Igande honetan, aita-amabitxiek euren besoetako haurrei morrokoteak oparituko dizkiete Gorbeialdeko zenbait herritan. Morrokotea opil bat da, baina berezi samarra, erdian arrautza bat eduki ohi duelako. Antzinako kulturetan arrautzak jaiotza, ugalkortasuna eta pizkundea irudikatzen zuen, eta, kasu honetan, kristauen artean Jesu Kristoren pizkundea sinbolizatzen duela uste da. Edozein modutan, garbi geratzen da aita-amabitxien eta haur besoetakoen arteko harremana irudikatzen duela, eta bataioarekin zerikusia duela.
Pazkoetan arrautza oparitzea munduko hainbat herrialdetan irauten duen ohitura bat da. Esate baterako, Ingalaterran, AEBetan eta Europa erdialdean bizirik dago usadioa. Gerturago etorriz, Katalunian ohikoa da aita-amabitxiek haur besoetakoei txokolatezko arrautzak oparitzea.
Morrokotearen usadioa garai batean zabalduta zegoen, baina orain zenbait udalerritan egiten da bakarrik. Bizkaiko Gorbeialdearen inguruan ohitura hau ez da galdu oraindik, ezta galdu nahi ere. Horregatik, inguruko okindegietan morrokoteak jarriko dira salgai, aita-amabitxiek euren haur besoetakoekin usadio zahar hori berritu dezaten.
Asteburuko proposamenak
'Morrokoteak', haur besoetakoentzat
GorbeialdeaAita-amabitxiek euren haur besoetakoei 'morrokoteak' emango dizkiete Pazko igandean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu