteka etxera joanez gero. Egia da ordu asko egoten garela bakarrik, baina niri gustatu egiten zait.

Artzaina izango ez bazina, zer?

Begira, ni probatuta nago obra zer den, igeltseroa bainaiz. Paper fabrikan ere egin nuen lan, eta ardiekin ibiltzen naiz gustuen.

Zergatik da berezia Mendiko gazta, zure eskuek egiten duten hori?

Hasteko, mendiko larrea udaberrian oso aberatsa da, belar berri hori oso ona da, indar asko dauka. Gustu berezia ematen dio esneari, eta, ondorioz, gaztari. Grasa asko dauka, eta gazta kantitate berdina egiteko esne gutxiago behar da. Krematsuagoa ateratzen da gazta nahi gabe.

Aralarko zein parajetan izaten dira zure ardiak bazkan?

Arritzaga bordan izaten naiz ni, Amezketa aldean. Ardiak meategiak pasata pare bat kilometrora dauden belardietan izan ditut.

Zenbat buru dituzu?

350 buruko artaldea daukat, baina oraingoz 200 bat igo ditut. Hemendik egun batzuetara igoko ditut besteak.

Bi hilabetean zenbat gazta aterako dira?

Iaz gazta handiak egin genituen, bi kilo ingurukoak. Hilabetean 300 bat atera ziren. Aurten, bi hilabetean kopuru hori bikoiztea nahiko nuke. 1,7 edo 1,8 kilokoak ateratzen dira azkenean, beti galtzen dutelako zerbait. Aurten txikiagoak ere egiteko asmoa daukat, 1,2 kilokoak edo.

Zenbat txakurren laguntza duzu?

Hiru txakur dauzkat. Bi oso onak dauzkat, bastante ondo aritzen direnak. Badakizu nola den hori: morroi txarra baino, txakur bat ona hobea mendiko bordan egoteko. Konpainia ederra egiten dute haiek. Irratia ere badut bestela, telebistarik ez. Eta telefonoa seinalea dagoenean bakarrik; txoko jakin batzuetan, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.